Joseba M. Garmendia Albarracin
Ekonomialaria

Ekoizpen-akatsak

Alemaniatik berri kezkagarriak datoz azkenaldian. Aldagai makroekonomikoen bilakaerak baino, arreta erakartzen dute punta-puntako enpresa batzuen aparteko gertaera batzuek, bertako ekonomiaz dugun irudiarekin bat ez datozen neurrian. Izan ere, ekoizpen-akats tekniko larriak daude tartean, doitasun teutoiaren ideia apurtzen dutenak. Akats horiek areagotzen ari ote diren eta atzean ze faktore egon daitezkeen hausnartzera ekarri gaitu horrek.

2023aren amaieran, Siemens Energyk 10 aldiz biderkatu zituen galerak, ia 5.000 milioi eurora iritsi arte, Siemens Gamesa filialean egindako kudeaketaren ondorioz. Volkswagenek Alemanian bertan fabrikak ixteko asmoa du, kostuak murriztearren. Aste honetan, BMWk beherakada handiak izan ditu burtsan; iaz mozkinak % 27 murriztu zituela kontuan hartuta egoera korapilatzen ari zaionaren seinale.

Deigarriak dira kasu horietan egoera ekonomiko eta finantzarioaren narriaduraren arrazoiak. Gerraren ohiko argudioak ez baitira egokienak, eta bai, aldiz, ekoizpen zein hornidura-kateen kudeaketako eta eragiketetako hainbat hutsune.

Siemens Gamesak arazoak antzeman zituen lurreko turbina eolikoen 4.X eta 5.X modeloetan. Zehazki, turbina eoliko horien armazoiaren pieza nagusi bat mugitu edo okertu egin daiteke denborarekin, eta horrek beste osagai kritiko batzuk kaltetu ditzake. Gaur egun, 4.X modeloaren 2.100 errota inguru daude martxan, eta 800 5.X modeloarenak. Horietatik % 15 - % 30-ek arazoak izango lituzkete. Aski frogatu gabeko turbina eolikoak saldu zituztela aitortu dute. Arazoari irtenbidea emateko instalatutako aerosorgailu guztiak berregokitu eta konpondu beharko dira, piezak edota palak ordeztuz. Konponketa 1.600 milioi euro ingurukoa izango dela kalkulatu dute.

Volkswagenek aitortu du arazoak dituela ibilgailu elektrikoen merkatuan modelo estatubatuar eta txinatarrekin lehiatzeko. Horrek ahultasunak islatzen ditu kostuen egituran, balio katean eta dinamismo berritzailean. Berez, sektoreko bost talde europar handienen kasuan (BMW, Mercedes-Benz, Stellantis, Renault eta Volkswagen), fabrikazio lantegi handienen heren bat ahalmenaren azpitik dabil eta munta ditzaketen ibilgailuen erdiak baino gutxiago ekoizten dituzte. Horren arrazoia da, neurri batean, Europako merkatuan berandu egin dela eredu elektriko hutsen aldeko apustua. Gainera, merkatuak ez ditu pandemiaren aurreko matrikulazio-mailak berreskuratu. Izan ere, Osborne efektua pairatzen egon daiteke; hau da, teknologia berritzaile bat (ibilgailu elektrikoa) pixkanaka aurreratzen ari denez, teknologia helduen erosketak (konbustio-ibilgailua) ahuldu egiten dira, azken hauek epe erdi batean zaharkituta gera daitezkeela uste delako. Teknologia bat merkatuan aireratzear eta beste teknologia uzkurtuta dagoen bitartean, eskari apaleko trantsizioa sortzen da teknologia berriak merkatuan gailendu arte.

Azkenik, BMWk akats bat atzeman du balazta sisteman, Alemaniako hornitzaile batek, Continentalek, emandako osagai elektroniko batek eraginda. Kalkuluen arabera, 1,5 milioi ibilgailu daude kaltetuta. Horietatik 1,2 milioi inguru bezeroen esku daude, berraztertuak izan beharko direnak; eta gainerako 320.000 ibilgailuak ezin dira saldu, konpondu bitartean.

Ez da ezer berria produktuaren akats teknikoek enpresari galera handiak eragin izana. 2014an General Motorsi pizte bobinarekin izandako arazoek 1.500 milioi dolarretik gorako isunak eta galerak eragin zizkioten. 2019tik, Boeingek milioi askoko erreklamazioak jasaten ditu fabrikazio desegokiagatik eta istripu hilgarriengatik, batez ere 737 MAX modeloan, eta 31.900 milioiko galera operatiboak ditu metatuta. Toyotari balaztekin edo airbagekin izandako arazoek hainbat milioi unitate merkatutik ateratzea eta berraztertzea eragin diote 2000ko hamarkadatik, eta 2.000 milioitik gorako galerak izan ditu. 2015ean “Dieselgate” auzia lehertu zen, Volkswageni eragin ziona batez ere, eta 2020ko ekainerako jada 33.300 milioi kostatu zitzaion isunetan, kalte-ordainetan, finantza-akordioetan eta berrerosketa-kostuetan. Galaxy Note 7 modeloko bateria leherkorrek 5.000 milioi inguruko kostua izan zuten Samsungentzat 2017an.

Azterketa enpiriko eta zehatzik egin ez den arren, pentsatzekoa da azken hiru hamarkadatan gora egin duela beren produktuetan akats teknikoek eragindako galera handiak izan dituzten enpresen kopuruak, aurreko hamarraldiekin alderatuta. Aspaldian kasu aipagarriak izan baziren ere, hala nola Union Carbidek 1984an Bhopalen izandako gas-ihesa edo 1986an Txernobylgo zentral nuklearrarena, finantza-ondorio hain sakonak zituzten eskala handiko akats teknikoak ez ziren hain ohikoak. Bilakaera hori sostengatzen duten argudioen artean, konplexutasun teknologiko handiagoa dago, akats teknikoak gertatzeko arriskua areagotzen duelako. Merkatuen nazioarteratzeak bestelako kalteak biderka ditzake. Gainera, kontsumitzaileen babeserako arauak zorrotzagoak bihurtu dira, eta horrek isunak eta akats teknikoekin lotutako kostuak areagotu ditzake.

Beste plano batean, interesgarria litzateke finantzaketak enpresa-kudeaketan eta, bereziki, produkzio-prozesuetan duen eraginean sakontzea. Finantzaketaren ondorioz, finantza-jarduerak eta akziodunentzako balioa maximizatzea lehentasun nagusi bihurtzen da enpresentzat, sarritan beste kontsiderazio batzuen gainetik, hala nola eragiketetan inbertitzea edo produktuaren kalitatea. Ondorioz, manufakturan akats teknikoak ugaritu daitezke, kostuak murrizteari eta epe laburreko irabaziak maximizatzeari lehentasuna emateak kalitatean, mantentze-lanetan eta segurtasunean inbertitzeari kaltea eragiten baitio.

Azken fenomeno horri buruzko azterketak alderdi makroekonomikoan zentratu izan dira, hala nola finantza-merkatu eta -eragileek tokiko edo nazioarteko ekonomietan duten eragin gero eta handiagoan. Hori dela eta, kasu-azterketa enpiriko gehiago behar da enpresen maila mikroan, abantaila lehiakorrean eragiten duen kaltearen tamaina ezagutzeko.

Bilatu