Josune Gorospe
EAJko Legebiltzarkidea

Ekonomia gizatiarragoa aldarrikatzeko aukera

«Ekonomia gizatiarragoa, pertsonengan zentratutakoa, posible da eta borondate politikoa badugu, egin ahal dugu gainera. Hori da nire konpromiso nagusia Eusko Jaurlaritzaren Lehendakari gisa».

Lehendakariak Bilbon egiten ari den Goi Mailako Bilera ekonomikoan esandako hitzak dira. Europaren aldetik konpromiso hirukoitza eskatu du. Bata, benetako apustu eraginkorra egiteko ekonomia suspertzeko politiken alde. Bestea, finantza erakundeek jasotako diru-laguntzen zati bat itzuli dezatela ekonomia berpizteko. Eta hirugarrena, «gazte bermearen» programarekin, gazteei enplegu aukera berriak eskaintzea. Merezi izan du Urkulluk Goi Bilera Ekonomikoan parte-hartzea, batetik bere karguari dagokiolako eta bestetik Lehendakariak bertan esandako berbengatik.

Goi bilera honetan parte hartuko duten erakunde batzuei dagokionez, EAJren iritzia eta jarrera argi geratu ziren Eusko Legebiltzarrak iaz egindako bilkuran, Munduko Bankuari eta Nazioarteko Diru Funtsari buruzko eztabaidan. Nazioarteko erakunde finantzarioak eraldatzea eta demokratizatzea, ekonomia aurrerapen sozialaren zerbitzuan egotea eta ez merkatuen interesen menpe eskatu genuen. Baita bereziki Nazioarteko Diru Funtsari eta Munduko Bankuari, beren politikak diseinatzean oinarrizko irizpidetzat har dezatela giza duintasuna eta justizia soziala errespetatzea; eta beren baliabide guztiak bideratu ditzatela Nazio Batuen Erakundeak bultzatutako Milurteko Garapenerako Helburuak betetzera. Hori da, Euzko Abertzaleak Legebiltzar Taldearen jarrera.

Lehendakariak Legebiltzarrean egindako interpelazio batean argi utzi zituen bere arrazoiak Bilbon egindako goi bilera ekonomikoan parte hartzeko. Hiru helburu zehaztu eta azaldu zituen: harrera egitea, entzutea eta partekatzea.

Harrera egiteari dagokionez, edozein herrirentzat mota honetako bilerak antolatzea erronka bat da. Bai honek, bai Euskadin antolatzen diren hainbat eta hainbatek nazioarteko izaera dute eta horrek, Euskadiren izena munduan kokatzeko laguntzen du. Ekimen ezberdinetara irekita dagoen herria gara, gaitasuna daukagu jarduera ezberdinak antolatzeko, gure instituzioen ardura dutenek erantzukizunez dihardute euren lanean, besteak beste, gugana datozen pertsona eta erakundeak ondo hartzerakoan. Eta arduradunentzat Lehendakaria, Euskadiko lehenengo autoritatea, eredu izan behar da. Horrek ez du zertan agertu behar datozenek egin edo ordezkatzen dutenekin bat egiten duenik.

Entzutea aipatu zuen helburuen artean. Apaltasunez gehiago ikasteko gogoa agertzea ona dela argi daukala esaten zigun Lehendakariak. Ez dago geure pentsaera aberasterik beste batzuen iritzi, ideia eta jarrerak entzuten eta kontutan hartzen ez baditugu. Aurreiritziak ekiditea guztiz beharrezkoa da. Ez gara gor agertu behar elkarrekin berba egitera gonbidatzen gaituenekin. Ez ditugu baztertu behar besteen iritziak gure gustukoak ez izateagatik. Bai gai honetan, bai beste guztietan, berba egiteko eta entzuteko prest gaude beti.

Eta hirugarren helburua partekatzea. Herri txikia gara aliatuak behar ditugu bidea egiteko. EAJren berezko jarrera badakizue ondotxo be zein den: akordioak bilatzea ekiteko. Ez egon ezertara itxita aurrera egiteko. Aukerak behar ditugu horretarako. Ez dugu bakar bat galdu behar, denak behar ditugu. Oportunitateak behar ditugu garapen ekonomikorako, enplegua sortzeko, aberastasuna lortzeko. Batzuek agian pentsatuko dute pankarta atzean oihukatzen egonda aukerak sortuko direla. Baina ez, hori ez da gertatzen. Aukeren bila irten behar da. Pankartan egunero egoteak ez dakar ezer. Egunero lanean egon behar da.

Bestalde, bilera ekonomiko hau aukera bat izan da ‘Euskadi eredua¸ aurkezteko eta ekonomia gizatiarragoa behar dugula eta posible dela aldarrikatzeko. Geure eredu propioa aldarrikatzeko. EAJn argi daukagu gure eredua zein den: orain arte 35 urtetan euskal erakunde publikoetan bultzatu duguna eta emaitzen arabera, egokia agertu dena. Bilduk «modelo alternativo»a aldarrikatzen du, baina ez dakigu zein den. Antimodeloa da, dagoenaren kontrakoa omen da, baina inon ez dago zehaztuta. Eskertuko genuke idatzita izatea eredu hori aztertzeko. Agian elkarguneak izan ditzakegu. Bien bitartean, EAJn ekinean jarraituko dugu, lanari ekingo diogu, eta aukera berriak agertzen badira, aprobetxatu eta ideia berriak badaude, entzun eta aztertu.

EAJk ondo zehaztuta dauka bere eredua. Idatzita dago. 2012ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan zera esaten genuen: «Laurogeiko hamarkadako krisitik, ekoizpen-ekonomiaren, suspertze ekonomikoaren eta ongizatearen estatua eraikitzearen aldeko apustua eginez atera genuen Euskadi aurrera. Euskal eredua, ekonomia lehiakorra, solidarioa eta iraunkorra oinarri dituen gizartea eraikitzen laguntzen duen eredua da, eta justiziari eta gizarte-berdintasunari dagozkien baloreak dira haren funts nagusiak. Izan ere, eredu hori 35 urtetan herri honen garapenerako eta kohesiorako bermea izan da». 35 urte lanean. Non zegoen Ezker Abertzalea orain babestu behar dela dioten geure eredu propioa besteok egiten geundenean? Orduan ere kritikatzen.

Jaurlaritzak ere idatzita dauka bere eredu ekonomikoa, bere ekonomi politikaren irizpideak. Lehendakariak berak aipatu zituen interpelazioan Euskal eredu ekonomikoaren hamar lehentasunak zeintzuk diren: Industria-politika eredua berreskuratu; berrikuntza eta ekintzailetza sustatu; nazioartekotzearen aldeko apustua egin; enpresak eta enplegua sortzen duten proiektuak finantzatzea; pertsonei gaitasunak ematea; Itun soziala; enpresara bideratutako zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-sistema; aurreratutako azpiegituren sarea; enplegura, lehiakortasunera eta eredu sozialaren jasangarritasunera begira dagoen fiskalitatea bultzatu, eta sektore publiko eraginkorra, ekonomiaren indarberritzearen buru izango dena.

Eusko Jaurlaritzaren 2014rako aurrekontuetan argi gelditu zen Euskadiko eredu gizatiarra. 10.215,5 miloi eurotik Babes Sozialeko Euskal Sistemarako %70etik gora zuzendu zen. 3.351,6 miloi euro Osakidetza eta osasun sailerako, 2.240 milioi euro hezkuntzarako, 952,7 milioi euro enplegu eta gizarte politiketarako. Ikasle bakoitzeko 1.224 euro urteko inbertitzen ditugu. Biztanle bakoitzeko urtero 1.547 euro osasun arloan, Estatuko altuena. Babes sozialerako errenta 796 euro urteko eta biztanleko, ia-ia bikoizten dugu estatuko hurrengo erkidegoa. Pobrezia eta Gizarte Desberdintasunei buruzko inkestaren arabera erkidegoko pobrezia arrisku tasa 20,4koa, Espainiakoa 27koa eta Europan bataz besteko 24,2koa. 2012ko Euskadiko Giza Garapen Indizea oso altua da: 0,924; Norvegiakoa 0,955, Alemaniakoa 0,92, Suediako 0,916. Giza Garapen Indize honek neurtzen ditu, besteak beste, hezkuntza-indizea, helduen alfabetatze-tasa, bizi-itxaropen indizea, Barne Produktu Gordina biztanleko …

Hau da gure Giza Garapen Jasangarriaren eredua. Euskadi eredua. Eredu gizatiarra, EAJ alderdi gizatiarra den bezala. Ezin dugu ez eredu hau aurkezteko aukerarik galdu, ezta ekonomia gizatiarragoa posible dela aldarrikatzeko aukerarik galdu. Eta Urkullu Lehendakariak Goi Bilera Ekonomikoan parte-hartzeko gonbidapena onartuta, aurrean izan duen ekonomia gizatiarragoa aldarrikatzeko aukera aprobetxatu izan du.

Bilatu