Josu Jimenez Maia
Idazlea

Eliza katolikoaren adarjotze etengabea

Estimu handitan dudan ene lagun kristau batek dio Eliza katolikoarekin obsesionatuta nagoela. Ene ustez, arrazoi pixka bat ere badu, Eliza katolikoak jarraitzen du eguneroko jardunean jatorrizko kristautasunarekin bat ez datozen etsenpluak ematen. Horregatik sentitzen dira kristau zintzo anitz gero eta urrunago Elizaren hierarkiaren jokabideetatik. Bistan da, ebanjelioaren irakaspenetatik urrun daude eta Jesu Kristoren irakaspenekin ez datoz bat. 

Kristau zintzoek, oso kritiko izanik ere Erromako Eliza katoliko eta apostolikoarekin, jarraitzen dute Elizaren barruan. Oraino sinesten al dute "Ad Deum per Ecclesiam" lelo zaharkituan? Aurreko esakunea bezain zaharra da "Corruptio optimi pessima est", zeinak aspaldi handitik salatzen baitu Elizako hierarkiaren predikuen eta ekintzen arteko arrakala. 

Iruñeko artzapezpikuak dioenez... Florencio Rosellok dioenez, Elizatik kanpo sexu abusuak jasan dituzten bi biktimaren berri izan dute, eta Elizak artatu omen ditu biak. Horri jarraikiz, artzapezpikuak bere burua eskaini du Elizatik kanpoko sexu abusuen biktima gehiagoren salaketak jasotzeko. Harrapa ezazu zangotik! Sexu abusuen kontrako 016 telefonoaren zerbitzuaren gainetik, gizarte bitarteko guztien gainetik, udal protokolo guztien gainetik, bera prest. Orain. Adierazpen horiek hantuste batenak ez badira, datorrela Jainkoa eta ikus beza. Artzapezpikuak harrokeria bekatua dela jakin beharko zukeen honezkero. 

Haatik, hor ez zen amaitu burgoikeriaren ariketa: Nafarroako Gobernuari eskatu dio babes lege bat gara dezala Eliza katolikoaren esparrutik kanpoko abusuak jasan dituzten adingabeentzat. Politikan sartzen omen ez den Eliza katolikoak babes lege bat eskatzen du, norentzat eta adingabeentzat. Finean, haizagailuaren taktika zaharra da: Elizatik kanpoko kasuei atea zabaltzea, etxe barruko trapu zikinak estaltzeko. Mateoren araberako ebanjelioaren eleak datozkit burura: «Uztazu bertzeren begitik lasto izpia ateratzen, zuk zeurean habea duzula, itxurazale hori! Atera lehenik zeure begitik habea, eta orduan ikusiko duzu garbi, senidearen begitik lasto izpia ateratzeko». 

Orobat, galdera erretorikoak datozkit burura: Eliza katolikoak Nafarroan ez al du nahikoa lan eliz jendearen aurkako sexu abusu salaketekin? Ez al du nahikoa lan Eliza barruko auziak argitzen eta zuzentzen? Ez litzateke hobe lehenik etxeko kontuak konpontzea Elizatik kanpoko kasuei erreparatzea baino? Nor dela uste du bere buruari gaitasun hori egozteko? Eskarmentua baduela iradoki zuen artzapezpikuak, baina, zinez, Eliza katolikoa al da egokiena etxean dituenak baino abusu gehiago artatzeko? 

Barkatu? Ez da bekatu, delitu baizik. Era berean, artzapezpikuak Elizaren barruko sexu abusuen biktimei barkamena eskatu die berriz ere, baina ez dezagun ahantzi «barkamena» kategoria morala dela, moral judu-kristauaren oinarri bat, baina ez dela zuzenbidezko kategoria bat. Izan ere, apaiz pederasta batek barkamena eskatzea ez da aski zigorgabetasuna erdiesteko, zeren barkamena eskatuta ere delitua ez baita ezabatzen, ezta preskribatzen ere. Eliza katolikoak apaiz abusatzaileak ohildu beharrean, delitugileak ezkutatzen hamarkadak eman ditu. Barkamena eskatu behar izan du bertze irtenbiderik ez duenean ukan, zeren ez du motu proprio egin. 

Jakina denez, ohikoa izan da apaiz pederastak tokiz aldatzea, leku aldaketarekin batera apaiz pederasta batek pederasta izateari utziko balio bezala, edota horrela delitua desagertuko balitza. Berriz ere galdera erretorikoak burura. Berdin jokatuko genuke espetxeetako beste abusatzaileekin? Bortxatzaile batek, barkamena eskatuz gero, kitatzen ahal du delituari dagokion espetxe zigorra? 

Elisabet Katolikoa eta Eliza katolikoa. Iragan beltza zuritzeko saiatzen da Eliza katolikoa, abade zenbaitek oraino egiten baitute amets Elisabet Katolikoaren garaian Eliza katolikoak zuen zeregin eta ahalekin. Horren adibide eman du berriki Iruñearen ondoko Uharte herriko erretore Javier Aizpunek: Maroko birkonkistatzearen eta kristau bihurtzearen aldeko deia egin du, Elisabet Katolikoak «egin gabe utzi zuena» bururaino eramateko. Eta beharrezkoa balitz, «Rabat bonbardatzeko eta Ceutako inbaditzaileen kontra erruz tiro egiteko» egin zuen galdea. Adierazpen larri horien haritik, Florencio Rosello artzapezpikuak bilera batera deitu zuen. Kito; Javier Aizpunek ere «barkamena» eskatu zuen, baina jarraitzen du erretore Uharteko San Juan Bataiatzailearen elizan, bertako kristau zintzoen protestak gorabehera. Pulpitutik botako dituen predikuak, hauteskunde atarikoan gaudela, segurutik ele ederrak izanen dira, zalantza mendrenik ez. 

Ene lagun kristau maitatuak dio obsesionatuta nagoela Elizarekin; gakoa da Elizak gizartean galdu duen eragina, ahalmen eta sona berreskuratu nahian dabilelarik, Elizaren beraren azpilan eta ekimen sibilino horiek ez dutela jasotzen behar bezainbeste arreta eta salaketa. Agian batzuek jarduera salagarri horiek salatuko balituzte, bestetzuek ez genituzke egin beharko.

 

Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen. 

Bilatu