Oihane Mikeo Zabalo
Zaharraz Harro-ko kalejiran inputatutakoen izenean.

Elkartasunaren aurkako sasi guztien ganetik konpromisora

Samina eragiten digu gure herriaren eta askatasunaren alde borrokatzen diren lagunak nola eramaten dituzten ikusteak; nazka ematen digu gure maiteak kondenatzen dituzten salbuespen epaitegietako edota haiek gatibu daudeneko espetxeetako pasillo, lokutorio eta gelei darien kiratsa usaindu behar izateak; itxaropena berpizten digu lege errepresiboak atzera bota edota prozesu bidegabeak bertan behera geratzen direla irakurtzeak; poza ematen digu, pixkanaka bada, ere gure kuttunak berriro gure alboan ukitu eta sentitzeak; mina sortzen digu oraindik ere hau bezalako gutunak idatzi behar izateak.

Latza da espetxea, latza ihesa, latza sasia. Horren lekuko zuzena gara gu, hator etxera diogun bitartean, esperoan gaudenok. Zain dagoenak ere sufritzen du, beste modu batean bada ere. Guk ere herri honek bizi duen egoera bidegabea pairatzen dugula esan genezake; senide eta lagunak amets bati jarraiki atxilotu, torturatu, espetxeratu eta sakabanatu zizkiguten, edo hori guztia ekiditeko ihesaren bidean murgildu zitzaizkigun; ze zentzu dauka honela jarraitzeak gaur? Nork uler dezake gu geu, senide eta lagunei indarra emateko elkartasun ospakizun batean parte hartu izanagatik inputaturik egotea? Aurrera goaz ala atzera goaz?

Ez ditugu sekula onartu erresuma eta errepublika hauek gure herriaren aurka ezarri dituzten politikak, eta gaur da eguna errealitate hau irauli eta egoera berri baten aldeko konpromisoak hartzeko beharra inoiz baino irmokiago aldarrikatzen duguna. Bitartean ez dugu geldirik itxaroten, aurrera egiteko tira egiten dugu, nork bere neurrian. Ezin berdina esan gure maiteak gatibu dituzten instituzioez, egoerarik ankerrenetan baitauzkate, hiltzen ere uzten baitiete ziegetan... Ez dugu biktimakeriaz jokatzen, baina elkarte biktimarioen biktima –presa, harrapakin– bagara. Honekin guztiarekin amaitzea ez da erraza, baina bai posiblea, eta are gehiago: beharrezkoa. Espainiari: utz beza piztia amorratu aseezina elikatzeari. Frantziari: utz biezaio gutaz trufatu eta berekin ez doan plantak egiteari.

Gure aurka burutuko den epaiketara aurkeztu egingo gara. Ez obedienteak garelako, hala ez egiteak defentsari uko egitea suposatuko ligukeelako baizik. Gure ekintza desobedientea kalean burutuko dugu; epaiketaren bezperan antolatuko ditugun kontzentrazio, elkartasun kalejira eta jaialdian, ostiraleroko mobilizazioetan... Maite ditugula, maite zaituztegula, oihukatuko dugu lehertu arte, eta gero ere gure ahotsen oihartzunak entzungo dira gure herri eta auzoetan. Ez dugu ezer ezkutatzeko eta garenaz harro gaude.

Bilatu