Koldo Almandoz
GAUR8

Emma

Duela gutxi hegaldi luze horietako bat egitea tokatu zait. Hegazkinetan bussines class bidaiariak izaten dira sartzen lehenak. Economy class-ekoak sartzen garenean, bertan ikusten ditugu, dagoeneko beren eserleku zabal eta erosoetan mantatxoaz tapatuta, hankak luzatuta, pantaila digital handiaren aurrean eta ongietorri koktela eskuan.

Eta guk, gure oilo kaiolara bidean beren partzela pribilegiatu hori gurutzatzen dugunean, gorrotoaren eta inbidiaren tarteko zerbait sentitzen dugu. Pentsatzen dugu, guri begira geratzen diren “pribilegiatu” horietako zenbatek ordaindu ote duen bere poltsikotik hegazkin tiketa. Zeini ordaindu dion enpresak, edo zein politikari, enbaxadore, kultura aholkulari eta goi mailako funtzionariori ordaindu diogun pribilegioa atzerago goazen guztion artean. Eta sekretuki gure burua ere gorrotatzen dugu, bidaia luze hauetako batean, aukera izanez gero, ziurrenik bussiness kastakoak izateari ez geniokeelako ukorik egingo.

Hala ere, ulergaitza da bussines klasekoak beste inor baino lehen igotzea hegazkinera, berez, bussines-en bidaiatzea lotsa eragin beharko lukeen zerbait izanik. Beste luxu ia guztiak bezalaxe, ezkutuan disfrutatu beharrekoa. Itxura egitearen gizarte honetan, ordea, gorrotoa baino inbidia eragiten digute bussines klasekoek. Ongi pentsatuta, economy kastakoak ere ez gara libratzen. Worldwatch Institutuaren arabera, munduko biztanlearen % 95ak ez du inoiz hegazkina erabili.

Hau guztia pentsatzen ari nintzen bitartean, nire eserlekura iritsi naiz. Albiste ona: eserlekua ilarako lehena izanik, nire hanka luzeek toki apur bat gehiago izango dute. Albiste txarra: eskuin aldera alemanez, ingelesez eta hebreeraz hitz egiten duen emakume ilegorri gazte bat eseri da, alboan bere 5 urteko semea duela eta magalean bi hilabeteko haurra. Ezkerrera, Emma, AEBetakoa, bere guraso gazteekin. Haien alboan, Indiako hainbat bidaiari (agian ez ziren India bertakoak baina beren janzkera eta hizkeragatik hori esango nuke), bi urte inguruko beste haur batekin.

Hegazkineko haurtzaindegi lerroan, elementu arrotz bakarra ni neu; Boeming 747ko txiki-park haren erdian lo egiteko gai izango ote nintzen galdetzen nion nire buruari. Beste bidaiari eta batez ere hegazkineko zerbitzarien begiradei erreparatzen nien bakoitzean, hegaldi hartako biktima ofiziala izendatu nindutela sumatzen nuen. Eta bat-batean, aireratu aurretik, Emmaren aita gerturatu eta notatxo batekin zetorren litxarreriaz betetako poltsa eman zidan:

«Kaixo, Emma dut izena eta bost hilabete ditut. Nire lehen hegaldia da hau. Nire aitona-amonak lehen aldiz ezagutzeko hartu dut hegazkina! Amatxo eta aitatxorekin bidaiatuko dut. Zin dagit, saiatuko naizela ahalik eta hobekien portatzen baina aldez aurretik barkamena eskatu nahi dizuet, nire belarriek min ematen didatelako edo beldurtzen naizelako negar egiten badut. Hegaldi ona izan dezazuen opa dizuet. XOXO, Emma».

Ongietorri koktel edo azafata baten zurrupadak baino ilusio gehiago egin zidan (bai, badakit zurrupadarena soberan dagoela, baina kontakizunaren eguberri ipuin tonua hautsi behar nuen; sentiberegia naiz nire sentiberatasuna agerian uzteko). Berdin zitzaidan Emmak eta bere kintakoek bidaia osoa negar batean pasa behar bazuten ere. Notatxoarekin zetorren litxarkeria poltsarena gizadiarekin bakeak egiteko keinu horietakoa iruditu zitzaidan. Bussines klasekoek gozatuko ez zuten unea. Erregaliz gorriak janez pribilegiatu sentitu nintzen nire eserlekuan.

P.D. Emmak eta bere kideek lotan egin zuten bidaia osoa.

Bilatu