Josu Naberan
Idazlea

Epe labur, epe luze

Joan Josep Bosch ekonomialariari "Argia" astekarian egin dioten elkarrizketan dio ba ze, pandemiak ez duela negoziatzen eta desazkunde programatua bai ala bai gertatuko dela. Egia, pandemiak ez du negoziatuko, baina guk bai negoziatu dezakegula pandemiarekin.

Zerk eragin du zehazki pandemia? Hori jakin gabe, nekez konpondu ahal izango da aberia; ni ez naiz biologo ez ekonomialari, baina bai ekar dezakedala memoria pitin bat. Bihoa iritzi gisara:

Azken ehun urteotan bi epidemiak eta oraingo pandemiak jo gaitu, azken hau giza espeziearen lehen pandemia, ezagutzen den lehenengoa behintzat (planeta mailakoa).

Hala, 1918ko epidemia lehen industria iraultzarekin, gehi Lehen Mundu Gerra ostetxoan suertatu zen. Suertatu?

Handik berrogei urtera, beste epidemia bat: 1958ko «gripe asiatikoa», batez ere ume eta gaztetxoei eraso ziguna. Bigarren industria iraultzarekin eta Ekialde Urrutiko Gerrarekin bat etorri zitzaigun; Koreako gerratik bueltan ekarri zuten Estatu Batuetara zetozen gerlariak, lurralde horretan 116.000 hildako utzi zituelarik Europara hedatu baino lehen.

Azkenik, pandemia hau, beste berrogei urtetara (badirudi gauza honek euskaldunon berrogeiko kontaduriaren arabera funtzionatzen duela): oraingoa, ene ustez, hirugarren industria iraultzarekin (teknologikoarekin) batera etorri da. Kontuz. teknologia oso mesedegarria da gizakiontzat. Ordea, azken teknologia honen albo-kalteak ez dira izan makalak planeta mailan.

Teknologia erratu bezain erasokor honek zaborreria anitza sortu du: zabortegien euren gainezkatze kontrolaezinaz gain, zabor nuklear-transgeniko-toxiko-kimikoa, animalien gaixotasunak eta gure elikaduraren pozoitzea ekarri du. Teknologiaren albo-kalteoi Ekialde Hurbileko Gerrak gehitu behar zaizkio -beti gehigarri hori-, non arma kimikoa ez ezik, bakteriologikoa ere erabili den erdi-ezkutuan.

Eta orain gatozen ondorioetara. Biosfera toxikatu egin da eta, boomerang efektuz, pilota gure teilatuan utzi du. Biosfera ez baita atal-zatien metaketa soil bat, Aristotelesen filosofiaren arabera erakutsi digutenez, zoritxarrez, medikuntzaren arlotik hasi eta naturaren ikuspegi orokorrera zabaldu delarik. Biosferak bere osoan funtzionatzen du: hortik boomerang efektua.

Nik, fatalista ez naizenez, uste dut aberia honek konponbidea izan dezakeela. Baina lehenik eta behin diagnostiko zuzena egin behar da. Oraingo pandemia ez da etorri higiene faltagatik eta halako miserietatik. Ezta klima aldaketagatik ere. Mundu desarroilatuan jo du bete-betean lehen aldiz. Non eta teknologia-gune handienetatik abiatu baita.

Hau guztia nekez aitortuko du kapitalismoak, zeinen helburua hazkunde etengabea den. Bere super-hazkunde estrategikoari ekingo dio, zelan ez ba, eta ez du barneratuko Covid-19aren lehen lekzioa. Albora begiratzea baino ez daukagu. Gure elite politikoa, epe laburrera jokatzearen puruz, hauteskunde-estrategiatara eta makro-proiektua itzeletara jolasten ari da. Baina geuk aukeratu ditugu, ezta?. Utz dezagun auzi hori hurrengorako.

Kontua da lehen lekzioa zaku hutsean jausiko dela. Eta hurrengo lekzioa itxarotea geratzen zaigula. Edo hirugarrena.

Joan Josep Bosch ekonomialariari "Argia" astekarian egin dioten elkarrizketan dio ba ze, pandemiak ez duela negoziatzen eta desazkunde programatua bai ala bai gertatuko dela. Egia, pandemiak ez du negoziatuko, baina guk bai negoziatu dezakegula pandemiarekin.

Gure esku dago oraindik, bai, gizakion esku. Ikustea besterik ez dago biosferak edo «Gaiak» zelako arnasa hartu duen mundu guztiko jendartea kaleetatik etxeratu garenean. Bi hilabete hauetan benetako udaberria izan du; atmosfera garbitu igarri-igarrian, animaliak hurbildu...

Kapitalismoaren mertzenario ez diren ekonomialariak behar ditugu datorren debakleari aurre egiteko, eta epe luzera, gidari politiko normalak eta jendeon erantzukizun kolektiboa. Lor dezakegu, lehenengoan ez bada, hurrengoan.

Bilatu