Erabaki askea al da?
Emakumeok haurtzarotik esparru afektibo, familiar, ugalkor eta harremanetan moldatzeko hazi izan gaituzte, beste pertsona batzuen zainketarekin harreman zuzena duten baloreak indartu direlarik. Enpatia eta gure ingurukoek atsegin gaitzaten edota edertasuna eta estetika erakargarritasunaren bidea dela esan izan zaigu.
Gizonen heziketa, ordea, indar fisikoaren garapena, independentzia ekonomiko eta afektiboa, lehiakortasuna… garatzeko bideratu izan da, ekintzei zeharo lotuta. Hori dela eta, lanean sexu banaketa dagoela diogunean, ezin gara borondatezko jarrera baten inguruan aritu.
Hezkuntza edota curriculum ezkutu honek mendez mende buruan sartu eta finkatu dizkiguten zenbait erabaki geure gain hartzea ekarri du, norberaren erabakiak izango balira bezala. Honek onartuak diren arau hauetatik kanpo gelditzea erabakitzen duen emakumeari izugarrizko kostu pertsonal eta gizarte-kostua dakarkio. Gizonek, aldiz, haurren heziketa edo menpekotasun egoeren aurrean alde batera geratzea erabakitzen badute, justifikatu egiten da, hori egiten duena emakumea bada epaitu egiten den bitartean.
Botere organoetan emakume ordezkapen eskasa dago, eta, are gutxiago, feminista. Organo horietatik gizonezkoen nagusitasuna, indibidualismoa eta lehiakortasunaren gizarte-balioak helarazi edo transmititzen dira. Era horretan, gure gizartea gizarte eredu matxista eta patriarkal bat bihurtuz, emakumeak berdintasun ezean bizi dira, eta euren erabakien benetako erabakitze gaitasunik ez dute.
Erlijio katolikoak bere balore moralak ezarri edo inposatu nahi dizkigu, familiaren eredu heteropatriarkal tradizionala eta beste pertsonen zainketaren ardura eta sostengua emakumeon gain uzten duelarik.
Komunikabideetan, zuzendari postuen %4 baino ez dago emakumeen esku, eta, berrietan eta iragarkietan ez ezik, telesailetan, pelikuletan… emakumeon eredu estereotipatua islatzen jarraitzen da. Hezkuntzari dagokionean, unibertsitateetako errektoretzan emakumeen presentzia oso eskasa da, ez da %5era iristen, eta horrek curriculum zehaztapenetan eta ikerketa hautuetan eragin zuzena du.
Botere ekonomikoa eta finantza-boterea kapitalista eta patriarkala da, eta estatus hori mantentzeko ahalegin handiak egin dira. Emakumeak ordaindutako lan-merkatuarekin bat egitea interesatu denean, bat egite hori prekarietate baldintzetan egin da, era horretan emakumeek euren «gizarte funtzioa» alde batera utz ez dezaten.
Zatikako lanaldiak, lanaldien murrizpena, eszedentziak… lana eta familia uztartzeko abantaila moduan saldu izan dizkigute, baina horren atzean emakumeok zainketa funtzioen ardura hartzea dago. Modu horretan, gizarte kostu handia saihesten da; izan ere, emakumeok funtzio horiez arduratu ezean, prekarietate handia egongo litzateke, gaur egungo eta etorkizuneko menpekotasun egoerara eramango gintuzkeelarik.
Horrenbestez, egungo sistema aldatu ezean, ezin dugu emakumeon borondatezko erabakien inguruan hitz egin, zama handiegia dugu geure gainean eta beti «beharren» bitartez justifikatuta dago, gizartearen zati baten pribilegio direlarik: tradizioari, familia beharrei eta merkatu beharrei zeharo lotuak.
Gizarte osoaren beharrei eta bizia mantentzean oinarritutako sistema ekonomiko berri bat eraiki behar dugu, egungoa alde batera utzita eta lan ekoizpen eta ugalkor banaketa erreal bat aintzat hartuta.