Angel Oiarbide
Gure Esku Dago dinamikako kidea

Erabakia elkargune

Bai dioen bozka papera eramango dute batzuk igandean Etxarri Aranazen hautestontzira, Ez dioena beste batzuk, zuria... Bezperan euren herriaren etorkizunari opa diotena eztabaidatuz gero, sutsu ariko zirenek bat egingo dute ekintza kolektibo batean, ekintza demokratiko kolektibo batean. Adibide hoberik erabakitzeko eskubidea elkargune dela?

 

Hori posible izango da orain arte egindako bidean, herritarrak eurak protagonista izan dituen bidean, elkarlanean aritu direlako batekoak eta bestekoak. Galdeketa antolatu duen ekimenak adierazi du iritzi guztien topaleku izatea nahi dutela, errespetuan oinarrituko dena, demokrazian sakontzeko aukera emango duela galdeketak eta irabazle bakarra herria bera dela.

Agerikoa da errazagoa dela hori egiten ia denok elkar ezagutzen dugun herri batean, hiri edo eremu geografiko zabalagoetan baino. Hala ere, lan handia eskatzen du kontrako iritzia dutenak elkarlanean jartzeak, konfiantza asko eraiki behar dira, puntu komunak indartu, sareak josi, batzen gaituenari lehentasuna eman. Baina hori da normala. Nola liteke kuadrilakoak direnak, futbol talde bera animatzen tabernan elkartzen direnak, haurrak eskola berera doazelako irteerakoan elkarrekin berriketan aritzen direnak, lantokian elkarrekin egunero ekoizten ari direnak... gero, euren herria nola antolatu nahi duten erabakitzeko aukerarik ez izatea? Gurea herri zatitua dela askotan esan ohi dugun arren, gure egunerokoan ekintza gehiago egiten ditugu elkarrekin oso ezberdin pentsatzen dugunok, bakoitzak bere aldetik baino. Egiten ditugun ekintza gehienetan protagonista ia bakarrak gu, herritarrak, garelako da hori, neurri batean.

Etxarrin bezala, euskal herritar guztiek antzeko ekintza batean bat egiteko lanean dihardu Gure Esku Dago dinamikak; dinamika baino jarrera den honek, herritarrok gure historiaren protagonista izateko boterehartze bat proposatzen du Gure Esku Dagok.

Ez da erraza, baina Athletic, Real, Osasuna, Alaves, BO edo Aviron animatuz astebururo ia elkar besarkatuz, edo negarrez, ekintza bateratu hori egiten duten herritarrek elkarrekin bide hau egiteko gai direla ziur gaude. Egunero lantokiko makinan eskuz esku ari diren horiek elkarrekin erabakiaren ariketa demokratiko hau gauzatzeko gai direla ziur gaude.

Igandean eskuan Bai ala Ez eraman, guzti horiek erabakitzeko eskubidea gauzatu egingo dute. Emaitza garrantzitsuena papertxoa kutxatxoan sartzea izango da, eta ez horrenbeste zenbat paperek dioten Bai eta zenbatek Ez. Izan ere, ekintza horrek batzen ditu herritar ezberdinak, eta horrek egiten gaitu libre, «jende zoriontsua herri libre batean», abestiak dioen moduan.

Herriz herri kutsatzen ari da herritarren protagonismo hori, erabakitzea delako normalena, erabakia elkargune delako, ekintza bateratu bat. Ekainaren 8an herriz herri hedatu den lanerako jarrera horrek giza kate forma hartuko du, eskutik eskura izango dira igandean Bai eta Ez bozkatuko dutenak, bozka batekin edo bestearekin bat egiten dugun gainontzeko euskal herritarrak. Ekainaren 8an eskutik helduta izango dira erabakia gauzatzeko garaian kolore ezberdineko papertxoa eramango duten herritarrak.

Etxarri Aranazko herritarrek gure zorion agurra merezi dute, igandekoa posible izateko egin duten bideagatik eta erabakia denok irabazle egiten gaituen ariketa demokratikoa dela erakutsi dutelako, jada. Gure esku dago gaur Etxarrin posible dena bihar euskal herritar guztientzat hala izan dadin; konfiantza eraiki behar dugu herritarron artean modu horretako erabakiak hartzeko nahikoa adostasun sortzeko. Bidea da horretarako garrantzitsua, bidean eskuak elkar lotzeko gaitasuna. Gure esku, bidea bera dagoelako.

Bilatu