EH Bilduko Landa Inguruneko Gipuzkoako batzarkideak
Errekonozimendutik harago

Beraz, baserri unitateak giza neurrira ekartzeaz hitz egin behar badugu, emakumeek bertan duten lekuaz ere hitz egin beharko dugu

2019/10/15

2008az geroztik Nazio Batuen Erakundeak (NBE) izendatuta, urriaren 15ean Emakume Baserritarren Eguna ospatzen da mundu osoan; izendapen hau landa inguruneko emakumeen lanari errekonozimendua eman nahian egin zen. Gure baserrietan ere emakumeak nekazaritza lanetan eskuz esku lan egin izan du mendeetan, eta egungo datuek ere horixe esaten digute, baserriko lanen %50 emakumeek egiten dituztela. Baina baserriko lanez gain, eta genero rolen banaketaren ondorioz, landa eremuetan emakumeek etxeko lanen, zaintza lanen, garbiketaren, sukaldearen eta beste hainbaten kargu hartzen dute. Eta errealitate horretan, hainbat gizarte, lege eta kultur mugei aurre egin behar izaten diete.

Ikusezinak izan dira zentzu askotan, maila sozialean, ekonomikoan, lan esparruan eta juridikoki. Beraz, Emakume Baserritarraren Eguna ospatzen dugun honetan, ezinbestekoa egiten da emakume baserritarrei aitortza egitea, izan duten eta duten lekua ematea, eta, beren lana ikusaraziz, errekonozituak sentiaraztea.

Baina, badira, aitortza horretatik harago, olatu feministarekin identifikatzen diren emakume baserritarrak ere. Beren lekua erreibindikatzetik harago beren lekua hartzen dabiltzanak. Emakume Baserritarren Estatutua paperean idatzita egotetik haren aplikazioa sustatu dadila eskatzen dutenak. Izan ere, Eusko Legebiltzarrean aho batez legea onartu eta gero lau urte pasa dira, eta aipatutako babes falta juridiko eta laborala bukatzeko onartu zenak ez ditu inolaz ere bete orduko espektatibak, legean jasotakoa betearazteko ez baita inolako baliabiderik jarri. Beti bezala intentzioak onak dira, emakumeak dituzten eskubideez jabe daitezen informatzeko eskuorrik ateratzen dira, sozialki errekonozitzeko ekitaldiak egiten dira… baina emakume baserritar askoren egunerokoak berdin jarraitzen du.

NBEk izendatutako Emakume Baserritarren Egun hau, urtero gai zehatz baten inguruan kokatzen da. Aurtengo gaia “Emakume baserritarrak erresilientzia klimatikoaren sortzaileak” da. Aldaketa klimatikoa ahoz aho dabil, eguna joan eta eguna etorri, titularretan, parlamentuetan eta kalean. Baina horretan ere ezinbestekoa da baserritarrek ingurumenean duten eragin positiboei dagokien balioa ematea eta funtzioa aitortzea, eta bereziki modu jasangarrian lan egingo duen baserri eredu bat sustatzea. Euskal Herrian baserriak azken hamarkadetan egin duen ibilbide industrialak –baserriak maskulinizatuz, handituz eta mekanizatuz– zaildu egin du emakumeak bere lekua hartzea eredu horretan, edo zuzenean ez du emakumea kontuan hartu, eta horrekin ere baserrien hustea sustatu du. Eta horrek guztiak lotura zuzena du aurten egun honi eman nahi zaion aldarrikapenarekin. Aldaketa klimatikoak bizigarria eta iraunkorra den baserri eredu batekin lotura zuzena baitu.

Beraz, baserri unitateak giza neurrira ekartzeaz hitz egin behar badugu, emakumeek bertan duten lekuaz ere hitz egin beharko dugu. Badugu, beraz, zer errekonozitu, baina baita ere zer borrokatu. Baserriak etorkizuna izango badu emakume baserritarrekin izango da, edo ez du izango.

Artikuluak
Víctor Moreno
2019/11/15
Kepa Larrea Muxika
2019/11/15
isabel Otxoa
2019/11/15
Alba García Martín
2019/11/14
Gutunak
Maria Olga Santisteban Otegui
2019/11/15
Enrique Vivanco Fontquerni
2019/11/15
Pedro Mari Usandizaga Añorga
2019/11/14
Azken post-ak
Martin Garitano
2019/11/15
Martin Garitano
2019/11/13
Koldo Campos
2019/11/12