Esti Breñas, Ibon Cabo, Jon Rovira, Unai Azurmendi eta Ramon Arraiza
EH Bilduko Kirolaren mahai taldea

ESAIT, jauzi askoren lehen urratsak

Maiatzak 30. Leitza. 65 km. luze eta Mulhacen mendiaren garaiera metatua, ia 3.500 m. Euskal Herria Mendi Erronkaren mendi trail lasterketaren 3. edizioa ospatuko da; aurten, lehenbizikoz, sortzaile eta sustatzaile zen ESAIT gabe.

Martxoan, ESAITek bere jarduerarekin amaitzea erabaki zuen komunikabideei helarazitako prentsa ohar bidez. Eskerrak eman zizkion euskal jendarteari, eta bereziki kirolariei, urte hauetan euskal selekzioen nazioartekoan parte hartzeko emandako laguntzagatik.

Erakunde baten ia 20 urteko ibilbidea baloratzea zaila da. Hala ere, ESAITen ibilbidean, bere argi eta ilunekin, eta labur-motzean aritzean egin genitzakeen hanka sartzeekin, jarduna bi bide nagusitik joan dela uste dugu.

Lehena, bai jendartean, eta baita komunikabideetan ere, oihartzun gehiena izan duena: euskal selekzioen nazioarteko partaidetzaren aldarrikapenaren ingurukoa. ESAITen desagertzearekin, Espainiako estatuko komunikabide baten ikuspegi maltzurrez egindako irakurketa egingo bagenu ia 20 urte hauetan euskal selekzio bakarrak egin du nazioarterako jauzia: sokatirak.

Hala ere, meritua emaitzetan bera baino bidea bera egitean dagoela uste dugu. ESAITek ezer lortu badu da kirol eragile eta eragile politikoen nahitaezko posizionamendu politiko eta publikoa. Kirolean, euskalgintzarekin gertatu izan ohi den bezala, maiz, eragile askok, eztabaidatik at geratu eta zehaztasun ezaren erosotasunean geratzeko ahaleginetan, gaia despolitizatu eta alde batera geratzeko ahalegina egin zuten. ESAITek ez zien hori egiten utzi. Eta horri esker, bat egiten dugu beren agur-gutunean dioten «gaur egun, inork ez du zalantza jartzen gure selekzioek ofizialak izateko eskubidea daukatela» adierazpenarekin.

Baina, urte horietan, bada bigarren jardun multzo bat jendarteari ezagutarazi eta ESAIT-i txalotu nahi geniokeena. Ofizialtasunaren aldarrikapenarekin batera, iritzi talde soil batetik harago joan, eta euskal kirolgintzan emandako urrats ezezagun, ezkutu eta baloratu gabeak dira.

Kirolez kirol, eragilez emandako urrats txikiak dira; denak kirolaren euskal markoaz ezagutzen duguna eraikitzera bideratuak. Bertotik sortu ziren Euskal Herria izena eta izana txertaturik zituzten hainbat txapelketa; mendi lasterketetan, EH Mendi Erronka; mendi duatloian, zirkuitua; surfean, eta abar.

ESAIT agur-gutunean garai berri baten aurrean gaudela diote; guk diogu Euskal Bidearen garaia dela. Eginbide berri horretan kirolak berebiziko garrantzi eta lekua du. Horietako batzuen lehen urratsak jada ESAITek ibiliak ditu.

Orain gainontzeko guztioi dagokigu. Ezberdinen arteko adostasunak jorratzeko eta banatzen gaituenaren gainetik batzen gaituena elkar lotzeko garaia da. Kirolaren euskal esparru berri bat eraikiko dugu. Antolaketa horretarako ardatzak izango dira: Euskal Herriaren nazio ikuspegia. Euskarak kirolean behar duen tokia izango du. Genero, sexu, arraza edota baliabide ekonomikoen gainetik kirola herritar guztien eskura izango duena. Jasangarria izango dena, ekonomikoki, ingurumen ikuspegiaren eta bereziki, sozialki. Kirolak jendartean duen garrantzia eta tokia aitortuz eta egunerokotasunean esparru desberdinetatik herritarrak ardatz hartuta, kirol politika bultzatuz. Jarduera fisikora, kirolera herritar orori sarbidea bermatuz; klubak indartuz; prebentzioa sustatuz; oinarritik goi mailako kirolera zubiak eraikiz egitura sendo baten bidez, eta abar luze bat.

Har ditzagun bidean gure esku dago-eta, eskutik oratuta jauzi asko egiteko garaia da. Bazatozte?

Bilatu