Amaia Zubieta eta Kepa Yecora
STEILASeko ordezkariak

Eskaintza eta eskaeraren legea matrikula garaian

Gobernuak ez du bere produktua publizitatu, ez du D ereduan matrikulazioa egitearen aldeko inolako kanpainarik egin; esan ere ez du esan non eskainiko duen. Bide bakarra aurkeztu dute: eskaera egin, eta gero, eskaintza ikusi ondoren, balizko eskaintza etorriko da. Gauzak honela, ez dirudi gogo handiz egindako ekimena denik.

Nafarroako ikastetxeetan 3 urteko haurren aurrematrikula garaian gaude, eta aurten, estreinako aldiz, Nafarroako edozein herritan D ereduan matrikula egiteko aukera dago. Nonbait, urte luzetan zehar biztanle askok izan duen bazterkeria gaindituko dugu eskaintza zabalduta.

Baina, hala da benetan? Gobernu guztiak, salbuespenik gabe, merkatuaren legeak hezkuntzan ari dira ezartzen, eta ondorioz, eskaintza eta eskaeraren legea nagusitzen da. Eta amaitzen ez den soka dugu gure aurrean: eskaintza (egokia) izan ezean, jendeak ez du eskatuko, eta ez badago eskaerarik, ez da eskaintzen. Baina merkatuaren legeak badu bestelako ezaugarririk: jendeak produktu jakin baten ezagutza maila badu, edo publizitate kanpaina egokiaren ondorioz horren balioa azpimarratu badiote, eskatzen hasiko da, eta egin beharreko presioak eginen ditu eskaintza egin dezaten.

UPN-PSOE gobernuek eskaintza soziala alde batean utzi, eta Iruñeko haur eskoletan euskarazko eskaintza urria mantendu zuten; bi alderdiok ere Euskaren Lege murriztailea egin zuten eta debekatu zuten Nafarroako eremu askotan euskaraz ikastea eskola publikoetan.

Orain Iruñeko Udalak zein Nafarroako Gobernuak egoera irauli nahi dute, eta bide ezberdinak erabili dituzte. Udalak beharra ezagutzen zuen, eta – behin baliabideak aztertu ondoren – beste bi haur eskoletara zabaldu du eskaintza euskaraz. Gobernuak bestelako bidea jorratu du: ez du bere produktua publizitatu, ez du D ereduan matrikulazioa egitearen aldeko inolako kanpainarik egin; esan ere ez du esan non eskainiko duen. Bide bakarra aurkeztu dute: eskaera egin, eta gero, eskaintza ikusi ondoren, balizko eskaintza etorriko da. Gauzak honela, ez dirudi gogo handiz egindako ekimena denik.

Bestalde, hainbat alderdik eta sindikatuk hitz kritikoak darabiltzate hezkuntzak gaur egun bizi duen merkantilizazio eta konpetitibitatea salatzeko, baina segidan, eta ia aho batez, familiek duten ikastetxea hautatzeko erabateko askatasuna onartzen dute, bai eta aukera zabala izan behar duela eskaintzak: hezkuntza segregatua ( “ezberdindua”), eredu eta hizkuntza programa andana, erlijioaren eskaintza... eta hori guztia aurrera eramateko diru publikoaz ordaindurik.

Ikastetxearen hautaketa librearen neurria ekitatiboa da? Denok dugu sarbide berdina? Ez du honela ematen. Mundu guztiak ezin du ordaindu eskaintza motaren batek (kontzertatuak) duen gainkostea. Beste hainbatetan kostea dirutan baino beste arlotan ematen da: erlijio katolikoa jaso beharra, horietan ez baita arlo alternatiborik ematen (teorian hau ez da legala), eta Nafarroako hegoaldeko herrien errealitatea ikusita, non PAI baino ez dagoen, eta azken hau Barcinaren gobernuaren herentzia pozoindua da.

Ikastetxea hautaketa librearen kontzeptuaren atzean, eta eskaintza zabalaren atzean, eskuinak blindatu dituen itunak daude, hizkuntza apartheid egonkortu da eta nafar askoren pentsamoldea intoxikatu egin dute.

Hezkuntzaren helburua desitxuratu egin dute. Ez luke eskaintza zabala izan behar, nork berea hautatzeko, supermerkatu baten aurrean bagina bezala. Ikasle guztientzako kalitateko hezkuntza eskaini behar da, arlo guztietan, atzerriko hizkuntzetako ezaguera egokia ere bai; baina, Nafarroak dituen hizkuntza propioen ikasketa bermaturik, kohesio sozialaren bidean aurrera egitearren.

Gobernu berriak ez ditu joko arauak aldatu. Merkatuaren legearen aurrean alternatibarik ez, eta matrikulazio kanpainak bere horretan darrai, aldaketarik gabe. Hezkuntza publikoaren aldeko mezu leuna agertu dute, eta sektore bakoitzak bere produktuaren aldeko kanpaina burutu du.

Ausardia falta ikusi dugu Departamentuan azken hilabeteotan. Orain, matrikula garaia hasi berria den honetan, Nafarroako lehendakariak hezkuntza paktua proposatu du. Ikusiko dugu zertan den ekimen hau, baina gure ustez ezin da akordiorik erdietsi oraintsu arte eskubideak zapaldu, bazterkeria handitu, euskararen kontrako legeak onartu, eta baliabide publikoetan murrizketa basatiak egin dituztenekin. Bidegabekeriak handiagoak edo txikiagoak izatea ez da negoziagarria. Bidegabekeriak gainditzen dira, bukaera ematen zaie.

Hezkuntzan aldaketa ikusi nahi dugu, adjektiborik gabeko aldaketa, beraz, ez aldaketa lasaia edo asaldatua. Baina, garbi dugu pertsonen beharrei erantzun behar diela, eta ez merkatuen beharrei.

Bilatu