Eskoziar, galestar eta irlandarrak Westminster-eko ganberan
Britainia Handiko hauteskundeek inkesta-etxeek aurreikusten ez zituzten emaitzak utzi dizkigute. Westminster-eko legebiltzarrean gehiengo osoa izango du David Cameron Lehen ministro konserbadoreak.
Tory alderdiaren buruzagiak garaipen borobila lortu duela esateko arrazoiak ez dira falta. Hala ere, Cameron-ek garaipen handi hori eskuratzeko eman behar izan duen hitzaren jabe edo gatibu izanen den ikusteko dago.
Eskoziako independentismoari, hau da SNPri, eta Brusela arerio nagusitzat hartuta duen eskuinaren eskuinean garatu den esparruari, alegia UKIP alderdiak ordezkatzen duen eremuari, oxigenoa kendu nahian kontserbadore britainiarrek engaiamendu zehatzak hartu dituzte. Bi afera horietan zirt edo zart egin beharko du, bere hitza bete nahi badu, Cameronek, epe hurbil batean, gainera.
Britainia Handian erabiltzen den hauteskunde sistemak errealitate politikoaren irudi faltsua eskaini dezake, edo bederen oso bertsio murritza ematen du. UKIP-ek 4 milioi bozka eskuratu ditu, nahiz eta legebiltzarrean eserleku bakarra lortu. Liberal demokraten porrot handiaren atzean – 57 eserlekutik zortzira pasatu dira Cameron-en sozio ohiak- abantzu bozen %8 eskuratu duen proiektu politikoa ezkutatzen da.
Sistemari buruzko argudioak bere mugak baditu, eta Labour alderdiak horiek argiki frogatu ditu. Alderdi sozialdemokratak jaso duen porrotari -perspektiba politikoan eta elektoralean- aitzakia bilatzea zaila da.
UKIP alderdiaren eta Liberal demokraten buruzagiek egin bezala, Ed Miliban-ek ere dimisioa eman du hauteskunde ostean; lehenengoari bere alderdiak ez badio onartu ere. Horretan ere bestelako tradizio politikoa dute britainiarrek...
Hala ere, entrenatzailea etxera bidalita soilik ez ditu bere barne korapiloak askatuko Labour alderdiak. Hauteskunde hauen ondotik, behin-behinean bada ere, sektore ezkertiar eta progresista, zer esanik ez langile klasea, erreferenterik gabe gelditu da. Maila nazionalean jaso dute zigorra laboristek, eta bertan hartu beharko dituzte erabakiak, bestelako mailetan galerak ez badituzte metatu nahi, bederen.
Blairitek -Tony Blairren gobernuari erreferentzia eginez- indarr handia izan dute azken urteetan alderdiaren barruan. Hauteskunde porrotaren atzean Downing Street-en 10. zenbakia duen egoitza berreskuratzeko alderdiak hobetsi duen politika neoliberala agertzen da. Besteak beste, laboristek arma nuklearren programari emandako sostengua edo-ta etxebizitzaren gaineko zergen auzian hartu duten jarrera epela agertzen dira alderdiaren perfil galera horren atzetik.
Gales eta Irlanda...
Galesen Plaid Cymru alderdi nazionalistak lehenagotik ere Westminster-eko ganberan dituen hiru eserlekuak mantentzea lortu du, orokorrean emaitzak hobetu dituela. Horretan ere boto emaleek inkestak gezurtatu dituzte.
Irlandan berriz, Sinn Féinek zituen bost eserlekuetatik bat galdu du. Oso boto kopuru gutxirengatik. Duela lau urte ez bezala alderdi unionistek hautagaitza bateratuak aurkeztu dituzte, haien interesak hobeki babesteko eta, bide batez, errepublikarren eta nazionalisten aukerak murrizteko. Cameronen gehiengo osoak ajea eragingo du unionisten eremuan, batasun estrategiak helburu zehatz bat zuelako: Londonen gehiengo argiak ez zirelakoan unionistek haien sostengua ahal den eta karioagoa saltzea zuten helburu. Eta asmo hori ez da bete.
Alta, eremu nazionalistan, gogoeta beste bide batetik joan daiteke, SDLPk eta Sinn Féinek estrategiak adosteko zailtasunak izan dituzte, besteak beste Westminterreko ganberari biek ematen dioten balorea diferentea delako eta, ondorioz, jarduera parlamentario ezberdinak garatzen dituztelako.
Eskala politiko-elektoralean, bozketa honek ez du balore berdina alderdi unionistentzat edo mugimendu errepublikarrarentzat. Nahiz eta Westminster-en eserlekua lortzeak eskaintzen duen bozgorailuaren garrantzia ez den mespretxatu behar. Edonola ere, Britainia Handiko eremu arrotz horretan lortutako sostengu politikoa sendoa izanik, Sei Konderrietan jokatzen den lehia politikoari eta bereziki Errepublikan heldu den udaberrian egingo diren hauteskundeei begira dago bereziki Sinn Féin.
... eta bereziki Eskozia
Eskoziara begiratuz gero, Britainia Handiko Hauteskundeek utzitako emaitzek ez dute zalantza izpirik uzten. SNPk garaipen izugarria lortu du. Eskozian iazko irailean eginiko erreferendumean ezetza gailendu bazen ere, hauteskunde hauek argiki erakutsi dute gizartearen beharretan sustraituta den egitasmo independentista oso sendotuta atera dela behin-behineko porrot horretatik.
Irailaren 18ko erreferenduma galduta ere, Eskozia helburu duen proiektua ez da ahulduta atera. SNPk, bestalde, alderdi soil bat izatetik herri baten interlokutorea bilakatzeko jauzia eman du. Kontsulta izan zenetik eta gaur arte SNPk bere militante kopurua laukoiztu du. Horri gehitzen bazaio laboristek unionismoaren aurrean mezu propioa garatzeko erakutsi duen ezintasun nabarmena, hobeto ulertuko dugu SNPk hiru kenduta Eskozian jokoan ziren aulki guztiak hartu izana.
Cameronek devolution prozesuari ekiteko asmoa baieztatu badu ere, prozesu hori soilik eskoziarren askatasun egarria asetzeko aski izango den zalantza handiak daude. Finean, agindu bezala Cameron ek 2017 an Britainia Handiak Europako Batasunaren baitan (edo horren kanpo) bere estatusa berrikusteko erreferenduma deituko balu, oso litekeena da eskoziarren berriz ere haien geroari buruz erabakiak hartzeko hautua egitea. Erabakitzeko eskubideaz jabetzen den herriak nekez utziko du beste batzuen esku beraren etorkizunari dagozkien erabakiak. 2014Ko irailaren 18ko kontsultaren emaitzak bestelako ondorioak ateratzeko parada emanda ere, herri batek, Eskoziak, bere buruaren jabe izateko hautu irmoa egin zuen egun hartan. Aurrerantzean nola gauzatuko den independentziarako prozesua eskoziarren esku dago.