Jule Goikoetxea

Eskumenen trapitxeoa

Urtea amaitzear dago, eta legegintzaldiaren hasieran EAJrekin sinatutako akordioaren arabera Sanchezen Gobernuak transferitu behar zituen eskumenak ez dira transferitu. Bai, marmotaren eguna dirudi.

Harrigarriena da 78ko erregimenaz hitz egitean beti jartzen direla adibideak arlo judizialean, polizian eta segurtasun indarretan, ustelkerian edo tortura kasuetan. Apenas aipatzen da 78ko erregimenaren zutabeetako bat legez kanpokoa normaltzat, demokratikotzat eta legezkotzat hartzean datzala, adibidez, gure kuleroak eskubideen truke trapitxeatzen aritu beharra: nire kuleroa emango dizut Gizarte Segurantzaren zati txiki bat transferitzearen truke. Inbestiduran nire babesa emango dizut enplegu politiken beste apurra transferitzeko. Azkenik, gure bularretakoaren zati bat, demagun tiranteak, transferitzen dituztenean, orduan Gobernu plurinazionalak oinarrizko lege bat edo inkonstituzionaltasun errekurtso bat sartzen dizu eta berriro kulero eta bularretakorik gabe geratzen zara. 

Erabat normalizatuta daukagu demokrazia konstituzionala eskubide eta lege organikoen salerosketan oinarritzea. Hori ei da liberalismo zibikoa. 

Konpetentzien absentziari inkonpetentzia esaten zaio. Baina ez da hori erregimenaren bi alderdiek, PPk eta PSOEk, partekatzen duten bakarra, Espainia gobernatzea dute xede eta ezingo lukete sekula gutxiengoan gobernatu estaturik gabeko nazioen lege organikoak bahituak izango ez balituzte, Espainiako alderdi ez unionisten botoa edo babesa erosteko aukera nagusia eskumenekin trafikatzea baita. Eta trafikoa diot merkantzien mugimendua delako. Transferitzeko eskumenik ez badago, birsaltzeko merkantziarik ez badago, ez dago negoziorik. 

Horrek aldi berean askatasun ia mugagabea ematen die: ustelkeria kasuak arrain gisa biderkatu, eraso egin, iruzurtia izan eta trukean enplegu politika aktiboak eskualdatu, zati bat 2011n, beste apurra orain faxismoak erakundeak har ez ditzan, eta beste puska bat 2050ean. Horrela funtzionatzen du Espainiako demokraziak, eskubideak kentzen dizkigu, zatitu egiten ditu eta Gabonetarako apur bat bota, zakurraren katilura. Gabonez gabon. Hau aski dramatikoa iruditu bazaizu, itxoin, tragikoena ez baita PSOE, eskumenak eskualdatzerakoan fidagaitzena Espainiako Gobernuko belaunaldi demokratiko berria baita, Sumar. 

Aurtengo Gabonetan, meneko izateari uzteko gaitasuna transferi diezaguten eskatuko diot Mari Domingiri, kulero batzuk eta bularretako oso bat.

Bilatu