Andoni Eizagirre
HUHEZI-MUko irakaslea

Estatua eta lurraldearen garapena

Nola esplikatzen da lurralde batek dituen posizio soziala eta ekonomikoa eta bere aktibitate ekonomikoa antolatzeko dituen modalitateak? Besteak beste, historian hainbat eremu ekonomikotan hartu dituen eta hartzen dituen neurriengatik, balio kulturalengatik eta gauzak egiteko modu propioagatik

Zentzua du XXI. mendean Estatua aldarrikatzeak argudio sozial eta ekonomikoak baliatuta? Lurraldearen garapen sozial eta ekonomikoan politika nazionalek garrantzia dute? 1.- Ez gara aparteko mundu isolatua, garaiak ere aldatu egiten dira. Hori dela eta, begira diezaiogun espazio eta denbora zabalagoari, gure aukerak eta mehatxuak, gure indarguneak eta ahulguneak hobeto ulertu eta esplikatzeko.

Hiru ziklo historikoren inflexio-puntuan gaude. Epe laburreko begiradak erakusten digu krisietan sartu eta atera gabiltzala. 2007ko atzeraldiak bete-betean harrapatu gaitu, bere magnitudeak eta intentsitateak gure ekonomian nabarmen eragin du. Egia da atzeraldiak hainbat berezitasun dituela (finantza-industriaren desregulazioa, zorpetzearen kultura, hazkunde mugagabearen promesa, ekonomiaren finantziarizazioa), baina azken hogeita hamar urteotan era bateko zein besteko arazoak bizi izan ditugu, zuzenean edota zeharka euskal lurraldearen garapen sozial eta ekonomikoan eragin dutenak (1993ko krisia edota 1998-2000ko burbuila, esate baterako). Bestetik, atzeraldiaren esplikazioa tokiko berezitasunei loturik ere badago. Krisiaren dimentsio europar eta industrialari, gero salbuespen espainiarra eta bere ondorioak erantsi zaizkio, eta, beraz, beste sektoreetan emaniko enpleguaren galtzearekin pixkanaka krisi okupazionala orokortu egin da. Horrenbestez atzeraldiak Hego Euskal Herrian izaera mistoa du.

Ondo aztertuta, arazo hauek guztiak trantsizio luze eta astunago baten krisi-adierazleak baizik ez dira. Zehatz esanda, 1980ko krisi estrukturalaren zehar-ondorioetatik atera ezinik gabiltza. Maiuskulaz idatzi beharreko krisia ordukoa da. Eskuartean genituen instituzio erregulatzaile guztien krisia da. Hartu ezein aldagai (moneta sistema, lan eta soldaten erregulazioa, enpresaren antolaketa, hazkunde eredua, produkzio modua, konpetentzia enpresarialaren sistema, egitura demografikoa, balio kulturalak eta moralak), eta guztia hasten da kraskatzen. Krisia gutxi ez eta, elite ekonomiko oligarkikoak sistemaren hauskortasuna botere adkisitiboa berreskuratzeko aprobetxatuko du; hainbatetan masa-kontsumoaren eraginpean (balio indibidualistak eta adkisitiboak) herritarren babesarekin. Alemaniako Errepublika Federalean esperimentaturiko programa liberalak samur irekiko dira 1980ko hamarkadaz geroztik europar ordena berria sendotzeko direktiben eskutik, eta pixkanaka ekonomia- eta moneta-batasunarekin kapitalismoaren erregulazio-modu neoliberalak bidea egingo du.

Datuen argitan, hirugarren ziklo historikoaren krisia ere bizi dugu, alegia, sakon-sakonean epe luzeko ziklo historikoaren krisia da. Bizi dugun garaiaren ezaugarri nabariena da joera-aldaketak bizi ditugula (krisi ekologikoa, demografia, potentzia berriak, geoekonomia, desberdintasunak). Honekin aditzera eman nahi da XV. mendeaz geroztik ehunduriko Mendebaldeko Aroa gainbehera nabarian dela. Argitzeke da horizonte berria eta eragile nagusienak zeintzuk izango diren, baina aurrera genezake etorkizun hurbilean elite finantzarioak giroa ezegonkortzeko neurri geopolitiko arriskutsuak hartuko dituela, ziurgabetasunak hainbatetan gure lurraldeari ere eragiteraino.

Laburtuz, hiru aldaketa historiko bizi ditugu eta gainera elite oligarkiko kapitalistak zuzenbide korporatibo globala eta zuzenbide ekonomiko pribatu transnazionala inposatu ditu. Errelatoa irakurrita, bi galdera planteatzen dira: Estatuari ordezko funtzionala hartu diote? Estatuaren erabaki-ahalmena krisian dago eta ez da gai arlo sozial eta ekonomikoan eragiteko?

2.- Ikerketa konparatuek erakusten digute gaurko mundu ekonomikoan ere Estatuak politika ekonomikoak baldintzatzen dituela, are gehiago, auzi sozial eta ekonomiko fundamentaletan Estatua dela arau-eremu garrantzitsuena. Jakina, prozesuak inter-dependenteak eta akumulatiboak dira, ekonomia kapitalistak sistema hierarkikoak dira (lurralde batzuk gauza baterako eta besteak besterako), Europan faktore garrantzitsuek baldintzatzen gaituzte (euroaren berbalorizazioa, kontu publikoen konbergentziarako irizpideak, balantza komertzialaren auzia baztertzea), eta nahi beste aldagai erantsi ahal ditugu, baina ez genuke egia osoa esango ez badugu politika ekonomiko nazionalen garrantzia ere mahai-gainean jartzen.

Nola esplikatzen da lurralde batek dituen posizio soziala eta ekonomikoa? Nola esplikatzen da lurralde batek bere aktibitate ekonomikoa antolatzeko dituen modalitateak? Besteak beste, historia luzean zein hurbilean hainbat eremu ekonomikotan hartu dituen eta orain hartzen dituen neurriengatik, balio kulturalengatik eta gauzak egiteko modu propioagatik. Hiru arlo nagusitan Estatuak eta bere politika nazionalek garrantzia dute.

Lehen eremu ekonomiko inportantea da lurraldearen egitura ekonomikoa. Nola esplikatzen dira lurraldearen enplegu-izaera, –egitura eta –bolumena? Politika nazionalak erabakigarriak diren arloak aintzat hartuta, hala nola, faktore teknologiko-industriala eta berrikuntza intentsitatea; formazioaren izaera eta giza gaitasunen sustapena; eragile nagusien arteko binkulazioa eta ezagutza sortzeko, transferitzeko eta aplikatzeko elkarlanaren kultura (hezkuntza arloak, enpresa-industria, administrazioa); gai basikoak arlo publikotik zaintzea; aurrezki-kutxen irakurketa, eta abar. Horiek ere badira gure egitura ekonomikoa esplikatzeko faktore erabakigarriak, eta Estatuaren (eta barne-dinamiken) esku daude. Euskal Herriko eskualde eta bailaren arteko desoreka hazkorrak urgentziazkoa egiten du politika publiko beregainen aldeko estrategiari ekitea.

Bigarren eremu ekonomiko oso garrantzitsua da lan munduari dagokiona. Hemen aski da garapen makroekonomiko antzekoa duten eskualdeak edota Estatuak hartu, parean jarri eta konparatzea, ohartzeko lurralde horien artean desberdintasunak nabaritzen direla Estatuak lan politiketan harturiko neurriengatik, politika horiek baitira enpleguan, ongizatean edota errenten bir-banaketan eragiten dutenak. Euskal Herrian arazo erantsiarekin topo egiten dugu: gure kapazitate produktiboarekin bat ez datorren testuinguru ekonomiko eta instituzionalean erabakitzen dira lan politikak. Herri ikuspegitik baloratuta, lan politikek denbora ertainean egitura ekonomikoa baldintzatu dezakete, Euskal Herrian ere lan malgutasuna eta soldaten kontentzioa inplementatzen badira. Ekonomia berritzaile, arduratsu eta konpetenteak bere neurrira behar ditu ongizate politikak ere. Enpleguaren eta okupazioaren krisian politika beregainen faltari, beraz, erantsi beharko diogu salbuespen espainiarrari eta bere lan politikei diegun menpekotasuna.

Azken eremu ekonomiko garrantzitsua da sektore publikoa, honen izaera eta rola. Bi adibide baino ez: fiskalitatea eta zerbitzu sozialak. Hartu hemen ere Europako eskualdeak eta Estatuak, alderatu aldagaiak (herritarren aukerak arrakasta zein porrot eskolarrean, jubilatu osteko bizi-itxaropena, langabezia probabilitatea, enplegua lortzeko eta mantentzeko probabilitatea, kontziliazioa, eta abar), eta egiaztatuko dugu ostera ere lurraldearen posizioak zeharo diferenteak direla, Estatuaren arabera; sektore publikoaren gastuak klase-traiektorien, homogamiaren eta hedaduraz jatorri zein generoen auzia esplikatzen du. Estatuen artean egitura sozialean ere aldeak ikaragarriak dira.

3.- Hasierako galderei erantzuteko moduan gaude. Herri ikuspegitik begiratuta, bi arrazoi nagusi ditugu: (a) Aldaketa globalen testuinguruan oraindik ere politika publikoak (autogobernua, Estatua, independentzia, burujabetza) funtsezkoak dira lurraldearen posizio ekonomikoa zein soziala esplikatzeko. (b) Politika publikoak zatikatu eta erabaki-gaitasunak eta konpetentziak Euskal Herria, Frantzia eta Espainia moduko testuinguru ekonomiko, sozial, produktibo eta instituzional diferenteetan banatzeak kontraesan estrategikoak eta euskal eragileen arteko gatazka zentrifugoak sendotzen ditu. Herri ikuspegitik begiratuta, oso zaila da politika beregainen aldeko estrategia adostua orainaldi amaigabean geroratzea. Begirada hauspo luzekoa izango bada, tesia mahairatu eta mamitu beharko dugu. Estatua lortzea ez da aski, baina ezinbesteko baldintza da, datuen argitan.

Bilatu