Ramon Sola
GAUR8

Eta eszisioa beste muturrean gertatu da

Oraindik ezin da hausturaren tamaina neurtu (etorkizunak esango du Vox alderdi berria egonkortzen ote den eta ondorioz buru Ortega Lara, Mayor Oreja edo Aznar bera duen, alde ederra baitago espetxeetako funtzionario baten eta gobernuko presidente izandako baten artean!). Baina zalantza hori argitu bitartean, orbaina noiz eta nola itxiko den oraindik antzematen ez delarik, ukaezina da eszisioa gertatzen ari dela espainiar eskuinaren erraietan, eta Euskal Herriko egoera berriak eragin duela.

Polloeko hilerrian, non eta Gregorio Ordoñezen hilobiaren aurrean, irudikatu zen elkarrekiko ezinikusia, baina segidan zatiketaren seinaleak bata bestearen atzean etorri dira: Coviteren barruko tirabirak, Maria San Gilen berragertzea, Jaime Mayor Orejaren agurra, Jose Maria Aznarrek Valladolideko –bere hiriko– gailurrean egoteari ezetza ematea...

Hauek hauspotu ohi duten zalapartaren gainetik, politikoki adierazgarriagoa izan da PPren zuzendaritzak behingoz jarrera tinkoa erakustea lobby horien aurka. Arantza Quirogak Consuelo Ordoñezi esandakoa («inork ez digu irakaspenik emango»); Borja Senperrek Maria San Gili erantzundakoa («ETAren konplizeak garela esaten bukatuko du») edota Rafael Hernandok San Gili aurpegiratutakoa («ez zaio kasu handirik egin behar, egun txarra izango zuen») pentsaezinak ziruditen.

Fatxerioa labankadaka dabil eta momentuz nor den nor baino fatxagoa zehazten saiatzea lan antzua da, nortzuk diren blaspiñarrak eta nortzuk adolfosuarez izan nahi luketenak. Ikusiko da. Bitartean, ospa dezagun prozesu politiko hau abiatu zenetik –bai eta abiatu aurretik ere– independentismoan eszisioa eragitea beste helbururik izan ez dutenak, horietxek direla zatiketa jasaten ari direnak.

Espainiar eskuinaldean barne krisia ireki den garai honetan, gainera, kontrako lubakian inoiz baino trinkoago agertzen dira indarrak, EPPKren azken agiriak islatzen duenez. Batasuna ezker abertzalearen barruan ez ezik honen inguruan ere egonkortu da. Esaterako, maiatzerako koalizioa osatzeko zailtasunen gainetik eta kideen posizioa eta tradizioa berdinak izan ez arren, EH Bildu batuta ageri da Europako hauteskundeen aurrean hasiera-hasieratik. Eta Estatuak, Tantaz Tantaren mobilizazioa debekatuz, EAJren eta EH Bilduren artean piztu nahi izan zuen gerra ez zen hasi ere egin, kontrakoa baizik.

Eszisioa mutur batean gertatuko zela iragarri zutenek, bada, juxtu kontrako muturrean aurkitu dute: berean. Benetan deigarria da PPtik aldentzen direnen argudio nagusia: «ETA irabazten ari da». Ameskeria hutsean bizi izan dira orain arte: borroka armatua amaitzearekin batera euskal aldarrikapen guzti-guztiak berez desagertuko zirela uste omen zuten, bai eta gatazkak eragindako ondorioek berdin jarraituko zutela ere (presoak ziegetan konforme, iheslariak etxetik urrun txintxo, euskal gizartea horren aurrean besoak gurutzaturik, independentismoa gainbeheran...). Errealitatea oso bestelakoa dela egiaztatu dutenean, PP bihurtu dute haren etsipenaren errudun. Oker.

Bitxia bada ere, antzeko etsipen sentimendua ageri da, askotan, kontrako muturrean, kontrakoagatik, noski: Estatua irabazten ari dela pentsatzeagatik. Uste okerragoa oraindik, zorionez eszisiorik ekarri ez duena. Errealitatea gailentzen da azkenean, denaren eta denen gainetik: betiko gatazka politikoak aurrera darrai, bestelako bideetatik, baldintza berriekin, aukerak biderkatuz, jokaleku pentsaezinak irekiz... Baliteke eskuinaren eszisio honek ate berriren bat zabaltzea, nork daki. Baina horretarako ere eragiten saiatzea, jarrera aktiboaz, izango da koxka.

Bilatu