Eta ondoren… zer?
Bizi dugun krisi egoera honetan demokrazia bera da auzitan dagoena. Baina krisi orotatik aukera bat sortzen da eta, zalantzarik gabe, herri eta herritar bezala demokrazian sakontzeko aukera daukagu oraingo honetan.
Herritar asko shock egoeran gaude aurreko martxoaren 14tik, alarma egoera gure bizitzen gainean ezarri zutenetik. Herritar gehienok ez gaude ohituta bapatean gure bizitzaren abiadura gelditu eta konfinamendu batean sartzeko gauetik goizera. Behartutako isolamendu sozial hau aurrera joan ahala, gero eta gehiago antzematen da begi aurrean sortzen ari den mundu globalizatu berri honek "Shock Doktrina" liburuan Naomi Kleinek maisuki deskribatu zuenarekin antza izugarria daukala. Sistema kapitalistaren ezarpena ez da herriek demokratikoki hautatutako bide bat. Aitzitik, kapitalismoak garaitu ahal izateko beti erabiliko du talka eta bortizkeria. Herritarrak erregimen autoritario baten erdian bizi direnean, gerraren hotsa beraien eguneko ogia denean, nahikoa daukate egunero bizirautearekin. Hurrengo egunera arte ailegatzea bihurtzen da helburu nagusia. Kleinen teoria hori da, hain zuzen ere, kapitalismoa beti saiatuko dela profitatzen gizarte bat nokeatuta dagoen unea, inseguritate pertsonala zein kolektiboa horren barneratuta dagoenean, neurri atzerakoi eta neoliberalak inplantatzeko. Mota desberdinetako krisialdiek sortutako nolabaiteko amnesia kolektibo horretan labana gurinean bezala ezarri ahal izango dira beste era batean erantzun sozial haundia izango zituzten neurri ekonomiko atzerakoiak. Hortaz, autoritarismoa eta kapitalismoa elkar lotuta joaten dira gehienetan.
Halako egoera antzematen ari da geurean ere. Mezu belizistekin gerra batetarako prestatu nahi gaituzte guztiok. Are gehiago, armada eta poliziari ematen ari dieten rolarekin haien izaera autoritario eta gizarte honentzako hutsala diren estamenduak zuritzen saiatzen ari dira. Eta, noski, gerra baldin badator, horrekin batera etor daitezkeen askatasun eta eskubideen murrizketa onargarritzat har ditzagun nahiko lukete. Dena goragoko on batengatik izan dadila, gure segurtasunaren izenean. Erantzun kolektiboak antolatzea, disidentzia bera, gaizki ikusia egongo da zaugarri bihurtu nahi duten herritarren begietatik. Holako eszenatoki segurokrata sortu zuten baita ere I-11ren ondoren.
Konfinamenduko egun hauek egokiak dira oso klasikoak deitzen ditugunak berrirakurtzeko. Armairuak eta apalak ordenatzen ari garen honetan, inoiz oso urrun utzi ez ditugun hainbat liburu hauts kapa baten azpian agertzen zaizkigu orain. Eta hara non konturatzen garen gaztetan irakurritako jendarte distopikoen errealitateak gure leiho eta balkoien beste aldera eraikitzen ari den errealitate honekin gero eta antza gehiago daukala.
«Gerra bakea da. Askatasuna esklabotza. Ezjakintasuna da indarra». Orwellen neo-hizkuntza ez zaigu arrotza egiten gaur egungo albistegietan. Herritarren kontrola areagotzeko neurriak hartzen ari dira, gure segurtasuna, gure osasuna babesteko hobebeharrez. Eta kuestionamendurik gabe onar dezagun nahiko lukete, mutu nahiko gintuzten. Aldous Huxleyk era honetan deskribatzen zuen bere "Bai mundu berria"-ko gizarte distopikoa: «Diktadura perfektu batek demokrazia baten itxura izango luke, baina funtsean harresirik gabeko kartzela izango litzateke, non presoek ihes egitearekin ere ez luketen amets egingo. Funtsean, esklabotza-sistema bat litzateke, non, kontsumoari eta entretenimenduari esker, esklaboek beren morrontza maitatuko luketen». Ez dadila izan hau konfinamenduaren ondoren topatu nahiko dugun errealiatea! Eta horretarako herritar bezala gure zentzu kritikoa oso osorik mantentzen segitu behar dugu eta komunitate gisa gure sareak indartzearen aldeko konpromiso kolektiboa hartu beharko genuke.
Bizi dugun krisi egoera honetan demokrazia bera da auzitan dagoena. Baina krisi orotatik aukera bat sortzen da eta, zalantzarik gabe, herri eta herritar bezala demokrazian sakontzeko aukera daukagu oraingo honetan. Gure Esku herri mugimenduan aspaldi egiten ari garen hausnarketaren barruan kokatzen dugun ahalduntze kolektiboa bultzatzeko unea heldu dela deritzogu. Jausi demokratiko kolektiboa emateko unea. Zorionez, gurean herri mugimenduen sareak jausi demokratiko hori egiteko urteetako entrenamendua dauka. Herri eta auzoetako elkartasun sareek oinarri sendoa eman ahal digute eraiki nahi dugun gizarte solidario eta kolektibista horretan sakontzeko. Mugimendu feministatik lantzen ari den zaintza erdigunera ekartzeko proposamena planteamendu estrategikoa izan daiteke sitema politikoa bera demokratizatzeko. Bizi duina sustatzeko sindikalgintzako gaur eta biharko erronka izango da gure zerbitzu publikoak indartzea, zaintza sistema publiko batek gaur gaurkoz eta ezinbestean hartu behar duen lehentasunetik abiatuta...
Bihur dezagun krisi honek eskaintzen digun aukera etorkizuneko erronka, ondoren irekiko zaigun etorkizun ezjakin hura eduki demokratizatzailez betetzeko. Zaintza krisia dagoen honetan, elkar zaintza da gure lehentasuna. Zain dezagun, beraz, gure arteko harremana eta gure arteko ekarpenetatik edan dezagun. Jendarte aktibo, eraikitzaile eta solidarioa baita gure komunitatea lotzeko gakoa.