Etb1-eko zuzentzaileak
Nik ez dut batere zalantzarik egiten, ETB1en izanen dituztela euskara zuzentzaile onak eta ugariak. Zenbat? Ideiarik ere ez! Baina, halaber, ez da gezurra ere, oraindik akats dezente entzuten direla ia-ia egunero.
Erraz ulertzen dut, lan handia eta konplikatua izan daitekeela, esatari profesional guztiak jakinaren gainean edukitzea euskararen gai guztietan, batez ere, gazteenak eta hasiberrienak, baina, hala ere, pentsatzen dut, merezi duen kontua dela.
Era berean, ez dut inolako arazorik ere aitortzeko, azken urteotan, aurrerapen on eta handiak egin direla alor horretan ETB1en, baina, hala eta guztiz ere, uste dut, ezin dela ukatu, behin baino gehiagotan −gehiegitan− pasatzen direla akats astun batzuk, gehienetan, gainera, hutsegite berberak izaten direnak, esate baterako, «dagokionez» eta «dagokionean» nahastea, «entrenatzen da» eta «entrenatzen du» ongi ez bereiztea, «hauteskundeak egin» eta «hauteskundeak ospatu» berdinak balira bezala esatea, «jokatu» eta «jolastu» aditzei tratamendu bera ematea, «bera» eta «berdina» ez desberdintzea, «honaino» esan beharrean «hona arte» esatea eta abar, eta abar. Hauek guztiak, adibide gutxi batzuk baino ez aipatzeagatik.
Hemen adierazitako guztia, ez dadila izan inor desanimatzeko, baizik eta guztiz aurkakoa lortzeko, hau da, horretan aritzen diren pertsona guztiak, oraindik ardura eta ganora handiagoarekin jardun daitezen, eta, horrela emaitza hobeak eskuratzeko.
Gaur egun dauden baliabide zientifiko eta teknologiko guztiekin, tamalgarria litzateke, gero eta fruitu hobeagoak ez erdiestea.