Josu Imanol Unanue Astoreka, Bermeo

Etorkizunean aldaketa gutxi!

Covidak hori erakutsi dit, gehienak egiten duten gisa, nik nire bizia egitea eta gutxiago arduratzea beste guztiengatik. Sentitzen dut!

Esaten zuten covidak asko aldatuko zituela gure ohiturak eta besteak beste, kontsumo eroarekin lotutakoak. Nik sinestuta neukan, zeren nazkatuta nago orain arteko jasan ezinezko kontsumoarekin. Beraz, zerbait ona ikasia zegoen.

Sinestu edo ez, azkenaldiko egoerak asko jo gaitu, guztion amorrazioa izan da etxean egotea, telelana, kaleak edo gure espazioak gutxiago erabiltzea, guztiok jantzi berriko osagarria den musukoa erabiltzea, haien prezioa, Covidak sortu digun amaiera bako eztabaidak... eta besteak beste, txarren eroan dudan, lagunak ez ikustea. Nire betiko lagunak ia erabat galduak ditut hor nonbait, gutxi batzuk lagun-telematikoak bihurtu dira.

Baina Covidaren eraginari esker, aldaketa bitxiak eta pozgarriak ere ikusi genituen, hegaztiak eta abere asko orokorrean bueltatu zirenean «gure» inguruak hartzera... bat-batean ohartu ginen, haiek ere badaudela hemen eta erabiltzen ez genuen espazioak berehala hartu zuten... beste barri zoragarria!

Esaten zan baita ere, zabor gutxiago sortzen genuela eta kontsumo gutxitzearekin batera gune guztiak garbiago zirela, horren adibidea gure haitzak eta hondartzak, mendiak, ibaiak, errekak... garbiago ziren... guztia errekuperatuko zorian! Ze ona! Zenbat abantaila!
Baina dena zen kea, ilusio faltsua, hasi ginenean etxeko ateak irekitzen eta kalera irteten, agur! Lehengotara edo txarrago goaz.

Egungo datuak esaten dute gutxiago birziklatzen dala, hondakin gehiago sortzen dugula, gehiago zikindu. Orain gainera, guztiok «txarto» pasatu dugunez... ba guztia apurtzera goazela, errekor barriak ezarriz. Adibidez gure herrian ohikoa bihurtu da berriro «botiloi» basatiak, zaborraren kultura barria, dena behe gainera botatzea... amorruz gaudela dirudi, bai guztiok, baina naturarekin, gure inguruarekin, auzoarekin, haitzekin edo hondartzekin, mendiekin... inguruan bizi diren auzokideekin? Inozoak gara!

Egun, aldaketa klimatikoaren gaia ere, inork kolokan jarri ez arren, gutxik egingo dute ezer horri aurre egiteko edota behintzat saiatzeko konpontzen. Gizakiok bizi dugun egoera okerrak aldatzeko ahalegin guztiak berbetan geratu dira... azkenean, abereak ere bueltatu dira euren espazio murriztuetara eta mamuak izatera... gu lehengotan gaude edo txarrago. Urrun geratu da ba «gazteak gara gazte eta ez gaude konforme...» abestiaren esanahia.

Covidaren eragina agerian da, birusa hedatzen hasi ta berehala irakur nauen «zahar fobia» indarrean zegoela, zeren gehienok eta hotzean, justifikatzen genituelako birusaren eragina eta milaka pertsonen heriotza, esanez... zaharrak zirela, aitzakiekin bizi ziren pertsonak zirela, zerbait edukiko zutela hiltzeko eta abar, ohartu ginen ere, inongo sorpresa barik, adineko-egoitzetan zeudela milaka pertsona hiltzen... ohartu gara haiek ere gizakiak direla? Ohartu milioika lagun hil direla munduan? Zertaz ari gara?

Eta bitartean, urte bat eta erdi pasatu ondoren, jarraitzen dugu gure amaiera gabeko eztabaidarekin... txertoa bai txertoa ez, txerto hau bai bestea ez... antza orain adituak gara eta medikuak baino gehiago dakigu, hau da, nire ustez, herri garatuetan ematen den benetako pandemia kaltegarriena.

Ez nago ezkor, bai oso kritiko guztiekin, sasoiak izan ditut ezkor izateko eta ikasia dut baikorra izaten, eta baikortasun horrek eramaten nau egia esatera, ez dudala gizakian sinesten, ez elkartasunean, ezta belaunaldi ezberdinen arteko harreman zintzoan eta errespetuan oinarrituan... gauzak erabat apurtu dira. Oso geurekoiak izaten jarraitzen dugun bitartean, ezin dugu elkartasunari buruz ezer esan, eta bardin bazaigu txarto daudenak eta egon ahal direnak... herri modura huts egin dugu. Are gehiago, ez daukagu herri-proiekturik.

Covidak hori erakutsi dit, gehienak egiten duten gisa, nik nire bizia egitea eta gutxiago arduratzea beste guztiengatik. Sentitzen dut! Urrats barriak emateko lehenago beste guztiak ikusi behar ditut mugitzen. Bitartean etorkizunari buruz hitzik ez eta gutxiago «Askatasun» hitza erabili.

Bilatu