Etxarri Aranatzetik Gure esku dagora!
Apirilaren 13tik hilabete pasa denean beharrezkoa ikusten genuen balorazio hori publiko egin eta herritarrekin batera konpartitu ahal izatea. Lehen lehenik herritar denak eskertu eta zoriondu nahi ditugu prozesu osoan jasotako laguntza eta babesagatik. Hasieratik genion herria bera aterako zela garaile eta hala izan dela uste dugu. Beraz ezer baino lehen, benetan Zorionak Etxarri!
Balorazio zehatzago batean sartuz bost ataletan banatu ditugu gure ondorioak.
Lehenik %42,76ko parte hartzearen garrantzia azpimarratu nahi dugu. Horretarako galdeketako emaitzak beste datu eta adibide batzukin konparatu besterik ez dago bere garrantziaz ohartu arazteko. Adibidez, 2005eko Europako Konstituzioaren inguruko erreferendumean parte hartze txikiagoa izan zen, 808 herritarrek parte hartu zuten orduan, UPNk zentsoaren %24rekin agintzen du Nafarroan, PSNk zentsoaren %11ren babesa du Nafarroan, PPk Etxarrin %8.65ko babesa du… Horiek guztiak errespetagarri eta kontuan hartzekoak badira, zergatik ez zentsoaren %42,76a lortu duen kontsulta? Gainera %42,76a lortu da Nafarroako fiskaliak bere mamuak eta presioak hedatu dituen arren (CANeko ustelkeriaren aurrean itsu dagoen fiskalia bera). Eta ez ahaztu Guardia Zibilak ikerketa martxan izan zuela momentu oro. Are gehiago, %42,76a lortu da galdeketa baino egun batzuk lehenago Nafar Gobernuak kontsulta ilegala zela zabaldu ondoren.
Bigarrenik, berme guztiekin eman den bozketa/galdeketa/erreferemduma izan dela nabarmendu nahi dugu, sistema informatiko bat asmatuz zentsoa ezin zelako erabili, aurretiko bozka berme guztiekin eginez, kontaketan eta egun osoan zehar herriko, Euskal Herriko eta Nazioarteko ikuskarien lana ziurtatuz.
Hirugarrenik nabarmendu nahi dugu zalantzarik gabe oztopoz beteriko ibilbidea izan dela: ezin genuen eraikin publikorik erabili, ezin genuen zentsoa erabili, dirua lortu behar izan dugu gastuei aurre egiteko (komunikazio euskarri ezberdinak, abestiaren grabazioa, papeletak, gutunazalak, diptikoak, egitarauari dagokion gastu haundia), presioa mediatikoa (Confidencial, Diario de Navarra, COPE…) zein bestelakoa (Nafarroako Fiskalia, Nafar Gobernua, Guardia Zibila)…eta azkenik txaloak ondoren etorri diren arren herritarrok erabaki genuen herri galdeketa egitea inongo alderdi politiko zein eragileren babesik gabe.
Baina lorpenek oso zapore ona utzi dute herrian. Hortan ez dugu zalantzarik: Euskal Herrian independentziaren inguruan egin den lehen galdeketa gauzatzea lortu dugu, erabakitzeko eskubidearen gizarteratzea, herri galdeketa ariketa demokratiko gisa demokraziaren festa bihurtzea, 851 pertsonek bozkatzea, apirilaren 13an 200 bolondres baino gehiagok txanda eta ardura ezberdinetan lan egitea, osotara 32 komunikabide eta 54 kazetari akreditatu izana galdeketa jarraipena egiteko, besteak beste informazio agentzia alemaniarra, flandiarrak, katalanak zein Estatu mailako telebista kate gehienak, etxarriko galdeketak mundu zabalean ere oiartzuna izatea (Errusian, Indonesian, Euskal Diasporan…), nafar parlamentuko alderdi guztiek euren iritzia ematea Etxarriko herri galdeketaren inguruan, 50 herritar herri batzarretan agertzea, hitzaldi-eztabaida ezberdinetan 70 lagun biltzea, buzoneo ezberdinetan milaka paper banatzea 1000 etxebizitzetan. Zientoka kartel, watsap, korreo elektroniko…sarean zabaltzea, 5 elkartetako juntekin bilerak egitea eta moduz batez edo bestez 200 bazkideei ekimenaren berri ematea, Gazte Asanbladan aurkezpena egitea (30 gazte), Lizerrengon bi batzar informatibo egitea (20 herritar), egitarauaren aurkezpenean herriko plazan 100tik gora herritar biltzea, Kataluniako jendearekin herri bazkaria egitea (45 pertsona) eta Arenys de Munt herriarekin nolabaiteko anaikidetza bultzatzea, izen handiko Euskal Herriko, Kataluniako eta Letoniako begiraleak gurean izatea, alderdi politiko desberdinetako jendea elkarrekin lanean aritzea…
Pausu garrantzitsu bat eman dugu bai. Sinbolikoki aurrera eramandako ariketa demokratikoak badu bere garrantzia. Denok atera dugu ikasgaia prozesu honetatik. Herritarrok badakigu ez dugula zertan egon behar instituzio zein alderdien zai gure iritzia adierazteko. Ez badigute ahotsa ematen, guk geuk har dezakegula erakutsi dugu eta gainera alderdiek (kontsultaren alde edo kontra egon) ikusi dute ez dagoela herritarra geldiarazi lezakeen lege, konstituzio edo amejoramendurik. Gizartearen garaia da, herritarron garaia, erabakitzeko eskubidea lau haizetara zabaltzeko garaia. Gure eskuak lotuko ditugu ekainaren 8an, Durango-Iruña giza katean. Herri hau osatzen dugun gizon emakumeok beste zita garrantzitsu bat dugu herri honen etorkizunarekin. Etxarriarrak ere hor izanen gara! Gure esku dago!!!