Itziar Aizpurua Egaña
Ezker Abertzaleko militantea

Euskal Herria Bai! Inperialismo-OTAN ez!

Hogeita hamargarren urteurrena ospatzeko moduan gaude, Hego Euskal Herriak bere nortasuna defendatuz NATOri aurre egin zion eguna orain betetzen baitugu.   Egun handia abertzale, sozialista, demokrata sentitzen ziren guztientzat, eta batez ere, Ezker Abertzaleko sentitzen ginen eta garen guztiontzat.

Izan ere, 1986ko martxoaren 12an, Euskal Herriak jauzi kualitatibo handia eman zuen bere burujabetzaren alde, independentziaren alde, sozialimoaren alde, INPERIALISMOAri muturrekoa emanaz, munduko herri zapalduekin bat egiten genuela esanaz borroka askatzailean. NATO kanpora! NO esanaz ekin genion Espainiak antolaturiko erreferendumean.

Espainia 1981ean sartu zen NATOn barneko presioak medio zirelarik: militarrak zein kanpokoak, EEBBk.

Erabaki hau berretsia izan zen eskubiko alderdien aldetik, bai Espainiako zein Euskal Herriko, esate baterako, PNVk begi onez ikusten zuen NATO eskubide guztien jaun eta jabe izatea, nahiz euskal herritarrek alderantzizko iritzia izan. Noski, PNV Europako «demokristau» alderdiko partaide baita. Eta burukideei leporatzen genien ezin zutela ildo politiko horretatik abiatuta Euskal Herriaren interesak herri bezala defendatu, gainera, PSOEren Gobernuko politikari loturik zegoela, eta «yanki»en interesetara murgilduta.

Gai honetaz PNVk ez du inoiz eztabaida publikorik onartu.

Beraz, eskubiko alderdien iritzia hau zen: Estatu-arrazoiaren erabilpena ezin zela eztabaidagai jarri, eta horietakoa zen NATOko partaide izatearena. Honelako gaiak ezin ziren erreferendumaren bidez erabaki. Herritarrak ez ginela inor horrelako erabakirik hartzeko.

PSOEk 1982an gobernura heltzeko bere programan bi ardatz nagusietan oinarritu zen: NATOtik irtetea hitzeman zuen eta, 800 mila lanpostu sortuko zituela, beraz, guztiz alderantzizkoa egin zuen gobernura heldu zenean!

Herri Batasunak hasieratik garbi baino gardenago zuen Euskal Herriak burujabetza lortzeko ezinbesteko zuela NATOri EZ ematea. Beraz, saiatu ginen horretan gure indar guztiak jartzen lema honekin:  EUSKAL HERRIA BAI, OTAN EZ! Saiatu ginen ere NO hori ondo arrazoitzen, hau da, bigarren mundu-gerratearen ondoren, nazioarteko egoera berriari erantzuteko inperialismoak, hots, kapital handiaren, multinazionalen, ideologiak estrategi berri bat burutu zuela sozialismoaren eta munduko mugimendu askatzaileen aurka. Eta, estrategia honen fruitua arlo militarrean OTANen sorrera izan zen 1949an. NATO edo OTAN ez da soilik aliantza militar bat, askoz gehiago baizik!

NATO eta EEEko kide izateak sistema ekonomiko kapitalistan integrazio handiago dakar, Ipar-amerikar inperialismoaren ekonomi-politiko-militarrari mendekotasuna, alegia.

Barruko etsaia identifikatzea eta deuseztatzea da OTANen funtzio garrantzienetakoa, eta hala zioen 1986an Haig jaunak, USAko idazkari ohiak, eta OTANeko komandate gorenak: «NATOko partaide izatea bermea da zenbait prozesu iraultzaile suntsitzeko.»

Greziako herriaren aurka «Koronelen kolpea» orduko adibide, eta gaur, zoritxarrez, eskuak bete adibide ditugu mundu osoan, Estatu zapaltzaileen tresna den NATOren partehartze zuzenari esker.

Ez alferrik, bere Konstituzioaren 2. artikuluak hau baieztatzen du: «Beren Nazioarteko politika ekonomikoei oztopo egiten dien oposizio guztiak desagerrarazten saiatuko dira sinatzaileak.»

Herri Batasunak beste jauzi bat ere eman zuen: blokeen Politikaren aurka jarri, eta  ez-lerrotzearen aldeko munduko herrialdeekin bat egitea (Política de No-Alineamiento) gerraren aurka eta bakearen alde. Munduko edozein tokitan beren askatasunaren alde borrokatzen ziharduten herri zapalduekiko gure elkartasuna adieraziz, argi eta garbi. Horrela soilik eraiki dezakegulako Euskal Herriaren etorkizuna, gure etorkizuna, subirautzan oinarritua, herrien elkartasunaren bidez, nazioarteko orden berri baten alde.

Erreferendumerako kanpaina oso gogorra eta zikina izan zen!

Herri Batasunak garbi planteatu zuen, ipar-amerikar baseak; Lemoizko Zentral Nuklearra; Bardeetako tiro-poligonoa; gure industriak zeraman suntsipena; ingurugiroaren hondamendia; erabateko militarizazioa; armamentuaren gorantzko zoramen bidea; euromisilak, eta herrien menderatzeak, kate bat sostengatzen zutela, eta kate horren mailak besterik ez zirela, hau da, INPERIALISMOA zela gure katea. Beraz, arrazoi ugari genituen NATOri EZETZA emateko.

Felipe Gonzalezek eta bere gobernuak urtebete osoan jorratu zuten 1982an hartutako postura ofizialari 180º bira emateko NATOren aurkako jendarte osoarengan eragina izateko baliabide guztiak erabiliz: «de entrada NO» esatetik, «de salida NADA» esatera… Hau da, NATOn mantentzea zein beharrezko zen azaltzen.

Barruko lanak ere egin zituen. Batetik, Txiki Benegas alderdiko antolaketako arduradun nagusiak PSOEko militanteei esan zien alderditik kanporatuak izango zirela ezezko bozka publikoki defendatzen bazuten. Eta bestetik, Felipe Gonzalezek garbi utzi zuen ere, EZETZA nagusitzen bazen alde txikiarekin, berak ez zuela erabaki lotesle gisa hartuko.

PNVk berriz, alderdi bezala, berretsia zuen 1981ean NATOn egotearena, eta, bozka askatasuna eman zion militantziari, baina… kanpainan ETBn eta TVEn, Jose Antonio Ardanza lehendakariak, eta Xabier Arzallus EBBko buruzagiak, baita  alderdiko beste jende ezagunak ere, agertu ziren aldeko botoa emango zutela esanaz.

Eta, bozkatzeko hiru egun falta zirenean, Uzturrek, EBBeko kideak, euskaraz bozkatzeko esanaz agertu zitzaigun, ondo zekitenean debekatua genuela horrela bozkatzea Hauteskundeetarako Batzorde Orokorrak erabakia zuelako. Beraz, bozka nuloak lortze aldera eginiko kanpaina izan zen, azpi-joko zikina benetan! Urduri zeudenen seinale ere bai zen bestalde, zeren Euskaltzaindia bera atera zen bozka euskaraz emateko eskubidea eskatu bai, baina, oraindik euskaraz bozkatzeko baimenik ez zegoela esanaz.

Ezker Abertzaleak Talde anti-militaristekin, eta ezkerreko hainbat alorreko jendearekin batera, agiri-manifestu bat idatzi eta defendatu genuen «EUSKAL HERRIA BAI, OTAN EZ!»

Aldiz, MCE eta LCRkoek «OTANen aurkako mugida» deituriko mugimendua antolatu zuten, zerikusirik ez zuena Euskal Herriaren subirotasuna defendatzen genuenokin, alegia.

Kanpaina gogorrari imaginazioz erantzun genion: Amerikar baseen desmantelamendua esijituz; Udaletxeetan «GUNE EZ NUKLEARRA» eskatzen mozioak; ZEN Planaren salaketa, gogoraraziz Euskal Herria herri militarizatua zela, gorputz guztietako poliziaren presentziaz bizi ginela.

Gazteak mobilizatu ziren gogoz eta ilusioz. Ikastetxeetan bozkatzeko adina ez zutenek erreferenduma antolatu zuten. Kanpaina zaratatsua eta kolore anitzekoa izan zen: «kazeroladak», itzalketak herrietan ordu berean, burrunbak, kalejirak, txirrindu martxak, manifestazioak hainbat aldiz guardia zibilak apurtuak, eta papar-orratzak, kartelak, triptikoak, muralak, mitinak, hitzaldiak, irratian eta ETBn kuñak, auto- karabanak, bideo emanaldiak ere… Oro har lan handia eta zabala.

Eta Euskal Herriak 1986ko martxoaren 12an IRABAZI ZUEN! Poztu ginen benetan, Kataluinan eta Kanaria Uharteetan ere EZETZA nagusitu zelako. Hiru herri, hiru nazio, espainiar ez zirenen adierazle!

Baina, Espainian, eta eskerrak PSOEri esango nuke, BAIETZA nagusitu zen zoritxarrez.

Herri Batasunaren balorazioa: ezin hobea izan zen, EZETZA nagusitzeak ematen zigun aukerarekin aurrera jarraitzeko, jakinik Euskal Herriko multzo handi batek bat egiten zuela INPERIALISMOA zela gure etsai nagusia, horren aurka joan behar genuela, eta gogor inplikatu Euskal Herria burujabe izan zedin, gure egoeran zeuden gainontzeko herriekin baturik.

Eta, herritar guztiok hori ikus eta senti genezan, hurrengo egunetan pegatina bat atera genuen lema honekin: OTANEN KONTRA EUSKADI TXAPELDUN!      

Franco hil ondoren bizi izan dugun lau ERREFERENDUMAk markatu dute Euskal Herriaren aurrerako bidea:

1976ko abenduaren 15ean ERREFORMA POLITIKOA
1978ko abenduaren 6an KONSITUTUZIO ESPAINOLA
1979ko urriaren 29an ARABA, BIZKAIA eta GIPUZKOArako ESTATUTUA
1986ko martxoaren 12an NATOren ERREFERENDUMA
 
Baina, lauretan garrantzi handiena duena, nire iritziz, NATOren erreferenduma da, aurreko beste hiru erreferendumak bere baitan hartzen baititu, eta Euskal Herriaren erantzuna ere bai: EUSKAL HERRIAri BAI! zapaltzen gaituen INPERIALISMOAri, NEO-LIBERIALISMOAri EZ!

Bilatu