Alaitz Berriozabalgoitia Galán
Suargi Elkartea

Euskal Herria Kurdistanekin bat, Rojava aurrera!

Ofentsiba berri honek zenbat lagun eta ahizpa kenduko dizkigun galdetzen diogu uneoro gure buruari, askotan egoerak gainezka egiten digularik. Izan ere, Roshan Abdi, Kobanêko alkatearen arabera «gerra egoera batean daude».

Urriak 6 zituenean, Trumpek sare sozialen bidez AEBk Rojava-tik erretiratuko zirela iragarri zuen. Berehala, Erdoganek, Turkiako presidenteak, Bakearen Iturburua operazio militarraren berri eman zuen. Urriaren 9an, Turkiak operazio militarrari ekin zion, Siria Ipar-Ekialdeko Federazio Demokratikoaren aurka.
 
2016. urtean Europar Batasunak eta Turkiak EBera iritsitako migratzaile guztiak Turkiara itzularaztea adostu zuten urtean 3000 milioi euroren truke. Orain Erdoganek, Siria Iparraldean 47km-ko luzerako eta 30 km-ko zabalerako segurtasun esparrua eraikitzeko asmoa dauka Turkian dauden milioi bat errefuxiatu eramateko. Baina iragarritako plan honek ezkutuko alde bate daukala dirudi. Izan ere, Turkiako Kanpo Ministroak, Hulusi Akar, sare sozialen bidez “gurea dena gureganatuko dugu” adieraziz mapa bat partekatu zuen. Mapa honen arabera, Turkiak Otomandar Inperioa berreraiki nahi duela dirudi; Grezia, Txipre, Bulgaria, Siria, Irak, Iran, Armenia, Georgia,… okupatuz.

Turkiako inbasio hau ez da berria. 2018ko martxoan Turkiak Rojavako Afrin kantoia erasotu zuen. Bertan, eskualde osoan bezala, Konfederalismo Demokratikoa deritzon proiektu politikoa jarri zuten martxan demokrazia zuzenean, ekologian eta emakumearen askatasunean oinarrituz. Inbasio honek gaur egunera arte utzitako datuak emakumeontzat oso arduratsuak dira; 1000 bahiketa, 100 tortura-kasu, 60 bortxaketa, 40 erailketa eta gutxienez 5 emakumek bere buruaz beste egin dute. Hala ere, estimazioen arabera, kasu hauek totalaren % 30a baino ez dira.

Rojava osoko inbasioa ildo beretik doala dirudi. Kongreya Star-ek (Siria Iparraldeko emakume mugimendu zibil guztiak barne hartzen dituen erakundea), Turkiaren inbasioak emakume eta haurretan duen eragina aztertzen duen txostena argitaratu berri du. Txostenaren arabera, Rojavan emakumearen askatasunaren alde burututako aurrerapen guztiak mehatxu larrian daude; emakumearen legea eta emakumeen justizia jauregiak, emakumearen ahalduntzea, emakume etxeak eta akademiak, kooperatibak,… . Halaber, oso larriak dira Turkiako armadak eta inguruko taldeek, emakume zibilen aurka burututako eraso espezifikoak. Hauek, Genevako Hitzarmenaren 7. artikulua eta Erromako Estatutuaren  8. artikulua hausten dituztelarik.  Horren adibide, Hevrin Khalaf Etorkizuneko Alderdiaren idazkariaren aurkako erasoa da. Turkiako inbasioa hasi eta hiru egunera, M4 errepidetik Tel Abya-ra zioala 123 batailoiko Ah-rar al-Sharqiya milizia jihadistak geratu, torturatu eta erail zuen. Erailketa sare sozialetik zabaldu zuten emakume guztiei mehatxu eginez. Hevrin Khalaf emakumeen iraultzaren sinbolo bihurtu da Siria demokratiko, anitz eta deszentralizatu baten alde. Baina Hevrin ez da bakarra izan. Azaroaren 17an bi gizon armatuk Etorkizuneko Alderdiko eta Deir er Zor-en Autoadministrazioko Botere Legegilearen kide zen Lîna Ebdulwehab-en etxera sartu eta exekutatu zuten. Oihartzun handia jaso zuen ere urriaren 13an Qamishlo-tik Serekaniye-ra zioan konboi humanitarioaren bonbardaketak. Erasoan 74 kazetari, zibil eta osasun-langile zauritu eta beste 11 hil ziren, tartean Kongreya Star-eko exekutibako eta Justiziarako Emakume Asanbladako kidea zen Eqîde Eli Osman eta Media Bouzan, Hafin Klalil eta Mogamed Bouzan osasun langileak.

Durangoko Suargi elkarteak bi bidai egin ditu bertara. Bidai hauen emaitza Durango eta Kobanê arteko senidetza da. Lehenengo bidaian ezagututako bi ez dira bizi. Bigarren bidaian txofer lanak egin zituenaren bi semek Afrin-eko inbasioan galdu zuten bizitza. Ofentsiba berri honek zenbat lagun eta ahizpa kenduko dizkigun galdetzen diogu uneoro gure buruari, askotan egoerak gainezka egiten digularik. Izan ere, Roshan Abdi, Kobanêko alkatearen arabera «gerra egoera batean daude».

Turkiako inbasioari gure gaitzespena erakusteko eta Kurdistanekiko elkartasuna adierazteko, Abenduaren 7an arratsaldeko 17.00etan Durangoko Landako Gunetik «Euskal Herria Kurdistanekin bat, Rojava aurrera!» lelopean manifestazioa egingo da Euskal Herriko Herri Kurduaren aldeko elkartasun taldeek deituta. Turkiak askatasun demokratikoaren kontra burutzen ari duen inbasioaren aurrean denok zer galdu daukagulako.    

Jin, Jiyan, Azadî (emakumea, bizitza, askatasuna)

Bilatu