Aritz Arrieta Obeso

Euskal langilegoari gutun irekia

Zakur batek beste zakur bat edo pertsona bat bere letaginen artean atxikitzen duenean eta ez duenean askatzen esaten dute egin behar dena zera dela, atzeko hanketatik heldu eta tira egin harrapakina aska dezan.

Nik, egia esan, ez dut teknika hori frogatua situazio hori egokitu izan zaidanean ostikoka erreakzionatu izan dudalako. Horrek ere funtzionatzen duela esan dezaket baina harrapariak matrail hezurrak are indartsuago estutzea ere ekar dezake, beraz hotzean pentsatu ezkero hobea izan daiteke atzeko hanketatik tira egitearena.

Baina bistan dena da arrazoizko hitzak eta errespetuzko argudioak bakarrik erabiliaz, ez duela askatuko are gutxiago Netanyahu edo Biden bezalako zakur amorratua denean.

Zor den begirune guztiaz diot; ahalegin diplomatikoak ere behar beharrezkoak dira eta komunitate internazionalak presioa egin behar du genozidio hau geldiarazteko eta konponbidea bilatzeko. Gatazkaren muinari helduaz eta Palestinarrei beren lurrak itzultzeko exijituaz edo gutxienez ONUren ebazpenak betearazten. Erabat ados.

Baina saiakera diplomatikoak «atzeko hanketatik tiratzearen taktikaz» lagunduta egin behar dira bestela alper-alperrik dira, orain arte behin eta berriz demostratua geratu den bezala. Palestinarrentzat hain umiliagarriak eta Israelgo estatu sionistarentzat hain onberak izan diren ONUren erresoluzioak ere sistematikoki urratu dituztenean eta hauen gainean eta giza eskubide oinarrizkoen gainean atzeko hanka altxa eta pixa egin dietenean, gero eta lurralde gehiago ebatsiaz, odol eta malkoz.

Eta zer egin dezakegu guk zakur amorratua geldiarazteko? Begira nola erori zen Hegoafrikako apartheida. Boikot internazionalak asko lagundu omen zuen, bertakoek emandako ostikoez gain.

Euskal enpresa askok dauzkate harreman komertzialak Israelgo estatu sionistarekin, CAF ezagunena delarik ilegalki okupaturiko Zisjordaniako lurraldeak lotzeko trenak egiteko kontratu gozoekin. Aurrera begira pozoia izan daitezkeenak zeren nork egingo dizkio enkargu berriak triskantza hori egiten ari den Israelekin kolaboratu duen enpresa bati?

Edo beste «enpresa» bat: Eusko Alderdi Jaurlaritza, «segurtasun» alorreko hainbat trapitxeo dauzkana Israelekin.

Jaurlaritza honengandik ez dut ezer espero eta beste enpresatako langileei kontratu horiei muzin egitea eskatzea oso gogorra da, gehiago gure industria gainbehera dagoen honetan. Eskatzen jarrita greba orokor bat eskatuko nuke nik haiekin elkartasunez.

Bistan da eskaera naif-a eta inuxentea dela agian, langileriaren gihar iraultzailea ikusirik, euria egin dezan danborrak jotzea bezalakoa edo «San» Kropotkin inbokatzea bezala edo Olentzerori eskutitza bidaltzea bezala baina eskatzen jarrita nahiago Olentzerori eskatu hura langile klasekoa baitzen, gu guztiok bezalaxe, ingeniari, unibertsitateko irakasle, kazetari, artistak eta bestelako obrero espezializatuak barne. Eta itxaropena edukitzekotan harengan edukiko nuke eta inola ere ez Errege magoengan eta agintariengan.

Boikota Israeli. Palestina askatu.

Bilatu