Soziolinguista eta Euskaltzaindiko Sustapen Batzordeko kidea
Euskaltzaindia: herri gogoa, berri gogoa

Euskara batua da Euskaltzaindiak azken berrogeita hamar urteotan egin duen lanik garrantzitsuena eta erraldoiena.

2019/10/25

Euskaltzaindiak ehun urte. Joandako aldiak bezalaxe, Euskaltzaindiaren etorkizunekoak ere eraikitzailea izan behar du euskararentzat. Azken ehun urteotan gizateriaren inoizko iraultza zientifiko eta teknologikorik handiena bizi izan dugu. Iraultza horrek gure pentsatzeko, komunikatzeko eta errealitateaz jabetzeko moduak aldatu ditu. Iraultza horren haritik hizkuntzak ere gizakiaren pentsaera, bizimolde eta premia berrietara egokitu dira. Euskara ere bai. Gizakiaren komunikazio premia berrietara moldatu eta egokitzetik datorkie hizkuntzei etengabeko aldaketa eta garapena, hitz bakarrean esanda, modernizazioa. Euskarak ere, euskaldunon komunikazio beharretarako tresna eraginkorra den neurrian iraungo du bizirik eta osasuntsu. Orain arteko iraultza teknologiko horrek ondorengo urteetan zer gizarte aldaketa ekarriko dizkigun ez dakigu baina, dakarrena dakarrela, euskararentzat ondorengo urteetako lehentasunek orain artekoen ildotik jarraitu behar dute. Komunikaziorako euskara ardatz izango duen gizartea eraiki behar dugu. Barre eta negar euskaraz egingo duten euskaldunekin osatutako gizartea eraiki behar dugu. Oroimenean gordetako bizipenak euskaraz dituzten euskaldunekin osatutako gizartea. Atsekabean barrua euskaraz hustuko duten euskaldunekin osatutako gizartea eta, atsegin betean, pozak eta alaitasunak euskaraz biziko dituen gizarte euskalduna izan behar dugu jomuga.

Euskara batua da Euskaltzaindiak azken berrogeita hamar urteotan egin duen lanik garrantzitsuena eta erraldoiena. Orain berrogeita hamar urte euskara euskalki eta azpieuskalkitan zatikatuta egoteak ezinezkoa egiten zuen euskarazko irakaskuntzari heltzea, izan ere, ezinezkoa baitzen eskola liburuak euskalki guztietan argitaratzea eta irakasleak euskara guztietan trebatzea. Administrazioaren jardunbide egokirako ezinezkoa zen herri erakunde eta udal bakoitza bere euskaran aritzea. Prentsa idatzian ere euskara bakarra behar zen euskalkitan sakabanatutako irakurlegoa biltzeko eta euskarazko prentsa sendoa eraikitzeko. Hizkuntza galbidetik garabidera ekartzeko ezinbestekoa zen euskararen estandarizazioa. Izan ere, estandarizazioarekin euskara gizartearen behar berrietara egokitu baitzen eta egokitzapen hori nahitaezkoa izan zuen euskarak bizirik irauteko. Aldatu ala hil, hori da hizkuntza ororen bizilegea.

Azken berrogeita hamar urteotan, batik bat eskolaren bidez, berebiziko zabalkundea izan du euskararen ezagutzak. Gaur egungo belaunaldi berriek euskaraz ikasi dute eta euskaraz ikasitakoarekin laneratzen dira. Gaur egungo lan munduak, ordea, salbuespenak salbuespen, erabat baztertzen du euskara. Belaunaldi berriak euskalduntzeko euskal gizarteak egiten duen ahalegina zapuztu egiten du lan munduak. Gizakiak historiaren sokan eratu dituen gizarte antolaketa guztiak lanean ardaztu ditu, bizidun den aldetik hortik lortu baitu asetzea elikatzeko duen beharrik funtsezkoena. Lana edo beharra du gizakiak bizirik irauteko funtsezko jardunbide edo bizibide. Gaur egungo gizartea lanean ardaztuta dago. Lanaren garrantzia gaur egungo estatu moderno guztietako legedietan aitortzen da, oinarrizko eta funtsezko giza eskubide gisa. Gizakiak berezkoa du lana eta bere izanari, bere gizatasunari lotuta dago. Gizakiak, bere garapen pertsonalerako, duintasunez bizi ahal izateko, funtsezko jarduera du lana. Lanaren garrantzi soziala ukaezina da, toki bat ematen baitio gizakiari txertatuta dagoen gizartean eta, kasu askotan, gizarteko kideek balio sozial eta aitormen handiagoa edo txikiagoa dute betetzen duten lanaren arabera.

Azken berrogeita hamar urteotan euskara eskolan sartzea izan da euskalgintzaren erronka nagusia eta zalantza izpirik gabe ondorengo urteetako eginkizun nagusia euskara laneratzea izango da, ezinezkoa baita euskaldunez osatutako gizartean euskara gizarte horretako hizkuntza nagusi bihurtzea lanerako baliorik ez duen bitartean. Datozen bi hamarraldietako euskalgintzaren ekinbide nagusia bihurtu behar du lana euskaraz egiteak euskal gizarteko lan arlo guztietan. Horixe izan behar du euskalgintzaren apustu estrategikoa eta horretan Euskaltzaindiak bultzada eta laguntza handia eman dezake Jagon Sailetik, euskararen sustapenerako duen egituratik.

Euskaltzaindiari ere bete-betean eragin dio azken ehun urteotan gertatu den iraultza zientifiko eta teknologikoak. Euskaltzaindiak lan egiteko metodoak eta baliabideak etengabe aldatu eta egokitu ditu bere ibilbide akademikoan. Esate baterako, kontu jakina da Koldo Mitxelena euskaltzain eta hizkuntzalari handiak euskarazko hiztegia osatzeko hitzen fitxak zapata kaxatan gordetzen zituela bere etxeko armairuetan. Euskaltzaindiak zapata kaxetatik atera du euskara eta Interneteko plaza zabalean jarri du. Gaur egun Euskaltzaindiaren Hiztegia sakelan dugu esku-eskura. Barne funtzionamenduan ere aldaketa bat baino gehiago egin du Euskaltzaindiak orain ehun urteko sorrera hartatik. Adibide baterako, orain dela urte batzuk arte, euskaltzainen izendapenak hil artekoak ziren; gaur egun, aldiz, euskaltzain osoak ohorezko euskaltzain bihurtzen dira 75 urte betetzen dituztenean,  eta beste euskaltzain gazteago batek hartzen du beren tokia. Euskaltzaindia, erakunde bizia den aldetik, etengabe egokitzen da sortzen zaizkion premietara euskararen aurrerabiderako tresnarik eraginkorrena bihurtze aldera. Beti izango da hobekuntza non egin eta ahalegin horretan dabil Euskaltzaindia eta ibili beharko du aurrerantzean ere.

Euskaltzaindia herri gogotik sortutako erakundea da eta mendeurreneko gogoetatik gogoberriturik ekin dio etorkizunari. Euskaltzaindia hor izan da beti euskararen historiako ekintzailetzan: ikastolen sorreran, euskalduntze-alfabetatzea antolatzen, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa aurrera eramaten, euskararen lehenengo gaitasun agiriak banatzen… eta zalantzarik ez dut euskarak lan arloa irabazteko dituen premiei erantzuten ere hor izango dugula Euskaltzaindia. Ekin eta jarrai.

Artikuluak
Aitor Elizalde Gastearena
2019/11/12
Víctor Manuel Egia Astibia
2019/11/12
Jose Mari Esparza Zabalegi e Iñaki Anasagasti Olabeaga
2019/11/11
Santiago González Vallejo
2019/11/11
Gutunak
Pedro Mari Usandizaga Añorga
2019/11/12
Javier Orcajada del Castillo
2019/11/12
Enric Vivanco Fontquerni | Barcelona
2019/11/11
Mikel Baldus
2019/11/11
Azken post-ak
Martin Garitano
2019/11/12
Martin Garitano
2019/11/11
Martin Garitano
2019/11/08
Martin Garitano
2019/11/07