Jon Urruxulegi
Udal itzultzailea

Euskara udaletan

«La Ley Municipal colocará el euskera al mismo nivel que el castellano». Titulu hau irakurri nion "Diario Vasco"-n Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Kontseiluordeari aurtengo otsailaren 4an. Berehalaxe pentsatu nuen titulu biribila eta pozgarria zela benetan, egia balitz. Eta aipatu tituluak iruzur egiten duela egiaztatzeko, arrazoi biribil batekin iritsi nintzen bigarren artikulura. 

Egunkariaren ale berean, 12. orrialdean, begira zer nuen irakurria aurretik: “El TSJPV declara nula la selección de nuevos conductores de Dbus que les exigía euskera”. Beraz Dbuseko gidariak ez dira munizipalak edota bestela Patxi Baztarrikak ziria sartu nahi izan dio irakurleari. Jakina, Baztarrikaren artikulua geldi-geldi irakurtzeari ekin diot eta ez dago asko irakurri beharrik, dirudienez laster Eusko Legebiltzarrak onartuko duen ‘Proyecto de Ley Municipal’ delakoaren euskararen normalizaziorako eraginak euskarari onura handirik ez diola ekarriko pentsatzeko. Orain arte bezalatsu jarraituko du normalizazioak. Bi hizkuntzen maila berdinaren arrastorik gabe.

        Eusko Jaurlaritzak bermatu nahi omen du hiritarrek berek hautatzen duten hizkuntzan atendituak izan daitezela. Kontu zaharra. Alegia, Udaletxean auskaraz dakiten batzuk edukitzea aski da betiko euskaldun diskriminatuaren ‘eskubide’ hau betetzeko. Baina Baztarrikak berehalaxe argi uzten du politikoak (zinegotziak) ez direla behartuak izango euskara jakitera. Beraz non gelditzen da tituluak dioena, hots, euskara eta gaztelaniaren parekotasuna?

    Artikuluan Baztarrikak ez ditu zehazten Udal Legeko artikuluen definizio literalak, nahiz murriztuak eman. Artikuluak behartutako gabezia honek kritika serio bat egiteko ezgai bihurtzen du irakurlea. Udalek euskararen aldeko sustapen eta dinamizazioaren konpetentzia izango dute. Horrela esanda edozer gauza uler daiteke. Udalek kolaborazio-markoak artikulatu ahal izango dituztela dio, mankomunitateak eratuz. Eusko Jaurlaritzak UEMA topera sustatu, hedatu eta finantziatuko duela ulertu nahi dut. Printzipio nagusia euskara eta gaztelania biak ofizialak direla eta erabileran, zerbitzuan eta lanean baldintza berdinetan jardungo dela. Bi hizkuntzen ofizialtasuna eta normalizazioa kontuan izanik, Gipuzkoako Diputazioak eskatu zuen zinegotziak legez euskara jakitera behartu beharra dagoela. Baztarrikak dio euskal Ganbera ez dela konpetentea gai honetan. Hautagarritasuna  Espainiako Lege Organikoak arautzen duela eta ez Udal Legeak. Gainera, Espainiako Lege Organikoaren gainetik europar zuzenbidea dagoela eta honen arabera Europa osoko edozein herri eta hiritan erresidentea izatea aski dela hautagarritasunaz hornitua egoteko. Baztarrika gaur Munichen erroldatuko balitz, hurrengo udal hauteskundeetara aurkeztu ahal izango lukeela, alemanez tutik jakin gabe ere. Baina hemen etorkinek gaztelaniaz denek badakitenez… Beraz, Baztarrikak Munichen hainbat eskubide du Euskal Herrian Sevillatik, Munichetik edo Birkirkiratik etorri eta hemen erroldatu den batek udal hauteskundeetara aurkezteko.  

    Ez da egoki, haizu eta zilegi euskararen eta gaztelaniaren arteko mailaren berdintasun ofiziala aldarrikatu eta gero, funtzio publikoa benetan eta efikaziaz egikaritzean, eginkizun politikoa burutzeko garaian, elebitasun ofiziala ozenki aldarrikatu eta ondoren politikoei euskararen kontra zuzen-zuzenean doan konkista ‘demokratikoa’ aplikatzea. Posible al da zuzenbide-titulua lortu gabe funtzio publikoan abokatu lanak egiteko aurkeztea? Badakigu ezetz. Eta zergatik da posible euskara jakin gabe zinegotzi-lanak betetzeko aurkeztea? Eusko Jaurlaritzak aspaldi hartu behar zuen erabakia da egun jakin batetik bost urte pasa ondoren funtzio publikoan edozein lan egiteko, hau da, funtzionarioak euskaraz alfabetatua egon behar duela, gaztelaniaz egon behar duen bezalaxe. Ala Eusko Jaurlaritzak ez du horrelako erabaki bat legez hartzeko konpetentziarik? Horrela bada, zer joko darabil esku artean? Noiz arte Madrilen eskumutil txintxo? Eta noiz arte kontsentitu behar dugu herritarrok Madrilekiko gobernu-morrontza hau?

    Argi dago euskararen normalizazioak ez duela aurrerapen nabarmenik puska batean ezagutuko, gaurko Eusko Jaurlaritzak daraman hizkuntza-politika errotik ez bada aldatzen. Eta dirudienez, itxura guztien arabera, ez da aldatuko. Nik jakin nahi nukeena da zer bekatu egin dudan euskarari dagokionez honelako politikoak edukitzeko eta ez Katalunian bezala Madrili hortzak erakusten dakiten bezalakoak. Marcos Vizcaya senatariak zioen: “La misión del PNV es que Euskadi logre un encaje cómodo en España”. Eta inork ez ditu hitz hauek gezurtatu nik dakidala behintzat. Independentziarekin Euskal Herria aza-baratze bihurtuko omen litzateke (Arzallus dixit). Ez al dago gure herria behar hainbat prestatua herri subiranoa izateko? Espainiar erreferentziak geureganatu ditugu kulturalki, barneratu egin ditugu. Fikzio batean bizi gara konturatu ere egin gabe.

    Euskara gaixoa, independentziarik gabe etorkizunik ez duen  ama errukarri ikusten zaittut.

Bilatu