Rebeka Ubera
EH Bilduko legebiltzarkidea

Euskaraldia eta hizkuntza politika publikoa

Koherentzia eskatu behar zaie instituzio publikoei, hitzez diotena bat etor dadila praktikan egiten dutenarekin

Konpromiso pertsonala ezinbestekoa da euskararen erabilera sustatu eta areagotzeko, jakina, eta hori da, hain justu, Euskaraldiaren oinarria: norbanakoen konpromisoa, belarriprestena zein ahobiziena, hizkuntza ohiturak aldatzeko. Zalantzarik ez, ariketa ederra da Euskaraldia, egunerokotasunean euskara bazter uzteko inertzia apurtzea ahalbidetuko duena. Nahiko nuke, halaber, Euskaraldiak bestelako inertziak ere apurtzea ekartzea, instituzioetan zehazki, hizkuntza politika publikoen norabidea aldatzeko.

Jaurlaritza eta Foru Aldundiak euskararen erabilera sustatu beharra aldarrikatzen ari dira, azken hilabeteotan bereziki, eta ondo dago, baina prozesu horretan herritarrok, gutariko bakoitzak, dugun ardura azpimarratuz, instituzioen erantzukizuna, euskararen erabilera sustatzeko politika publikoek duten garrantzia, bigarren maila batean uzten ari dira. Dagokien ardurari zintzotasunez eta seriotasun osoz heldu beharrean, instituzio nagusiak ardura hori norbanakoengana desbideratzen saiatzen ari dira nolabait.

Eta are okerrago, euren mezu publikoak –«euskararen erabilera sustatu behar da»– ez datozelako bat euren praxi politikoarekin. Euskararen erabilera sustatu behar dela dioten berberek bigarren mailakotzat jotzen dute gero eguneroko praktika politikoan. Hala, euskara ez omen da guztiz beharrezkoa Osakidetzan edo Administrazio Publikoan aritzeko. Ezta ere etorkinen integrazioa errazteko, harrera protokoloen bidez. Ez omen da beharrezkoa euskara jakiteko eskubidea bermatzea. EITBn bertan ere desoreka nabarmena da, euskarak ez omen duelako merezi gaztelaniari aitortzen zaion estatus bera.

Festibalak eta ekitaldi handiak izendatzeko ere ez omen du balio, eta ingelesera jotzea ohitura bilakatu da. Baina gero, bai, euskararen erabilera sustatu behar dela diote. Benetan? Zaila horrelakoak sinestea egunerokoan euskara zokoratzen ari direnean, inplizituki jendeari helarazten ari zaizkion mezua denean euskara ez dela ez beharrezkoa ez garrantzitsua.

Beste alor batzuetan bezala, hizkuntza arloan ere ardura publikoak eremu pribatura desbideratzeko joera areagotzen ari da eta, hizkuntza politika publikoak indartu beharrean, instituzioak dagokien erantzukizuna albo batera uzten ari dira neurri handi batean, euskara sustatzearen ardura norbanakoena bakarrik balitz bezala. Bultzada publikoa hain eskasa izanik, ezin da pentsatu euskarak jauzi kualitatibo handia eman dezakeenik erabilerari dagokionez.

Koherentzia eskatu behar zaie instituzio publikoei, hitzez diotena –«euskara garrantzitsua da, euskara prestigioa da»– bat etor dadila praktikan egiten dutenarekin. Diskurtsoa errealitate bilakatu behar dute eremu eta arlo guztietan herritar guztion hizkuntza eskubideak bermatzeko, eta horrek eskatzen du euskara gaztelaniaren pare jartzea gutxienez Lan Eskaintza Publikoetan, EITBn… eta, finean, benetako Hizkuntza Politika, letra larriz, egitea, elkarlanean udal eta euskalgintzako eragileekin. Babesle hutsa izatetik ekintzaile, sortzaile eta bultzatzailea izatera pasako den Hizkuntza Politika, alegia.

Bilatu