Patxi Saez Beloki
Soziolinguista eta Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko kidea

Euskararen behar naturala

Hizkuntza bat zenbat eta funtzionalago eta erabiliago izan, orduan eta ezagutza zabalagoa eta orokortuagoa izango du sistema sozial horretako kideen artean. Azken batean, hizkuntza batek funtzionaltasun eta erabilera handia badu antolaketa sozial jakin batean, «behar natural» handia sorraraziko du bertan txertatu nahi duten kide berrien artean.

Euskara normalizatu nahi badugu, euskara gizartearen erdigunean jarri nahi badugu, euskararen aldeko aldaketa soziala eragin nahi badugu, euskarak berak, komunikazio hizkuntza gisa erabiltzeko, behar naturala (sozio-funtzionala) sorrarazi behar du hiztunen artean.

Egoera normalizatu batean dagoen hizkuntzak hiztunengan eragindako behar hori berezkoa du, naturala. Hizkuntzaren berezko hiztunentzat, batik bat elebidundu gabe daudenentzat, hizkuntzaren beharra ikusezina da: berezko adierazpide duten hizkuntzaren erabilera erabat arrunt eta ohikoa zaie. Ikus dezagun Bernardo Atxaga idazlearen testigantza:

«Haurtzaroko aldi labur batean hizkuntza erabat arrunta izan zitzaidan euskara. Ez nuen hari buruzko iritzi edo, gerora maiz bezala, kezkarik. Aitari eta amari ‘atta’ eta ’ama’ deitzen nien, euriari ‘ebi’ edo eguzkiari ‘eguzki’ deitzen nien bezala, eta horretan erabakitzen zen dena, pertsonak eta gauzak izendatzeko modu ‘betikoaren’ erabileran».

Gizakiak bere gizakitasunetik bi mailatako behar naturalak ditu: alde batetik, norbanakoari dagozkion oinarri-oinarrizko beharrak ditu, behar fisiologikoak, bizirik irauteko nahitaezkoak (arnasa hartu, elikatu, lo egin, bere burua garbitu, jantzi, osasuna zaindu...). Eta, beste alde batetik, gizarte mailako beharrak ditu, gainontzeko gizakiekin dituen harreman edo gizarte mailako elkarrekintzetatik sortutako beharrak (familia sortu, lagunak izan, maitasuna erdietsi, onarpena izan, estatus bat lortu, prestigioa izan, arrakasta lortu, autoerrealizazioa...). Hain zuzen ere, hizkuntza bat –gurean euskara– bere hiztunek dituzten beharrizanak asetzeko tresna baliagarria den neurrian bihurtuko da ezinbesteko edo –baliorik ezean– hutsaren hurrengo.

Hizkuntza batek asetzen duen komunikazio beharrik oinarrizkoena haur jaioberriarena da. Gizakiak dituen beharrik oinarrizkoenak behar fisiologikoak dira, alegia, gizakiak bizirik irauteko oinarrizkoenak. Beraz, gizakiaren berezko behar naturalen mailarik oinarrizkoenean, haur jaioberriarena izango genuke. Hil ala bizikoa du haur jaioberriak ama duenari bere behar oinarrizkoen berri ematea. Haurtxo babesgabeak ez du gaitasunik bere kasa elikatzeko, eta amarik gabe ezin du iraun. Lehenengo egun eta hilabeteetan haurrek negarra dute adierazpide eta, hizkuntza ikasteko gaitasuna garatu ahala, esan ohi duten lehenengo hitza munduko hizkuntza guztietan ia berbera da: «ama». Gizakiarentzat ahoskatzeko fonemarik errazenak ezpainbikoak dira: m, p eta b. Baita a bokal irekia ere. Hitz egiteko saiakeran, haurraren ahotik irten ohi diren lehen soinu horiek, gurasoek beren buruarekin lotzen dituzte eta, horregatik, munduko hizkuntzetan «ama» da hitzik unibertsalena. Horregatik, hain zuzen ere, munduaren bi muturretan, Nepalen eta Euskal Herrian, izen berbera dauka gu guztion sortzaileak: «ama».

Gizakiak, edozein harreman sistematara iristen denean, familia izan, lagunartea izan, lantokia izan edo herri bat izan, ahalegin betea egingo du harreman-sare horretan erabiltzen den komunikazio moldea bereganatzeko. Izan ere, gizaki orok antolaketa sozial batera egokitzeko ahalegina egingo du, antolaketa sozial horrek bere gizatasunaren oinarrizko beharrak betetzen dituen neurrian.

Hizkuntza ororen bizi-indarra antolaketa sozial batean duen funtzionaltasunaren araberakoa da. Hizkuntza bat zenbat eta funtzionalago eta erabiliago izan, orduan eta ezagutza zabalagoa eta orokortuagoa izango du sistema sozial horretako kideen artean. Azken batean, hizkuntza batek funtzionaltasun eta erabilera handia badu antolaketa sozial jakin batean, «behar natural» handia sorraraziko du bertan txertatu nahi duten kide berrien artean.

Ikus dezagun herri mailako antolaketa sozial baten adibidea:

Hilabete batzuk daramatzate Azpeitian bizitzen Valeria Silva brasildarrak eta Verónica Medina espainiarrak. Ez batak, ez besteak, ez zuten uste Azpeitian beharrezko izango zutenik euskara bizitzeko. «Iritsi nintzenean harrituta gelditu nintzen, zera pentsatu nuen: zer gaztelania arraro hitz egiten dute hemen?», azaldu du Silvak. Segituan erabaki zuten euskara ikasten hastea.

«Egia da euskara ezin duzula erabili Euskal Herritik kanpo; baina berdin du, garrantzitsua da orain hemen gaudelako. Ogia erosteko behar dut euskara», adierazi du Medinak. Lagunak ere euskaldunak egin dituela esan du; hori dela-eta ematen dio garrantzia hizkuntzari.

«Lagunak egiteko baino gehiago, lanerako ikusten dut garrantzitsua hizkuntza. Hemen gelditzeko etorri naiz, eta hemengo jendeari zerbitzuren bat eman nahi badiot, euskara jakin beharra dago», erantzun dio Silvak.

Valeria Silva brasildarrari eta Veronica Medina espainiarrari gertatu zaien bezala, euskara erabiltzearen aldeko egoera sozial batean murgilduta dagoenak, nahiz eta erdaraz hobeto moldatu, ahalegina egingo du egoerak sortzen dion behar natural horretara egokitzeko eta gehiengoak duen hizkuntza jokabidera moldatuko da. Beharbada, moldaketa edo egokitzapen hori ez du egingo nahi duelako, ezta horretarako borondatea duelako ere, baizik eta jokabide sozialaren aurka ez joateagatik, azken batean, sistema horretan euskara erabiltzeko dagoen arau soziala ez urratzeagatik eta gatazka ez sortzeagatik. Sistema sozial batean gehiengoak finkatutako arau soziala ez betetzeak gatazka sor dezake eta sistema sozial horren periferian, baztertuta gelditzeko arriskua dago. Beraz, gure gizatasunetik etengabeko onarpenaren eta integrazioaren bila gabiltzanez, egokitu egingo gara gizarte-sistemak finkatutako jokabideetara, baita euskaraz egiteko dagoen arau sozialera ere. Euskararen aldeko egoera sozial batean murgilduta dagoena, nahiz eta erdaraz hobeto moldatu, euskaraz egiten ohitzen joango da, gaitasuna eskuratzen, jarrera aldatzen eta, azken batean, euskara erabat erabilgarri bihurtuko zaio, izan ere, praktika etengabeak ekarriko baitu hizkuntza barneratzea eta erraztasunez erabiltzea.

(Euskaltzaindiaren EUSKERA aldizkariaren 61-2 ikerketa zenbakian argitaratua. Artikulu osoa patxisaez.eus orrialdean irakur daiteke).

Bilatu