Euskararen erabilera normalizatzeko
Hizkuntza politikak, berez, jarduera kontzertatua izan beharko luke. Kontzertatua lurraldeen artean, herri administrazio desberdinen artean, herri administrazioen eta euskalgintzaren artean eta erakunde desberdinen artean.
Bide horretan ulertu behar dugu, aurrenik eta behin, normalizazio prozesua, irekia dela eta eragile anitzekoa dela. Adibidez, euskarazko irakaskuntzaren sorrera eta hedapena (ikastolak eta beste), euskararen ofizialtasunaren aldeko borroka (1978-82), euskalduntze-alfabetatzearen aldeko mugimendua edota euskarazko hedabideen sorrera eta hedapena (irratiak, ETB1, «Egunkaria», «Berria», aldizkariak...). Aipatu guztiak faktore anitzeko ondorioak izan dira, ez dira izan hizkuntza politika jakinak ekarriak. Gertaera horiek, bakoitza bere esparruan, eragile jakinek sustatuak izan dira, eta, kasu gehienetan, atzeraezineko aldaketa ekarri dute. Ez dugu dudarik euskararen normalizazio prozesua XX. mendeko azken 50 urteetan eredugarria izan dela, euskararen hiztun elkartearen bilakabidea harrigarria eta erakusgarria izan dela.
Dena den, oraindino normalizazioaren aldeko borrokan hutsune handi bat, gutxienik bat, daukagu: herri administrazioa. Hedabideetan, irakaskuntzan eta beste zenbait eremutan lortu duguna ez baitugu lortu herri administrazioan. Egunotan, hain zuzen ere, aurkezten ari da Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plan Nagusia, V. Plangintzaldia (2013-2017).
Herri administrazioetan, gobernuetan edo gobernu ataletan eremu jakin batean edo errealitatearen alor zehatzetan aldaketak sorrarazteko asmoz plan edo plangintza egin ohi da. Plan guztien abiaburu, xedea eta helburuak zehaztearekin batera, eraldatu nahi den egoeraren edo arazoaren deskribapena eta analisia egin ohi da. Euskararen erabilera normalizatzeko plangintzetan, ordea, izenburuan adierazten denetik harago ez da askoz gehiago azaltzen planaren zioa zein den. Plana egitearekin inplizitu ei doa.
Euskararen erabilera normalizatzeko edozein plangintzaren zioak beharko luke hizkuntzen arteko asimetria maila murriztea, hori gutxienik. Hau da, hizkuntza gutxitua zein den zehaztu behar da eta hizkuntza gutxi- tuaren hiztun elkarteak jasaten dituen eskubide urraketak azaldu behar dira eta gabeziak identifikatu behar ditugu, plangintzaren bitartez konponbideak bilatu ahal izateko.
Denok dakiguna esateak zertarako balio du? Guztiok dakiguna idazteak balio du denok planaren abiapuntu berbera izan dezagun. Arazoa da bateren batzuek ez dutela onartu nahi euskara hizkuntza gutxitua dela eta euskararen hiztun elkarteak eskubideen urraketak eta gabeziak jasan dituenik. Arrazoi nahikoa izango litzateke plangintzan azaltzeko. Baina bada argudio sendoagoa behar hori arrazoitzeko: plangintzaren zioa edo sorburua delako.
Gaude, plangintzaren hasieran argitu beharko litzatekeela euskara hizkuntza gutxitua dela, euskaldunak gutxiengo direla, hizkuntza funtzioetan eta erabilera mailetan asimetria dagoela, eta euskararen hiztun elkarteak eta euskaldunek eskubideen urraketak sufritzen dituztela. Era berean, azaldu eta argitu beharko litzateke hizkuntza nagusia erdara dela, biztanle guztiek dakitela erdaraz, funtzio eta eremu guztietan erabili daitekeela arazorik gabe eta erdararen hiztun elkarteek eta erdaldunek eskubide guztiak aitortu eta salbu dauzkatela. Erdara beti eta edonon erabil daitekeen bitartean, euskara toki, eremu eta eginkizun mugatuetan besterik ezin erabil daiteke. Hori guztia azaldu beharko litzateke plangintzan.
Hori da Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plan Nagusiaren gabeziarik larriena. Horren ordez, Jaurlaritzak aurkeztu digun planak euskararen erabilera normalizatzeko bainoago hizkuntza ofizialen erabilerarako araubidea dirudi.
Gure herri administrazioak ez dira horren zaharrak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, kasurako, orain dela hogeita hamabost bat urte sortutako herri administrazioak ez zuen aintzat hartu herri honetan bi hizkuntza ofizial zeudenik, ez zuen kontuan hartu herri honetan euskara eta euskaldunak zeudenik. Erdara eta erosotasuna, edo nahiago baduzue, eraginkortasuna eta erdara, lehenetsi dira gure herri administrazioak antolatzerakoan eta hedatzerakoan.
Hamazazpi urte igaro dira herri administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzeko dekretua argitaratu zenetik. Ordurako hiru herrialdeentzako herri administrazioaren eraikina itaxurrez josita zegoen. Itogin horiek guztiak konpontzea izan da plangintzen eginkizuna. Ez gaude baliabideak eta indarrak alferrik xahutzeko, komenigarria izango litzateke kontuan hartzea euskararen hiztun elkartea existitzen dela etengabe eraikitzen eta berreraikitzen ari den herri administrazioa egiterakoan.
Jaurlaritzaren planaren xede nagusia honela idatzi dute: herritarrak beraiek aukeratutako hizkuntzan artatzea, herritarren hizkuntza eskubideak betetzea, eta, beraz, aipatutako ofizialtasuna gauzatzeko euskara zerbitzu hizkuntza eta lan hizkuntza gisa erabiltzea. Administrazioak berez bete behar duena planaren xede bihurtu dute.
Administrazioan bi hizkuntzen berdintasunera jotzea. Bi hizkuntzak erabiltze aukeretan berdindu nahi dira. Asmo ederra bezain beteezina, hizkuntzen arteko asimetria gainditu ezean erabiltze aukeren berdintasuna guztiz ezinezkoa baita. Administrazio oso-osorik elebidunak bakarrik berma lezake erabiltze aukeren berdintasuna.
Hizkuntza politika erro-errotik berritu beharra dago; kontzertatua, zio argi eta sendoetan oinarritua, xede gardena eta helburu zehatzak eta lorgarriak dituen politika behar dugu.