Euskararen herria, harrera herria
Tipi-tapa mugitzen ditugu euskaltzaleok gure oinak Korrikaren lekukoaren atzetik, gure hizkuntzaren alde, desio dugun Euskal Herri euskalduna helburu, herri euskaldun gisa biziraun nahi dugula aldarrikatzeko.
Tipi-tapa ematen ditu lehen urratsak Afrikako, Hego Amerikako edo Asiako bere sorterritik, «lehen mundua» deiturikora iristeko asmotan, bizirauteko etorkizun baten bila ateratzen den pertsona migranteak.
Eta tipi-tapa baina, oraingoan dardarka, bizia arriskuan jarriz, egiten dituzte pertsona horiek beraien urratsak, Europara sartu ahal izateko harresiak eta alanbre hesiak gainditzeko ahaleginean; edota itsasoa zeharkatu nahian pateran oinak sartzen dituztenean, jakin gabe zeharkaldiaren amaieran berriz ere oinak tipi-tapa lurrean jarri ahal izango dituzten ala ez.
Migrazioaren gaia jorratzen denean, ia aipamenik ez duen arren, pertsona horietako asko desagertze bidean dauden hizkuntza komunitateetako kideak dira. Izan ere, beraien bizi baldintza materialen degradazioa mendetan eragin duen azpiratze kolonial berberak eragin du herrien nortasuna eta hizkuntza azpiratzea. Euskaldunok gure larrutan pairatu izan dugun zigor eta bortxa berdina jasan dute, orain, guregana iristen ari diren hizkuntza gutxituetako hiztun horiek eta euren arbasoek.
Euskaldunok oso ongi dakigu inperioen kolonizazioaren eraginak eta ondorioak zeintzuk diren. Zein da, bestela, egun idealizatzen dugun euskal diasporaren jatorria, gehienak ez badira gosete, pobrezia eta gerretatik ihes egin behar izan zuten euskaldunen ondorengoak? Milaka izan ziren baserrian jatekorik ez eta Ameriketarako bidea hartu zuten euskaldunak; baita, Frantziar Iraultzaren, Karlistaden edo 1936ko gerraren errepresiotik ihesi, itsasoa gurutzatu zutenak. Egun pobreziatik eta gerretatik ihesi gurera iristen diren pertsonen beldur eta ziurgabetasun berdinak barnean zeramatzatela.
Gu ere herri zapaldua eta migraziora kondenatua izan garenez, oso ongi bereizten dakigu zeintzuk diren kolonizatzaile glotozidak eta zeintzuk migranteak; zeintzuk diren euskarak dituen mehatxuak eta zeintzuk erronkak; zeintzuk diren euskararen desagerpena bilatzen duten estatu nahiz indar politikoak eta nortzuk gure herrira gurekin batera bizitzera datozenak; are, nortzuk diren gure hizkuntza ikasteko prest daudenak, horretan erraztasunak eman eta laguntzen baditugu. Argi diogu, beraz: migranteak ez dira euskararen etsaiak.
Horregatik, euskaltzaleok ez dugu onartuko inolako «euskal faxismorik» sustraitzea gure herrian. Ustez euskararen alde egiteko pertsona migranteen aurka egiten duten horien aurrean, irmo jarriko gara.
«Tipi-tapa, Korrika!» oihukatzen gindoazen iazko martxoan eta Santiagoko zubia gurutzatzen ari ginen zenbait migratzaile gure artean genituela, gure herria zatitzen duen muga inposatua elkarrekin gurutzatzen. Euskaldunok bereziki hunkitzen gaituen egitasmoa da Korrika, eta azken edizioa horrelako elkartasun ekimena egiteko baliatu izanak harrotasun gehitua sortu zigun.
Igandean, urtarrilaren 26an, berriz muga bera gurutzatuko dugu, orain ekimen hartan parte hartzeagatik epaituko dituzten kideekin zein pertsona migrante guztiekin elkartasunean. Izan ere, euskararen zapalkuntzaren aurka borrokatzean, zapalkuntza ororen aurka borrokatzen ari gara. Abestiak dioen moduan, «batek gose diraueno ez gara gu aseko, bat inon loturik deino ez gara libre izango».