Gotzone Amuriza
LAB Osakidetzako Euskara arduraduna

Euskararentzat jarrera larriak Osakidetzan

Plazara begirako ekintzetan (Euskaraldia, Korrika…) euskararen bultzatzaile jartzen dute beraien burua, eta gero, benetan eragina izan behar duten guneetan, jarrera guztiz alderantzizkoak dituzte.

Idatzi honen bidez euskararen inguruan Osakidetzaren erabakiek eta sindikatu batzuek, SATSEk bereziki, azken asteotan euskararekiko duten jarrerek sortu diguten kezkaren berri eman nahi dugu. Zehazki, kontratazio ebentualetan euskararen ezagutza eskatzearen inguruan azkenaldian eman diren zenbait erabaki eta jarrera.

Osakidetzan, EAEko enpresa publikorik handienean, 120.000 kontratazio inguru egiten dira urtero, pertsonal finkoak betetzen ez dituen lanpostuak, lanak edo pertsonalaren hutsuneak betetzeko helburuarekin. Kontratazio zerrendak eta kontratazio sistema hau guztia arautzeko Kontratazio Akordioa dago, eta orain indarrean dagoena 2011koa da, garaiko Osakidetzako Zuzendaritzak inposatua eta babes sindikalik gabekoa.

Duela bi hilabete Osakidetzako Zuzendaritzak mahai sektorialean gauden sindikatuoi Kontratazio Akordio berri baterako proposamena helarazi zigun. Proposamen honek ez du euskara arloan aurrerapauso irmorik ematen, behin-behineko kontratazio gehienetan ez baitu euskararen ezagupena bermatzen.

Osakidetzan euskara eskakizunak egiturazko lanpostuei ezartzen zaizkie, eta behin-behineko kontratuak ez daudenez horiei lotuak, ez da euskararen ezagutzarik eskatu kontratu horiek betetzeko. Egoera horrek sekulako ondorio kaltegarriak sortu izan ditu euskarari dagokionez. Adibidez, euskara eskakizuna ezarria zuten lanpostuak bete izan dira euskaraz ez zekiten langileekin, edozein zelarik ere zerbitzua edo herria.

Azpimarratu behar da behin-behineko kontratu horiek, estrukturalak ez direnak, Osakidetzan urtean egiten diren 120.000 kontratu horien guztien erdiak izan daitezkeela, hau da, 60.000 kontratu inguru. Sarritan hilabete luzeetako iraupena dute kontratu horiek, langile desberdinen bajak, oporraldiak... kubritzeko. Milaka kasutan, kontratazio ebentual horiek egiturazkoak izan beharko liratekeen lanpostuak betetzeko erabiltzen dira, modu iruzurtian, eta langile bera urte luzez egon daiteke lanpostu horretan, aldiro-aldiro luzatzen dioten kontratu ebentualaren bidez. Ondorioz, zuzendaritzak Kontratazio Akordio berriaren bidez kontratazio horietan oro har euskararen ezagutza ez bermatzeak ondorio ezkorrak ditu Osakidetzako euskararen normalizazio prozesuan.

2011ko Kontratazio «Akordioak» zekartzan ondorioak zirela eta, egoera konpontzeko asmoz, 2013tik aurrera hainbat urrats egin dira Osakidetzan bertan eta baita Eusko Legebiltzarrean ere. Proposamen horiek medio, behin-behineko kontratuetan euskararen ezagutza beharrezkoa izateko gutxieneko irizpide batzuk ezarri dira. Adibidez, 2013. urtean Eusko Legebiltzarrak, EAJ eta EH Bildu alderdi politikoek adostutako proposamena medio, Osakidetzari eskatu zion euskarari dagokionez lehentasunezkoak diren zerbitzuetako kontratazio ebentualetan oro har euskararen ezagutza lehenestea. Eta horrela jaso zen Osakidetzaren 2013ko II. Euskara Planean. Kontuan hartu behar dugu Euskara Planean jasotakoa bete beharrekoa dela.

Eta hara non Kontratazio Akordio berria egiteko unea heldu den honetan inondik inora ez den bermatzen hori horrela izango denik.

Honen harira, martxoaren 24ko mahai sektorialean, sindikatuok Osakidetzako zuzendaritzarekin gai hau eztabaidatu genuen. Sindikatuok kontratazio akordioaren inguruko ekarpenak egiteko txanda izan genuenean, bereziki deigarri eta larriak iruditu zitzaizkigun SATSE sindikatuko ordezkariaren eskaerak. Osakidetzak planteatzen dituen aurrerapauso urrien aurka egin zuen, eta estrukturalak ez diren lanpostuetako behin- behineko ordezkapenetan eskatu zuen euskara inoiz ez izatea beharrezkoa, edozein delarik ere zerbitzu mota edota eremu linguistikoa.

SATSE sindikatuaren eskaera honek suposatzen du, besteak beste, erabat euskaldunak diren herrietako informazio guneetan, medikuntza, erizaintza, pediatria unitateetan ere, eta nahiz eta unitate horietako gehienetan lanpostuen %100ak euskara eskakizuna ezarria izan, euskararen ezagutza ez egotea bermatuta behin-behineko kontratazioetan.

Zoritxarrez, jakitun gara beste zenbait sindikatu ere, nahiz eta ez duten hain agerian adierazi, euskararen normalizazioa lortzeko neurriak ezartzearen aurkako presioa egiten aritzen direla. Bereziki deigarria da lanpostu mota zehatz bati lotuta dauden sindikatu korporatiboek euskararen gaian posizionamendu atzerakoiak izaten dituztela. Plazara begirako ekintzetan (Euskaraldia, Korrika…) euskararen bultzatzaile jartzen dute beraien burua eta gero, benetan eragina izan behar duten guneetan, jarrera guztiz alderantzizkoak dituzte.

LAB sindikatuan kezkatuta gaude euskararen kontrako jarrera horiekin. Horregatik, Osakidetzako langileen defentsan dihardugun sindikatuak euskararekiko jarrera argi eta garbi adieraztera gonbidatzen ditugu.

LABen ustez, bada garaia anbizioz jokatzeko, etorkizunari begira. Horregatik guztiz euskalduna den Osakidetza aldarrikatzen dugu, ezin delako ulertu euskalduna ez den kalitatezko osasun sistema publikorik Euskal Herrian. Helburu horretarantz egin behar ditugu urratsak, ez kontrako norabidean.

Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendaritzari, Legebiltzarraren eskaera errespetatuz eta Euskara Planak agintzen duena betez, behin-behineko kontratuetan euskara bermatu dezala eskatzen diogu. Eta beste sindikatuei, zerbitzu publiko euskalduna lortzeko bidean behintzat inork ez dezala trabarik jarri.

Bilatu