Xanti Begiristain Madotz
Auritz

Eusko Jaurlaritza, erdaraz

Iñigo Urkulluri behin baino gehiagotan entzun diogu esaten tratatu nahi duela Espainiako estatuburuarekin berdinetik berdinera, eta, orduan, zergatik ez da hasten hizkuntzarekin, Gasteiztik hitz egiten dionean, berdinetik berdinera, bakoitza bere mintzairan, aldibereko itzulpena erabiliz, eta bere burua makurtu gabe?

Tarteka-marteka Eusko Jaurlaritzak ohituta gauzka entzutera bere gobernua oso euskaltzalea eta baita independentista ere badela, batez ere, Korrika eta Euskaraldiaren garaietan, eta nik ez dut zalantzarik egiten, baina birus ñimiño eta ikusezin bat iritsi eta Eusko Jaurlaritzaren asmo on eta goren guztiak pikutara bidali ditu, bestela, jaun-andreak, esadazue nola uler litekeen, koronabirusaren erregealdi triste eta luze honetan guztian, Euskadi Irratian eta ETB1en hainbeste erdara –espainiera– entzun izana; nire kexa ez da, ez lehena, ez eta handiena ere.

Bi hedabide horietako prentsaurrekoetan, Iñigo Urkullu, Josu Erkoreka, Arantxa Tapia, Azpiazu jauna, Sanchez jauna, Nekane Murga andrea eta abar, makina bat aldiz aritu dira espainiera garbi-garbian, batere lotsagorritu gabe eta pultsuak inolako dardarik egin gabe. Nekane murgak oraindik noiznahi gozarazten digu bere ahots bereziarekin erdara hutsean; euskaraz irakurtzen ere badaki, bai, baina batzuetan ahaztu egiten zaio.

Badakit egoera zail batean ari direla, baina zergatik egoera zail horretan, alde batera utzi pertsona baten funtsezkoena dena, alegia, bere hizkuntza? Edo EAJkoentzat ez ote da oso funtsezkoa euskara? Zergatik ez ote dituzte agiri eta komunikatu guztiak hasiera-hasieratik euskaraz egiten, "Argia" aldizkariak, Berria egunkariak, Bertsolari elkarteak, Euskaltzaindiak eta Mailope aldizkariak bezala, bost adibide soil baino ez jartzeagatik? Nik badakit erantzuna, eta, gainera, hori jakiteko ez da oso argia izan behar; horrela jokatzen dute, noski, beraien sailburuen eta zuzendarien artean pertsona erdaldunak daudelako, eta, nork jarri ote ditu postu horietan pertsona horiek? Erantzuna erraz-erraza da: EAJ alderdiak; horrek erakusten du zein puntutaraino dauden sentsibilizatuta euskararekin. Esaten da, ekintzengatik ezagutzen direla pertsonak...

Dena den, bai, EAJ eta PSEkoak ari omen dira kudeatzen izurriaren garai zail eta konplikatu hau modu ezegonkor batean; ongi, ulertzen dugu, baina non ote daude orain, egiaren benetako momentuan, duela oso hilabete gutxi hainbeste aipatu eta goraipatu zituzten itzultzaile automatikoak? Nik gaizki ulertu ez baldin banuen, bi marka on omen zeuden gutxienez, bat, Eusko Jaurlaritzaren bitartez lortua, eta, bestea, Elhuyarrek asmatua, oker ez banago. Bai, hau ere honelaxe da: behin baino gehiagotan esan ziguten oraindik ez zirela perfektuak eta ezin zutela ordezkatu pertsona itzultzaile onen lana, baina beren laguntza oso estimagarria zela. Orduan, oinezko pertsona xehe eta arruntok zera galdetzen dugu: non ote daude lanabes egoki horiek? Ahaztu al zaie esistitzen direla? Eta aldibereko itzulpen zerbitzua non gorde ote dute?

Iñigo Urkulluri behin baino gehiagotan entzun diogu esaten tratatu nahi duela Espainiako estatuburuarekin berdinetik berdinera, eta, orduan, zergatik ez da hasten hizkuntzarekin, Gasteiztik hitz egiten dionean, berdinetik berdinera, bakoitza bere mintzairan, aldibereko itzulpena erabiliz, eta bere burua makurtu gabe? Ez dezagun ahatz, Urkulluk euskal filologia estudiatu omen zuela! Bestalde, suposatzen dut EAJk eta PSEk ez dutela aitzakiarik jarri nahiko diruan, ez da hala?, azpiegitura batzuetan halako dirutzak xahutzen dituztenean: Abiadura Handiko Trena, Bilboko hegoaldeko saihesbidea, Donostiako Metroa eta abar.

Bai, zoritxarrez, oraindik luzaroan jarraitu beharko dugu entzuten Nekane Murgaren ahots monotonoa espainierarik txukunenean, baina, aldi berean, gogora dezagun bera ez dela erantzulerik nagusiena. A zer-nolako alamena ematen digun egunero Murga andreak!

Bilatu