Kariñe Errazkin
Bigarren Hezkuntzako irakaslea

Eusko Jaurlaritzako 2015eko ebaluazio diagnostikoko euskarazko idazmen probaz

Jaso genituen apiril aldera edo, bigarren DBH-ko ikastetxeetan, ISEI_IVEI-k, Irakas -sistema ebaluatu eta ikertzeko erakundeak prestaturiko ebaluazio diagnostikoko probak.

Komeniko litzateke adieraztea, agian, ebaluazio diagnostikoko probak ez dutela ez Lomce, ez Heziberri-rekin lotura zuzenik eta elkarte autonomoetako Hezkuntza sailek Pisa probak indarrean jarri zirenez gero, erabiltzen dituzten barne ebaluazio sistemako probak direla ebaluazio diagnostikoak.

Pasa genituen beraz, probak, lehenbizikoz, orain bizpahiru hilabete. Pasa dugu proba bera, orain berriro, bigarren aldiz, DBH-ko bigarren mailako 13-14urteko ikasleen artean.

Ez gara diagnostikorik egin behar den eztabaidatzen hasiko. Ez gara ikasleek proba berbera bi aldiz pasa behar ote duten auzitan jartzen hasiko. Izan ere, ikasle berek idazmen probak hiru hizkuntzatan egin behar izan dituzte, berez, bi aldiz, gaztelera, ingelera eta euskaraz.

Izango du, beharbada, bere izatezko arrazoia proba modu horretan egiteak, ez dakit. Kontrasterako, ikusten denez, halaxe adierazi zitzaigun irakasleoi, halaxe egiten da proba, halaxe eskatzen omen du sistemak, probak berak.

Horregatik, behin idazmen probak pasa ondotik, proba bera pasa beharra dago, handik denbora batera, berriz ere hiru hizkuntzatan. Beraz, ikasleek sei idatzizko proba pasa zituzten idazmen probako diagnosia egin ahal izateko.

Nolanahi ere den, ez genuke ahaztu behar idazteaz ari garela eta merezi luke honek, geroago egingo dudan moduan, hausnarketaren bat.

Merezi luke, ikasleei proba bera aurkeztu, nahastu ez garela, eta berriz ere, proba bera pasa behar dutela adierazi genien momentua gogoratzea. Utziko ditugu albo batera hizkuntza bakoitzean egin beharreko ariketen arteko konparazioak. Nahi duenak ikus ditzala eta atera ditzala bere ondorioak. Ez da hori ere, hona ekarri nahi dena.

Ez naiz hasiko irakasleok proba horiek pasa behar ote ditugun, irakasleek zuzendu behar ote ditugun, eta bide horretatik gogoetak sor ditzakeen hainbat gorabehera auzitan jartzen momentu honetan. Hausnarketak luze-zabal joko luke eta ez da hori idatzi honek eztabaidara ekarri nahiko lukeena.

Idatzi honen bidez, batetik, euskaraz egin beharreko probaren planteamenduari buruzko hausnarketa, eta horren ondotik, edota horrekin batera, nahi bada, proba zuzentzeko emandako irizpide eta jarraibideei buruzko gogoeta plazaratu nahi da.

'Narrazio'a dio tituluak eta ikasleak narrazio bat idatzi behar du, 'udan gertatutako abentura edo pasadizo bati buruz, berari edo beste bati udako oporretan gertatutako zerbait, asmatutako ipuin bat, liburu batean irakurrita edo film batean ikusitako istorio bat' dio ondorengoak.

Horretaz gain, adierazten zaio narrazioen ohiko egiturari jarraitu behar zaiola. Narrazioak aurkezpena, korapiloa eta amaiera behar dituela izan.

Hori 30 minutuan eta 150 hitz eduki behar ditu gutxienez. (Letra etzanean eta beltzatuta ematen direnak, halaxe, sic, ageri dira jarraibideetan).

Jarraibide horiek eman ondotik, ikasleek, ez batek ez bik galdetzen dute: 'eta orduan zer egin behar dut orain?'.

Jarraibideen erredakzioaren zuzentasunaz honatago, bada galdetzen dugu/dut: ez dago egoera komunikatiboari buruzko zehaztapen gehiago ematerik? Ez dago gehiago zehazterik, ikaslea orientatuko duten azalpen gehiago ematerik? Beraz, idatzizko ariketa bideratuko duten kontestu komunikatiboari buruzko argibide gehiago ematerik?

Ez naiz hasiko testu genero edo mota eta testu tipoei buruzko kontuetan, horretarako ere ematen baitu probak.

Demagun, dena delako narrazio hori egin behar duela ikasleak. Narrazio guztiek segitzen diote aurkezpen, korapilo eta amaiera egiturari? Berdin du pasadizo, film bateko istorio, asmatutako ipuin… izan?

Badakigu, ondotxo jakin ere, ikasleek zerbait egiten badute ongi, hori dela irakaslearen esana betetzea. Nola edo hala, irakaslearen esana, oroz gain  bete, sei bider baldin bada ere. Gehienez ere, galderaren bat, protestaren bat(?), zer gutxiago, pentsatzen dut nik egoera komunikatibo honetan, egingo du bakarren batek.

Zer da hemendik segi beharko genukeena?

Kontua, ematen duenez, idaztea da, hasteko, eta adierazten den egitura horrek izan behar du idatziak.

Gauzak horrela, 30 hamar minutuan egin behar du hori? Alegia, pentsatzeaz gain, idatzi, eta bukatutakoan, testua berrikusi behar du denbora horretan?

Izan dezake batek baldintza horietan idazteko gogorik? Guk geronek, baldintza horietan beretan, izango genuke idazteko gogorik?

Zeren gaineko diagnosia egin  nahi da? Zenbat ikastetxe eta ikaslek egin behar izan dute modu honetan planteatzen den idazmen proba hau?

Atrebentzia gehiegi izango da agian, baina egin du inork aproba hogeita hamar minutuan, aurkezpena, korapiloa eta amaiera duen testua sortzen? Ipuin bat, film batean ikusitako istorio bat, liburu batean irakurritako testua sortzen?

Pentsatzen dugu idazketaz amaierako produkzio baten moduan ezik, prozesu baten moduan? Hitzak, ideiak pilatu, zirriborroak egin, tatxoiak dituen eta denbora eskatzen duen prozesu baten moduan?

Egin dugu aproba eskatzen diegun hori bera guk geronek eginez, sei bider? Guk geronek egiten ote ditugu ikasleei berei eginarazten dizkiegun idatzizko ariketa horiek berak?

Jarri da inor pentsatzen zein den 13-14 urteko ikasle nerabeei eska dakiekegun/dakiekeen idatzizko ariketa?  Pentsatzen dugu horrelako planteamenduak egiten direnean, ikasleak baldintza horietan hartuko duen arduraz? Hartzen dugu kontuan, ikasle bakoitzak lan horretarako izaten duen erritmo diferenteaz?

Eskatzea zaien horren arabera, pentsatu dugu zer den neurtu nahi dena? Pentsatu da nola zehaztu ebaluatzeko erabiliko den tresna,  baldin eta idatzizko hori ebaluazio irizpideetan adierazten denaren arabera, egokitasun, koherentzia, kohesio eta hizkuntz zuzentasun irizpideen arabera, egin den neurtu nahi bada?

Zertan ari gara?  

Horretan guztian pentsatzen jartzen gara guk baino gehiago pentsatu eta teorizatu duten adituek egin duten bidetik, norbera berean, ahal duen neurrian, dauzkan baliabide eta ezagutzatik abiatuta edota segi dezagun horrelako planteamentuak egiten dituzten proba horiekin oleski dantzatzen.

Bilatu