Ibai Alzaga Moreno, Haizetara Kultur Elkarteko kidea

Ez dezagun berriz ahaztu

Seberik bezala, askok oraindik ez dakite euren senideak non lurperatu zituzten, zer gertatu zen euren gorpuzkiekin.

Sollubeko batailaren arestian, 1937ko maiatzaren 3an, faxistek Bermeo eta inguruak erabat eurenganatzeko gogor egin zuten eraso. Goizeko 9.30ean Lasarte, Gasteiz eta Burgosetik hegazkin espainiar eta alemaniarrak ateratzen hasi ziren, jada zonaldean ekinean ari ziren italiarrak laguntzeko. Breguet XIX, Heinkel 45 eta Dragon Rapiden bat orduetan zehar hara eta hona ibili ziren burrunbaka, altueratik aritzeak eskaintzen zien babes eta abantaila aprobetxatuz, Bermeo eta Sollube arteko posizioak, Mungia bera zein Mungiatik Solluberako errepidea bonbardatzen besteak beste.

Horrelako batean, hegazkinetako batek Sollubetik behera zerua zeharkatu zuen bi soldaduren atzetik eta hauek Bidebietaraino heltzea lortu zuten, babes bila. Astelehena zen eta han ziren Emerandoko neskatxa pare bat dendan errekaduak egiten, Borlasenekoak eta baita Txikitoneko Antonia Ibarra, bere 4 urteko alaba Seberi, urtebeteko Esteban semea eta Larrabetzuko senide batzuekin.

Hegazkinaren mehatxutik ihesi, 30 bat lagun sartu ziren guztira zubipera. Pilotuak hala ere, zubia bonbardatu zuen sarraskia eraginez. Antonia bete-betean harrapatu omen zuen eztandak eta erraiak agerian zituela hil zen. Semea beso artean babesten saiatu zen baina hau ere amaren gorpua ur gainera erori zenean hil egin zen, itota, erasotik onik ateratako Luciano Enzunzak duela urte batzuk gogoratu bezala. Antoniaren senarra, bitartean, Andaluzia aldean zegoen itsasontzi batean etxera itzuli ezinik, eta eraso hartan galdu zituen emaztea, urtebeteko Esteban semea eta baita Basilia Mardaras ere, Larrabetzutik bisitan joandako arreba. Haiekin batera hil ziren Maria eta Juliana Legarreta, eta Josefa Aguirre.

Bi gudari ere zendu omen ziren haiekin batera. Zerrenden arabera, Mungia batailoiko Felix Mugica Alberdi eta CNTren Isaac Puente batailoiko Cipriano Otegui Andueza ziurrenik.

Seberi Mardarasek zauri arin batzuk izan zituen ezkerreko belarrian eta ukondoan eta orbainak bizitza osoan zehar izan ditu lagun, baina Lucianok bezala, bizirik ateratzea lortu zuen. Senideak galduta, izeko batek 4 urteko neskatxa beso artean zuela gaua eman omen zuen errotan, ura samaraino, beldurrak jota.

Hura behin igarota, Regatora joan behar izan zuten eta Txikitonera itzuli orduko, etxea oraindik zutik bazen ere, auskalo tropa faxistak ala zenbait auzokide izan ote ziren, baina barruan ez zuten ia ezer utzi, ezta ohe edo argazkirik ere ez. Hori gutxi balitz, Seberik gogoan du oraindik nola jasan behar izaten zituzten inguruko zenbaiten irainak, besoa tente «¡Arriba España!» oihukatzen zietenean.

Egun batzuetara, maiatzaren 16an, zorigaiztoko beste hegaldi batek metro batzuk aurrerago zegoen Olabarrittenen Josefa Muruaga eta bere lau seme-alabak ere hil zituen arren, gudak iraun bitartean, inguruotan herritar gehien akabatu zituen erasoa izan zen Bidebietakoa. Orotara zortzi lagun. Antonia Ibarra, Esteban Mardaras, Basilia Mardaras eta Josefa Aguirre ordea, ez daude inolako biktimen zerrendetan jasota, gutxi batzuen oroimen eta saminean iltzaturik ezik. Seberik bezala, askok oraindik ez dakite euren senideak non lurperatu zituzten, zer gertatu zen euren gorpuzkiekin. Baina hil egin zituzten. Ez dezagun berriz ahaztu.

Bilatu