Ez lapurtu gure energia
Gaur Pobreziaren eta Bazterkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna da. 2005etik, hainbat kolektibo sozial egun hau salaketa eta aldarrikapenerako jardunaldia izan dadin ahotsa altxatzen ari gara.
Helburua munduko, Europako eta Euskadiko pobrezia eta desberdintasunen inguruan euskal gizartea informatu eta sentsibilizatzea da. Aurten, pobrezia energetikoa aukeratu dugu ardatz moduan, “Ez lapurtu gure energia” lelopean.
Pobreziaren inguruko datuak ikaragarriak dira, ez bakarrik mundu mailan, baizik eta estatu eta udalerri mailan ere: munduko 1.200 milioi pertsona egunean 1,25 dolar edo gutxiagorekin bizi dira, espainiar Estatuan lau biztanletik bat bazterkeria arriskuan dago eta Euskadin bostetik bat. Egoera bereziki kezkagarria da emakumeentzat, bazterkeria egoeran bizi diren pertsonen %82 direla kontuan izanda. Egoera horrela, babes sozialeko sistemari eustea beharrezkoa da pobreziaren aurka borrokatzeko mekanismo hoberenetariko bat bezala.
Pobrezia energetikoan arreta berezia jarri nahi dugu, oinarrizko premietarako gutxieneko energia zerbitzuak eskuratzeko ezintasun bezala ulertuz. Arazo hori biztanleen %4k dute Euskal Autonomia Erkidegoan, ia 90.000 lagunek, alegia, eta Estatuan, berriz, %10ek. Munduan, 3.000 milioi pertsona bizi dira pobrezia energetikoaren pean. Beraz, konponbidea eman behar zaio tarifa elektrikoaren defizitari, baina tarifa igo barik; aldi berean, etxebizitzen birgaitze energetikoko plana hobetu behar da enplegua sor dadin, energia menpekotasuna murriztu, eta abar.
Kezkatu egiten gaitu pobreziaren, genero desberdintasunaren, energiaren eta ingurumenaren arteko lotura hautsiezinak. Biztanleriaren bizi kalitatea hobetu eta mundu mailako muturreko pobrezia murrizten saiatzeko, energia kontsumoa handitu beharko da eta, ondorioz, baita ere negutegi efektua eragiten duten gas isuriak. Beraz, tinko defendatu behar dugu justizia eko-sozialari eta ez ekonomiari erantzuten dion energia eredua. Eredu horren ardatz garrantzitsuenak dira aurrezkia eta eraginkortasuna, teknologia berriztagarrien aldeko apustu sendoa eta subiranotasuna, hau da, tokian tokiko kontsumoa, oligopolioak baztertuz eta energia independentzia sustatuz.
Era berean, ezin ahaztu multinazional espainiarrek posizio pribilegiatua dutela Latinoamerikako eta beste eskualde batzuetako energia sektorean. Espainiako enpresen nazioartekotzeak ondorio larriak utzi ditu, bai sozialak, bai ingurumenari eta kulturari dagozkionak, eta konpainia horiek ezarri diren herrialdeetako biztanleen eskubideak uneoro urratu dira. Energia enpresa horiek zigortzea eta eskubide horiek bete daitezen neurri hertsagarriak hartzea aldarrikatzen dugu.
Aldi berean, energia berriztagarria ekoitzi eta merkaturatzeko ekimen txiki kolektibo eta irabazteko asmorik gabekoak sustatzea alternatiba argitzat jotzen dugu multinazional elektriko handien aurrean. Hemen, GoiEner aipatu dezakegu, besteak beste.
Sistema neoliberal-heteropatriarkal hegemonikoa deuseztatu behar dugu, ekologikoki suntsitzailea, etikoki bidegabea, ekonomikoki ezberdintzailea eta kulturalki hondatzailea delako. Eta bereziki naturarentzat eta emakumeentzat kaltegarria delako.