Larraitz Ugarte Zubizarreta
Abokatua

Ezin da gehiago luzatu

Duela hamar urte hasi nintzen orri hau idazten. Bospasei aldiz ezetz esan ondoren konbentzitu ninduten eta hartu nuen erronka. Hamarkada luze honetan denetatik idatzi dut. Ez da batere erraza hileko bigarren iganderako gaia aukeratzea, aktualitatearekin lotzea eta “zerbait” esatea, hau da, iritzi artikuluari balio erantsia ematea. Oso zaila da edo niri behintzat hala egiten zait. Zer esan dezaket nik esanda ez dagoenik ez banaiz ia ezertan aditua; ausartegia izan daiteke, gaizki ulertu edo jende bat haserrearazi... Idatzitakoa hor dago eta errazagoa da besteek idatzitakoa epaitzea idaztea baino. Honetan ere (eta topikotzat hartzearen arriskua asumituz) emakume izanik are gehiago, “ez dagokidan plaza” bat hartu izanaren intrusismo konplexuz.
 
Edonola azken egunetan buruari ohiko bueltak eman, gaurkorako gaia aukeratu eta lerro hauek idazten jarri behar izan dut. Gaurkotasun gaiak Maduro eta Venezuela herriaren bahiketa ala Trump edo Josu Jon Imazen zinismo infinitua izan zitezkeen baina gaur, barruak hala aginduta, euskal preso eta errepresaliatuez hitz egiteko gogoa dut. Haiek nahi ditut gaur protagonista bat eta bakar. Ez dut egun hauetan esan eta idatzi direnen ondoan ekarpen berririk egingo, nire ekarpena xumea baina sentitua izango da. Ez da lehen aldia euskal presoez idazten dudana, ea azkena den. 

Familia kontuak medio, gabon hauetan egun batzuk Italiako uharte batean pasatzeko zortea izan dut. Baina plana ez da izan hasieran dirudiena bezain bukolikoa. Izan ere, etxeko leihotik itsasorako bistak izan ordez kartzela zahar bat izan dut parez pare. Bista itsusiak estetikoki, ezbairik gabe. Inork ez du balkoira atera eta goizean goizetik kartzela bateko paretak bistaratzeko gogorik. Itsusia ez baita soilik estetikoki, gizarte bezala ere itsusia baita giza zoologiko horiekin egiten dena. Morboari eustea kosta egin zaidan aldi guztietan, neguko eguzkiaz gozatzearen aitzakiaz, balkoitik hutsik zegoen kartzela zaharreko futbol zelaia eta isolamendu patioak behar luketenak ikusteko parada hartu dut maiz. Ia beti hutsik. Astebetean birritan baino ez ditut ikusi presoak futbol zelaian, bertan zegoen baloi zaharkitu bakarrari ostiko bat jotzeke. Beste birritan baino ez, isolamenduko patio txikian gora eta behera paseo konpultsiboan, batzuk norbaitekin, banaka batzuk bakardade erabatekoan.

Behin emakumeak ikusi ditut, bost, bostak batera zelai izkina batean. Besoak altxatu dizkidatenean irribarretsu erantzun diet nire talaia pribilegiatutik galderak pilatzen zaizkidan bitartean (eta ez, galdera ez da zer egin ote duten emakume horiek hor egoteko). Zergatik ez da futbol zelaia gehiago erabiltzen? Zergatik dira hain patio txikiak eta zergatik erabiltzen dira hain ordutegi murriztuarekin? Zergatik espetxe zigorrari espetxea gehitu, zigorrari zigorra, minari mina? Zergatik dago dena hain zahar eta zikin, hori ere zigorraren parte balitz bezala? Zer pentsatuko du garitatik zigarroa erretzera atera den urdinekoak denboraren eta espazioaren sailkapen horretaz? Sentsibilitatea galduta izango ote du dagoeneko? Noizbait izan ote du? Leku itsusia izan behar du lan egiteko, presoak ez bezala, murruaren gainetik begiratzeko aukera izan arren.

Hor daudenek ez dakite, baina euskaldunontzat kartzelak arkitektura ezagunegiak dira. Horma horiek urteetan izan ditugu herri honen protagonista nahi gabea. Urteak ehunka euskaldun patio txiki eta ziega txikiagoetan, urte luzeak, behar baino luzeagoak eta legeak eskatzen dituenak baino askoz luzeagoak, horien bihurritze sadikoen arabera. Beti luze, urte eta hamarkadak. Eta oraindik hemen dihardugu, horma horiek ezin atzean utzirik, sufrimenduari amaiera emateko azken putzak behar luketenak oraindik emateke daudela ikusiz. Oraindik ezin esan hormak atzean utzi direla eta herri honetan beste aro bat zabaldu dela, guztizko aro bat bederen. Izan ere, pantaila aldatu dela ezin ukatu, hobekuntzak eta aurrerapausoak nabariak izan baitira. 

Atzean utzi ditugu dispertsioa indarrean egon den hamarkadetako bidaia luzeak, atzean horrek suposatu dituen odoluste ekonomiko, emozional, afektibo, fisiko eta heriotzak. Ez naiz nekatuko esateaz ez garela kontziente horrek herri honentzat suposatu duen garaipenaz eta ez dugula aski ospatu. Legezkoa eta bidezkoa zelako, nekatuta iritsi garelako edo pauso bat ematen dugunean, konformagaitz, jada hurrengoari begira jartzen garelako... En fin, horrelakoak gara gu. Dispertsioaren amaieraren ondoren, espetxe eskuduntzaren transferentzia burututa eman da beste pauso andana. Sarek zabaldu ditu datuak aste honetan. Egungo argazkia ez da duela lauzpabost urtekoa, dudarik gabe. Itxaropentsu eta baikor izateko arrazoiak ez zaizkigu falta. Baina ez da legez eta justiziaz izan beharko lukeena. Eta, batik bat, ez da herri honetako gehiengo zabal batek nahi duena. Oraindik ehun preso, deportatu eta erbesteratutik gora daude zer eta ziklo armatu baten amaieratik urteak pasa direnean.

Badago beraz oraindik zer egiteko. Badago lorpenik eskuratzeko, garaipen txiki eta handiagoak lortzeko, guzti-guztiak etxean izan arte. Baina horrekin batera, badago herri bat, herri bizi bat gauza batzuetarako gehiago eta bestetarako gutxiago mugitzen dena, baina gai honetan inoiz hutsik egin ez duena. Badago holako erritual bat, gizarte paktu ez idatzi bat, inteligentzia kolektibo bat edo ardura politiko-moral zabal bat euriari, elurrari eta hotzari desafio egin diena urtez urte, gaurdaino. Eta hori da baikortasunerako motibo nagusi, atzoko indar erakustaldi partekatu horrek aurrera jarraitzeko duen borondatea ez dela zipitzik ere zimeldu. Izan dadila egoera ez luzatzeko aski.

Bilatu