Maddalen Iriarte Okiñena
EH Bildu

Ezker eskua luzatuz

Gaur bizi dugun krisi honen ondorio zibil, ekonomiko eta sozialak oraindik neurtu ezin ditugun honetan, balio beharko lukete azken hamarkadako irakaspenek, gutxienean akats zaharrak errepikatzen ez jarraitzeko.

Buruak, azken egunotan, jokoa egiten du egoera noiz arte luzatuko den eta konfinamendua amaitzen denean zer egingo dugun pentsatuz. Batzuk mendira joango dira eta beste zenbaitek lagunekin egoteko baliatuko dute. Izango da ekaitzaren lehen trumoia pasatakoan errutinaren plazer txikiak baloratzen hasiko denik. Komeniko zaigu, halere, epe ertain eta luzeko begiradak ere doitzea.

Ziur, etxean daramagun denbora tarte hau, alor pertsonalean, gure bizitzan garrantzitsua, desiragarria eta alboragarria denaz pentsatzeko abagunea eskaintzen ari zaigula. Aurrerantzean gure behar eta desirak, osasunari, kontsumoari, ingurumenari edota harremanei dagokienez, hobeto hierarkizatzen asmatuko dugun zalantzarik ez dut.

Nik sasoi hau gure jardun politikoak nolakoa izan behar lukeen pentsatzeko ere erabili dut. Begirada apur bat jaso nahiko nuke eta azken urteei so egin: 2008ko finantza krisia ez zen parentesi bat izan, erakunde batzuetatik ilusio hori helarazi arren, eta logika neoliberal eta jardun zaharrekin jarraitu genuen, ezer gertatu ez eta, gutxiago, ikasi izan bagenu bezala.

Egun gertatzen ari dena larria da, eta, zentzu batean, duela hamarkada bateko haren ondorio gisara ere uler daiteke, osasun krisiari lehendik bazetozen ekonomikoa eta soziala biderkatuko zaizkielako, jendartea paradigma berri baten aurrean kokatuz. Gaur bizi dugun krisi honen ondorio zibil, ekonomiko eta sozialak oraindik neurtu ezin ditugun honetan, balio beharko lukete azken hamarkadako irakaspenek, gutxienean akats zaharrak errepikatzen ez jarraitzeko.

Lerrook idazten ari naizen unean, 400 pertsona hil dira Euskal Herrian, datozen egun eta asteotan zenbakiak gora egingo du eta ospitaleak saturatuta daude. Latza da gertatzen ari dena eta jendarte gisara ere islatzen gaitu. Osasun krisia gordinen azaldu denean, baldintzarik zailenetan, azken bi hamarkadetan murrizketa gehien jasan eta larriki prekarizatu diren sektoreek eman dute aurrera pausoa: osasun sistemako mediku eta erizainek, zerbitzu sozialetako langileek, zaintzaileek, garbitzaileek, gidari eta banatzaileek, supermerkatuetako kutxazain eta apal-betetzaileek... horietariko batzuk emakumeak edota migranteak dira eta mileuristak, kasurik onenean.

Osasun krisi honek ez ditu bakarrik erakunde publikoak eta horien politikak auzitan jarri. Gure bizitzeko modu eta erabakiak, pertsonalak eta politikoak, birpentsatu beharra ere suposatzea ekarri du. Agerian erakutsi du, adibidez, zaintza, pertsonak eta hauen bizitza erdigunean jarri behar direla, auzi honen aldagai ekonomikoa ere askatuz, eta horrek beste eredu bat irudikatu eta indarrean jartzea eskatzen duela.

Egoera hau prebenitu zitekeen? Erakundeetatik prest geunden horrelako krisi bati aurre egiteko? Zer eta zergatik gertatu den argitu eta ardurak banatu beharko ditugu hau amaitutakoan. Baina kamuts ibiliko gara, aurreko krisietatik zer ikasi dugun ere ez badugu argi jartzen. Adibidez: berriz ere politika publikoak efizientzia eta errentagarritasun ekonomikoan oinarritzen jarraituko dugu? Kapitalaren eta bizitzen artean hautatzera behartzen gaituen sistema kanibal honi adabakiak jarriz segituko dugu? Zaintzaren kultura berraztertu ez eta beste aldera begiratuko dugu hurrengora arte? Lapur banden etikaren eta politikaren artean hautatu beharraren dilema nabarmenago dago orain.

Jaurlaritzak eta Espainiako erakundeek inertziaz funtzionatzen jarraitzen dute eta «shockaren doktrina»-ren bidez, desberdintasuna sistematikoki sakontzen, eliteak aberasten eta beste guztiok ahultzen gaituzten politikak bultzatuko dituzte.

Gure osasuna, gure ohiturak, gure ekonomia, gure politika, gure psikologia aldatu egin dira. Oraindik ez dugu erabat onartu horrek gure bizitzarako ekarriko duen talka bortitza. Ondorioz, kezkatuta eta izututa gaude gertatzen ari denarekin eta etor daitekeenarekin. «Noiz arte» galdetzen dugu, baina galderak zabalagoa izan beharko luke: Noiz arte jarraituko dugu politika patronalen presiopean egiten? Noiz arte erabakiak hemen hartu gabe? Noiz arte osasun zerbitzu publikoak prekarizatuz eta ahulduz? Noiz arte, Zaldibarren bezala, ingurumen politikak esku pribatuen esku utziz? Inertzia zaharrak apurtu, kapitalaren logikak eraitsi eta politika publikoak pertsonen zerbitzura jartzeko unea da, beranduago izan aurretik.

Konfinamendua amaituko da eta berarekin aro bat, bere logika eta politika egiteko moduekin. Egoera hau gaindituko dugu, baina hau ez da parentesi bat izango. Egoera honetatik aterako gara, ez politika egiteko modu bertikalekin, guztion artean erabaki eta adostasun partekatuak eraikiz baizik.

Eraikitzaile eta iniziatibaz aritzea dagokigu orain: elkartasunetik, komunitatetik, elkar zaintzatik, egoera zailak kudeatzeko jendarteak erakutsi duen abilidadez. Sistemaren arrakalak nabarmendu direnean, jendearen aurrerapausoarekin osatu behar izan da erakunde publikoetatik ematen ez zen erantzuna. Hainbat udal eta komunitate zibila jendarteko sektore zaurgarrienak babesteko antolatu dira, modu aski eredugarrian. Badugu nondik jarraitua: bide horretan, ezkerreko eskua luzatzen dugu, jendearen neurrira egongo den politika publikoak egiteko, enpatiaz eta jendetasunez, ausardiaz eta determinazioz.

Ez dezagun ahaztu gertatzen ari dena, ikas dezagun errepika ez dadin eta jar dezagun oinarri berri bat, ortzimugan euskal jendartearen ongizatea kokatuz.

Bilatu