Xabier Arregi Gordoa

Ezkerra eta erlijioa

Ezkerrak eutsi izan du zapalkuntza beti zapalkuntza ekonomikoa dela, eta sinesmen sistemak erlijioa horien artean klase ekonomiko menperatzailearen sorkuntza direla, eta balio dutela esplotazio egoera babesteko.

Gaur, berriz, ematen du ezker europarrak, eta horren inguruko mugimendu sozialek, zapalkuntza erlijiosoa deskubritu dutela. Kasu horretan zapaltzailea ez litzateke izango kapitala, baizik eta herri eta kultura itxiak, herritar intoleranteak, xenofoboak, eskuin muturrekoak, komunikabideak. Zapalketa horri aurre egiteko ezker berri horrek bereak egin ditu «erlijiotolerantzia» eta «kulturaaniztasuna»-ren ideiak, neoliberalismo politikoarekin guztiz bat datozenak.

Bi joera horien arteko talkatik sortzen den noraeza ezkuta ezina da. Batzuek garai bateko tradizioari heltzen diote, erlijioaren edozein agerpenekin kritikoa dena; Charlie Hebdo aldizkaria izan daiteke horren adibidea. Beste ildoa, berriz, uztartu ezinean dabil «kulturaaniztasuna» eta «erlijiotolerantzia» ezkerraren jarrera tradizionalekin. Saltsamaltsa horretatik ateratzen da edozein momentutan aurki dezakegula ezkertiar, ateoa, eliza eta fededun kristauen aurkari tematua, antisemita, eta, aldi berean, islamarekiko tolerantzia aldarrikatzen duena, hijabak eta horiek denak emakumetasunaren identitate, duintasun eta askapen ikurtzat jotzen dituena. Ez da faltako ere gure artean hezkuntzan erlijioa irakastearen aurka egon, eta eskoletan islama ez irakastea bazterketatzat jotzen duena.

Noraez hori praktika politikoan ere islatzen da. Sarritan ikusten dugu Europan ezkerra Israelek burutzen dituen sarraskien aurka mobilizatzen ondo deritzot baina deigarria da zer jarrera ezaxola agertzen duen yazidiak sarraskituta ikustean, euren emazteak gerlarien sexuesklabuak bihurtuta, umeak etsaiei lepoa mozten, ehunka neskatila bahituta. Horren aurrean ezkerra isilik ikusi dut, edo esaten arriskua «sionismoa eta islamofobia» direla, eta arazo guztien errua kristautasunarena eta inperialismoarena dela. Harrigarria Kolonian sexu eraso salaketa masiboak eman direnean, bortxaketak barne, ezker eta feminismoaren ildo bati entzutea gure gizarte «heteropatriakalak» (sic) kriminalizatu nahi dituela erasotzaileak, etorkin atzerritar gixajoak direlako. Ematen du kasu horietan garrantzitsuagoa dela sexuerasotzaile atzerritarra babestea, biktima babestea baino. Ulergaitza etxekoarekin hain zorrotzak direnean, eta herriko jaietan kaletik norbaitek neska bati esandako baldarkeria kolektibo baten aurkako manifestazioetarako motiboa bihurtzen dutenean. Garbi dago kulturaaniztasuna eta erlijiotolerantzia modu asimetrikoan erabiltzen direla. Erlijiotolerantzia islamarentzat, euren herri eta herritarrentzat, nonahi daudela; kulturaniztasunaren exijentzia gure herrientzat, euskaldunontzat, adibidez.

Ez naiz fededuna, baina gero eta neketsuagoa egiten zait batzuk «aurrerakoitzat» jotzen dituzten jokaera horiekin bat egin eta eroso sentitzea. Errespetatzen ditut jendearen aukerak fede kontuetan, politikoak zein erlijiosoak. Ez dut inongo beharrik sentitzen horiei erasotzeko, ez bazaizkit ezartzen modu arbitrarioan. Hala ere, pentsatzen dut tradizioen artean ezberdintasunak badaudela, euren jatorrian eta eboluzioan. Horregatik ulertezina egiten zait islamaren aurrean erakusten den jarrera ulerkor, ezaxola, eta aitzakiaemailea. Ahaztu egiten da islama zabaldu dela munduan zehar modurik odoltsuenean; ahaztu egiten da gaur egun mundu musulmanean gurean onartezinak diren zapalketak ematen direla, emakumeekin, besteak beste.

Ni neu hurrago sentitzen naiz Ayaan Hirsi Ali idazle emakume somaliarrarengandik. Ez zuen ezkondu gura izan aitak ezarri nahi izan zion gizonarekin. Horrek bere etxekoen gaitzespena ekarri zion. Gerora uko egingo zion musulmana izateari, idazle entzutetsua egin zen, eta Herbeheretan ezkerraren erreferente politikoa bihurtu zen. Bere liburuetan emakume musulmanen gaineko zapalketa salatzen du, eta erne jarri nahi gaitu monoteismo islamistak elikatzen duen fanatismoaren aurrean. Defendatzen du islamaren munduan aldaketa sakonak eman behar direla; aldaketa horiek barruko mugimendu baten emaitza izan behar dutela. Ez du ematen Ayaanen hitzek bat egiten dutenik ezkerraren eta mugimendu sozialen eta feminismoaren ildo horiekin, eta berak hori esplizitoa egiten du esatean: «Islama babesten duena tolerantziaren izenean, benetan, eskuin muturrean dago.»

Justizia eta emantzipazio unibertsala zabaltzeko nahiak zapalketa berriak eta bortitzak sortzen ditu. Jatorrizko herriak, gurea esate baterako, kulturaaniztasun neoliberalaren menpekoak bihurtzen dira. Horrekin herrien berezko iraute nahi legitimoa kriminalizatzen da, despotismo emantzipazionista tarteko. Herritarrak, edo herri osoak, «arrazistatzat», «xenofobotzat» joko dira, ez badute bat egiten justizia unibertsal emantzipazionista, horrekin.

Baina legitimoa da herrien iraute nahia, eta beharra, eta bidezkoa erkidegokohesioari lehentasuna ematea. Bestalde, herriei ezartzen zaien kulturaaniztasun dogmatiko neoliberal horren aurrean ez dugu ahaztu behar Medeak formulatzen zuen beste ideia aurrerakoi hau: «atzerritarrak bereganatu behar ditu [abegitzen duen] herriko ohiturak.»

Bilatu