Josu Iraeta
Idazlea

Francoren garaiko ametsak

Halako batean dena aldatu zen. Zainketako falua militar bat azaldu zen ur gainean, euren kideak tripulazioan, proiektore indartsu baten argi salataria batera eta bestera... Linterna kaxkarra itzali eta ahozpez ezkutatu behar izan zuten, gorputzak erreka bazter nazkagarrian etzanda.

Gau beltza zen, eta Atlantikoak ibai zoragarria den Miño ederra irentsi nahian dabilen paraje hartan, neguko haize zorrotzak moztu egiten zuen itsas zakartuaren ura. Urrunean, kaiaren puntan, itzal ilun dantzariak ikus zitezkeen farol bakarraren argipean. Ibilbide laburra egiten zuten, kanabera luzea herrestatuaz, muturrean koilare itxurakoa uretan sartzen. Peneira zen eta txitxardinen arrantzan ari ziren.

Biak zihoazen berdin jantzita, uniformez alegia. Tabardo urdin iluna, idunak belarriak babesten zizkielarik. Marinelak ziren, derrigorrezko militar probisional gazteak, patruila ontzi batean. Eta hau, argi gorri ahul bat besterik ez gau hartako lanbro artean.

Lodia eta txikia bat, Vigoren parean dagoen Bueu herrian jaioa izan arren, denek Farturas deitzen zioten, ahal zuen guztia jateko berezko joera zuelako. Garaia eta argala bestea, Euskal lurraldeetatik etorritakoa izaki, abizena ahoskatzen arazoak medio «Txo» goitizenaz deitzen zioten.

Hotz egiten zuen gau hartan, hotz handia. Farturasek bere peneira lurrean utzi eta besoak eiheraren hegal gisa astintzeari ekiten zion behin eta berriz berotu nahian. Beste marinela arrantzan jarraitzeko erreguka ari zitzaion.

-Eutsi gogor Farturas, bi ordu geratzen zaizkiguk-eta, goizeko seietan ontzian egon behar diagu.

Farturas ordurako haserre zebilen zigarrorik erre ezin zuelako. Egin izanez gero, arrantzatutako txitxardinak keaz hiltzeko arrisku handia zegoen. Eta txitxardin hilen prezioa erdira jaisten zen merkatuan.

Hala ere Farturasek bere nahia agertu zion:

-Txo, hoxe non lle imos a vender a angula o´s vascos, iremos onde a Cachelos.

Txok berehala erantzun zion:

-Hori urrun geratzen duk. Bertan geratu eta euskaldunei salduz gero, beranduagora arte arrantzatzeko aukera izango geniake.

Farturas ez zegoen txantxetarako. Zalantza guztiak moztu zituen haserre:

-Cala boca rapaz, hoxe teño que ollar darriba abaixo á Cachelos antes de durmir.

Arrantzan jarraitu zuten eta ordu bete geroago, goizaldeko bostak hurbil, Cachelos andereak zeukan haztegira abiatu ziren, txitxardin likatsuz beteriko baldea bakoitzak eskuan.

Farturas lodia zihoan aitzindari, linterna hartuta. Argi ahul bezain urduri hark atzetik zihoan Txori ez zion asko laguntzen bideko kroskak aurkitzen, eta han zihoan, zentzumen osoa ibilian jarriaz, estropezu eginez zama preziatua galtzeko beldur.

Pozik zihoazen. Txitxardina bahetu eta aingira sabel horixka baztertu ondoren bospasei kilotara iritsi zitezkeen, eta dirua zen. Ehun pezeta ordaintzen zuten kiloa, garai haietan.

Marinelak Miñoren bazter lokaztutik abiatu ziren, inork ikus ez zitzan. Gune militarra izaki, debekatuta zegoen han arrantzan jardutea.

Eta halako batean dena aldatu zen. Zainketako falua militar bat azaldu zen ur gainean, euren kideak tripulazioan, proiektore indartsu baten argi salataria batera eta bestera... Linterna kaxkarra itzali eta ahozpez ezkutatu behar izan zuten, gorputzak erreka bazter nazkagarrian etzanda.

Burutik oinetarainoko lohi beltz blai zegoen Farturas, baina ez zuen askatzen indartsu helduta zeukan baldea. Ohiko eta hain ezagunak ziren madarikazio andanaren ondotik, bukaera ere betikoa:

-A nai co botou, quén será o cabrón.

Ikara gaindituta, aurrera egin zuten etxe multzotxo batera iritsi arte. Farturas izan zen haietako baten aldaba jo zuena. Erantzuna laster iritsi zen:

-Está aberta.

Barrutik zetorren argiak ez zuen asko erakusten. Baina bai nahikoa asmatzeko itzaletik zetorren emakumea liraina zela, ile luzeduna. Gerturatu ahala, dama erakargarria aurkitu zuten, bizkorraren irribarreduna, eskote zabala naturaltasun osoz zeramana.

Laster ohartu zen marinelen egoera negargarriaz eta, hala agindua emanez, bere atzetik eraman zituen haziendarako aska bateraino, ahal zutena garbituta, itxuroso jar zitezen.

Artean, emakumea etxean sartu zen, eskuetan baldeak hartuta, txitxardinak pisatzeko. Une hura aprobetxatu zuen Farturasek, oraindik begietako ninian zuelarik haren silueta desiragarria, lagunaren belarrira xuxurlatzeko:

-Non ten bragas Txo, non ten bragas.

Bost izan ziren bildutako kiloak. Hurrengoan ordainduko zizkieten. Hala egin ohi zen.

Benetan pozik zeuden. Franco diktadorea oraindik osasuntsu zegoen garai hartarako, jaso beharreko sosak asko ziren.

Ontzirako itzulera alaitsua izan zen, aztoramenduz betea. Behin kamainan etzanda, eta dianak jotzeko ordu bat falta zela, Farturasek oraindik sorginduta zirudien. Hala zioen:

-Txo, a Cachelos é unha muller ¡eh!, é unha muller que me deixou o mastro quente e duro como o ferro. ¡A virxe! Vou reventar.

Txo, haserre. Horrela ez zegoen lo egiterik. Edo, are okerrago, lo zeudenak, esnatzeko arrisku bizia zegoen. Baina Farturas ez zen isiltzen:

-Txo, sabes ti que é o mellor que ten a pesca da angula, non o sabes, pois é o marisco da Cachelos, kar... kar... kar...

Ontziaren bizkarrean jotako txistu hotz eta sarkorrak amaitu zuen Farturasen algarekin. Eguneroko zeregin amaigabeari hasiera emateko seinalea zen.

Txarrenean ere, ohiko lan eta nekearen gainetik, oraingoan bederen zerbait polita ere gertatua zen. Nola ahaztu Cachelos, hain emakume ederraren silueta liraina.

Hura bai amets ederra…!

Bilatu