Txabi Txakartegi, Josune Olabarria, Nahia Idoiaga*

Funtzio publikoa eta horren mesedetan ez dabiltzanak

Espero dezagun euskal ezkerreko alderdiek, beste aldarrikapenen artean, sutsuki, arimaz eta ekinez, eta zurikeri barik, sektore publikoa defendatuko duen aldarrikapena ipiniko dutela mahai gainean.

«Quando há um setor público que funciona, nem um único euro para o setor privado». Hori zen Portugaleko Bloco da Esquerdaren goiburu nagusietako bat Estatu horretako 2015eko hauteskundeetarako, afixetan edo hormetako margoetan edonon agertzen zena. Gero, Blocok Alderdi Sozialistarekin sinatu zuen gobernatzeko ituna; itun honek arlo guztietan lortu dituen emaitzak, ugariak eta onak, edonork ikus ditzake.

Gurean, esan genezake alderantzizkoa dela, eta gobernukideek eta beren ardurapean dauden medioek, publikoak izan arren azken hauek, pribatuaren alde egiten dutela argi eta garbi, lotsarik gabe, behin eta berriz.

Ez da gauza berria ETB, orokorrean, baina batez ere informatiboetan, bertan behera doala. Teleberriko esatariek erabiltzen duten hizkera xelebrea da askotan, tabernakoa, beti ere aurkariei edo, oro har, gaizki ikusitakoei eta ahulei dagokienean, alegia irriparre bat sortaraztea erraza denean. Honez gain, alderdi batzuen aldarrikapen eta ekintzen inguruko adierazpenak ez dira onargarriak telebista publiko batean. "Gaur Egun" edo "Teleberri"-ko atarian agertzeko rankinga aurreikusia dago Gobernukide ala oposiziokoa izan, batzuk azpimarratuta eta beste batzuk ezkutuago ateratzen direlarik onerako denean, eta alderantziz kalterako denean. Horrela, EITB Gasteizko Gobernuaren edo Sabin Etxekoaren bozgorailu nagusia dela pentsatzen dutenen kopurua ez da batere txikia.

Gainera argi dago EITBk, erakunde publiko batek, guztiaren gainetik, mespretxu handia erakusten diela beste erakunde publikoei eta horietan diharduten langileei. Badirudi erakunde publikoetan ez dagoela aditu, buruargi, pertsona presturik edozein gai edo arazoren aurrean iritzi-emaileak izateko, ez sektore pribatuan beste behinik behin. Medikamentu edo diagnostiko-bide berri bat agertzen denean, ETBn Zorrozaurreko, Gipuzkoako Poliklinikako eta beste mediku pribatuei ematen zaie protagonismoa. Eta hezkuntzan, egoera modernoago batera egokitu behar denean, ikastetxe pribatuak eta kontzertatuak eta hango zuzendari edo irakasleak agertu ohi dira ETBn; askoz ere gutxiagotan zentro publikoetako ordezkariak. Gauza bera jazotzen da adindunen erresidentziekin.

Pentsa genezake, beraz, bere seme-alabak eskola publikora eramaten dituztenen/ditugun, edo beren osasuna alor publikoan laga dutenen/dugun artean, bere/gure erabakia zuzena izan den ala ez aztertzerakoan, zalantzak sor daitezkeela.

Pertsonalki, kontrakoan gaude: publikoan dihardutenek funtzionamendu hobea daukatelakoan gaude, oro har, pribatuan egiten dutenek baino. Hori gure uste pertsonala da eta, sakona izan arren, badakigu ez duela derrigorrez horrela izan behar. Baina berdin dio, ze edozein esparruko gobernu eta alderdi politikoen izaeran dago publikotasuna sustatu beharra, erakunde publikoak hobetzea etengabe, egokiak eta onenak izatea lortu arte. Zer esanik ez batak edo besteak ezkerrekoak direnean. Edo, beharko luke. Eta harago, Brandaok hezkuntza-ministro portugaldarrak esaten zuen moduan: «Ez dut hezkuntza pribatua kolokan ipintzen, baina familiek daukaten aukeratzeko eskubideak ez du gure, alegia Estatuaren, betebeharra inondik ere mugatzen: Portugaleko hiri handienetan zein herrixka txiki zein ahaztuenetan, baldintza justu eta bidezkoak sortzea, hezkuntza izan dadin igogailua gizartean eta berdintasunerako bermatzailea». Eta emaitzek (PISA txostena) argi eta garbi utzi dute portugaldarren jarreraren arrakasta. Azpimarra dezagun Portugalen umeen %83 eskola publikora, %4 kontzertatura eta %13 pribatura joaten direla. Emaitza bera lortu da Osasungintzan, eta Osasun Publikoaren aldeko posturak emaitza onak lortu ditu itxura guztien kontra Aljubarrotan irabaziz Gaztelagandik independentzia lortu zuen lurrean.

Ez da kontu erraza izango funtzio publikoa aurre-aurrean ipintzea, eta badago mila motibo ezkorra izateko. Gauza publikoa ahultzen hasia dago: begira bestela Osakidetzaren externalizazioak, pertsonalaren falta eta kontratu mizkinak. Europan, Estatu gehienetan modu apalagoan bada ere, antzera gertatzen da Maastrichten ondorenetik. Aurre egiteko ez da geratzen borrokatzea baino, norberak defendatu dezan bere esparru publikoa, arimaz eta sutsuki, gogoan izanda dena pribatizatzen baldin bada ez dugula ez hezkuntzan, ez osasungintzan eta ezta gizarte-zerbitzuetan ere baliabiderik izango behar ditugunean. Soilik goikoen eskuetan egongo dira orain ehun urte egon ziren antzera.

Badago ETBko kateak ahaztuen, edo ezkutuen, aldera baztertzea erabaki duen jendea, alegia galduta uztea ikusteko ohikoak ez diren kateen artean; ez da harritzekoa. Espero dezagun euskal ezkerreko alderdiek, beste aldarrikapenen artean, sutsuki, arimaz eta ekinez, eta zurikeri barik, sektore publikoa defendatuko duen aldarrikapena ipiniko dutela mahai gainean. Hala ez balitz, kontutan hartu beharko lukete jende askoren ohiko aukera zerri-askan geratuko dela alperrik galduta.

*Sinatzaileak: Txabi Txakartegi, Osasun Publikoko pediatra erretiratua; Josune Olabarria, bibliotekari erretiratua; Nahia Idoiaga, UPV/EHU-ko Bilboko Hezkuntza fakultateko irakaslea; Marisol Madrigal, Osasun Publikoko erizaina; Iziar San Martín, menpeko senide baten zaintzailea; Esther Olarreta, Osasun Publikoko idazkaria; Libe Villa, Bigarren Hezkuntzako irakaslea hezkuntza publikoan; Amaia Madariaga, Medikuntza Fisiko eta Errehabilitazioan espezializatua osasun publikoan; Izaskun Mendizabal, Bigarren Hezkuntzako irakaslea Hezkuntza Publikoan; Aitor Arrizabalaga, Bigarren Hezkuntzako irakaslea Hezkuntza Publikoan; Amaia Zugazabeitia Irazabal. Osasun Publikoko Pediatra eta Pediatriako irakaslea EHUko Medikuntza Fakultatean, eta Naroa Gaintza, Lehen Hezkuntzako irakaslea Hezkuntza Publikoan.

Bilatu