Joseba Garmendia
EHUko irakaslea

Gaitasun estrategikoa zokoratzen denean

Munduko ekoizpen sistemak erronka eraldatzaile batzuk ditu aurrez aurre. Energia eredu berriztagarri baterako trantsizioak ez dio soilik sorkuntzari eragingo, deskarbonizazioak ondasunak eta ekoizpen prozesuak aldatuko baititu. Hala, esate baterako, ibilgailu motordunen edo ontzigintzaren sektoreetako balio kateetan zehar gertatzen ari diren aldaketek eragina dute euskal ekoizpen sarean. Gainera, demografia piramidea gero eta zaharragoa eta adin gazteko tarte estuak izateak erronka handiak ekarriko dituzte hiru arlotan gutxienez: osasun sisteman −zeinean ez den nahikoa izango murrizketetan atzera egitea eta zerbitzu ahalmena handitzea ezinbestekoa izango den−, zainketa sisteman eta lanpostuetako belaunaldi erreleboan.

Erronka horiei eta beste batzuei aurre egiteko, hainbat gaitasun behar dute gure lurraldeko eragile publiko eta pribatuek. Batzuetan, gaitasun horiek eskuratzeko eta indartzeko apustuak egin ohi dira, eta beste batzuetan, ahultzeko edota desaktibatzeko.

Erronkei aurre egiteko edota dimentsio anitzeko garapena sustatzeko lurralde batek egin dezakeen ahaleginaren kalitate eta kantitatearen neurria bezala ulertu daiteke gaitasuna. Gaitasun mota ezberdinak identifikatzerako orduan, zabalkunde handia izan du Markku Sotarauta ekonomialari finlandiarraren bost gaitasun dinamikoen sailkapenak: gaitasun estrategikoa, gaitasun xurgatzailea, interpretatzeko gaitasuna, konbinatzeko gaitasuna eta kitzikatzeko gaitasuna, alegia.

Gaitasun xurgatzailea da ingurumeneko ezagutza identifikatu, asimilatu eta ustiatzeko trebetasuna. Horrelako prozesuak interpretazio gaitasunagatik baldintzatuta daude, izan ere aktoreek errealitatearekiko eraikitako pertzepzioaren arabera erreakzionatzen baitute. Konbinatzeko gaitasunak aktoreen sare funtzionalak sortzeko balio du, baita lurralde barruko zein kanpoko eragile, baliabide eta ezagutza espezializatuak mobilizatzeko ere. Gainera, kitzikatzeko gaitasuna ohiko pentsamendu eta ekimen nagusiak zalantzan jarriko dituen sormen tentsioa sortzera bideratuta dago, pentsamendu edota ekintza eredu berri eta originalak bilatzeko.

Lau horiekin batera gaitasun estrategikoak, askotariko eragileekin saretuz, epe luzera ikuskatu, pentsatu, helburuak hautatu, ekintzak diseinatu, gauzatu, kudeatu, ebaluatu eta egokitzea eskatzen du. Gaitasun estrategikoak izaera metagarria du eta neurri handian ekinaren ekinez eskuratu ohi da. Aldez aurretik neurtzea zaila da. Diseinatu eta gauzatutako politiken bitartez, eragile ezberdinak policy learning prozesuetan metatzen doaz. Erabat testuinguruaren araberakoak diren erabakietan eta hautuetan testatzen da gaitasun horren sendotasuna.

Erakunde publikoetan gaitasun estrategikoa fintzeko ezinbestekoa da administrazioetako erakundeen eta langileen baitan eta artean ezagutzak eta trebetasunak eskuratuko dituen ekosistema sortzea, baliabideak eta esfortzuak inbertituz eta gobernantza eredu berritzaileak eraikiz. Adibidez, funtzionario publikoei arazo desafiatzaile eta konplexuetan lan egiteko aukerak eskaintzea, erantzun berritzaileak testatzeari tartea irekitzea, unibertsitate publikoekin helburu zehatzetara bideratutako lankidetza sustatzea, sektore publikoan barne aholkularitzak sortzea, komunitateei zuzendutako lizitazio publikoko tokiko politiken eta programen «laborategiak» bideratzea... Hala ere, ohikoa da zuzenean kanpoko aholkularitza eta bestelako enpresa pribatuetara jotzea. Azken horiek, luzera, zerbitzu publikoa infantilizatu ohi dute, beraien gaitasunak atrofiatuz, eta kontu demokratikoen ematea ahulduz. Enpresa pribatuak ezagutza iturri baliotsuak dira, baina aginte postua hartu beharrean, modu gardenean eta albo batetik aholkatu behar dute. Zentzu horretan, ezinbestekoa da azpimarratzea administrazioek funts eta xede kolektibo eta publikoei erantzun behar dietela, eta ez sasiko interes partikularrei.

Gaitasun estrategikoa erabiltzea, ordea, aurretiko erabakien menpe dago. Erronka edo arazo bati nola erantzun behar zaion, zein ikuspegi eta norabide erabili behar den, gakoa izan ohi da. Bateragarriak baitira trebetasun estrategikoak izatea eta erabakitzea interes kolektiboen mesedetan ez aktibatzea. Jarraian adibide paradigmatiko bat.

1990eko hamarkadaren erdialdean, egitura autonomikoetan zein eraikuntza edo higiezinen enpresekin harremanak zituzten alkateen artean jakina zen etxebizitza eskaria izugarri handituko zela. Baby boom-aren belaunaldia (1955 eta 1975 bitartean jaiotakoak) emantzipatzeko adinera iristen ari zen. Gainera, 1997tik aurrera hipoteka maileguen interes tasa bi digituetatik jaitsi egin zen, eta finantza erakundeek mailegu baldintzak arindu eta amortizazio aldiak luzatu zituzten. Horri esker, hileko kuota berarekin kapital handiagoa ordaindu ahal izan zen. Etxebizitzen prezioak igotzeko testuinguru paregabea.

Hori guztia aldez aurretik jakina zen. Baina gehiegizko igoerak mugatu eta egoera alokairu sozialerako etxebizitza-parke publiko bat sortzeko aprobetxatu ordez, gaia ekimen pribatuaren esku uztea erabaki zen. Horrek burbuilaren sorrera lagundu zuen 1997-2008 bitartean. Azken urteetara arte itxaron beharko da babes ofizialeko etxebizitzak eta gizarte-etxebizitzak nabarmen sustatzen ikusteko. 1997-2002 bitartean, etxebizitza babestuek eraikitako etxebizitza guztien %15,54 suposatzen zuten batez beste Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan (Nafarroa Garaian %33 ziren). Aldiz, 2003 eta 2008 bitartean %30,45era igo zen portzentajea. Ordurako negozioa eginda zegoen. Eraikuntza enpresei zergak ordaindu ondorengo irabaziak hirukoiztu egin zitzaizkien 1996 eta 2007 bitartean, 705 milioi eurotik 2.156 milioi eurora moneta konstantean.

Ez zen aurrea hartu. Aurreikuspenak bazeuden; gaitasun estrategikoa, ordea, ez zen aktibatu (edo ez zen aktibatu nahi izan), ezaguna zen etxebizitza eskariaren hazkunde bortitzari erantzuteko gizarte beharrak asetzearen ikuspegitik. Espero dezagun eskutan ditugun erronkei begira interes publikoak lehenestea, adimenarekin eta anbizioarekin.

Bilatu