Jose Luis Erdozia Mauleon

Galdera «erretoliko» zenbait euskal memoria hurbilekoaz

Ez zaio de facto zilegitasuna aitortzen Francoren erregimenaren garaiko ETAren jarduerari? Francoren erregimenaren garaikoa zilegi eta 1978tik aurrerakoa ez? Ez du, akaso, euskal gizartearen zati handi batek horrela sentitu eta adierazi, hein handi batean behintzat, ETAren jarduera, erregimen baten eta bestearen garaietan?

Egia ote, joan den urtean, Asironek esaten zuena oroimena, duintasuna, aitormena eta erreparazioari buruz? Euskal gatazka moduan ezaguna denaren inguruan sortutako biktima guztiak izanen dira, benetan, lau egintza horietako protagonista eta barkamena eskatuko zaie? Eta hala bada, nork erabakiko du zeintzuk diren biktimak? Zein urtetatik hartuko dituzte kontuan?

Esate baterako, ETAk hildako guztiak izanen dira lau egintza horien hartzaile? ETAren jardunaren ondorioz biktima izan diren guztiak izanen badira lau egintzetako protagonista, Manzanas jaunari ere jarriko zaio plaka bat Irungo kale batean? Eta ez bada horrela gertatzen, zeren arabera diskriminatuko dute aipatu Manzanas jauna? Francoren erregimenaren garaian hil zuelako ETAK?

Orduan, erregimen aldaketak markatzen du lau egintza horietako protagonistak zeintzuk izan behar diren erabakitzea? 1978ko erregimenaren garaikoak bakarrik izanen dira aitorturik? Horrela bada, ez zaio de facto zilegitasuna aitortzen Francoren erregimenaren garaiko ETAren jarduerari? Francoren erregimenaren garaikoa zilegi eta 1978tik aurrerakoa ez? Ez du, akaso, euskal gizartearen zati handi batek horrela sentitu eta adierazi, hein handi batean behintzat, ETAren jarduera, erregimen baten eta bestearen garaietan?

Zein gertakarik bereizten ditu zilegitasuna eta zilegitasun eza? Diktadura batetik, diktadoreak berak agindu eta uko egin ez dakiokeen monarkia konstituzionalerako aldaketak? Monarkia konstituzionala eta demokrazia gauza bera al dira? Monarka baten figura bateragarria da erregimen demokratiko batekin? Benetan suertatu zen oinarrizko aldaketa erregimen batetik bestera pasatzerakoan? 1978ko erregimenean, dagoeneko, giza eskubide guztiak bermatuta egon dira? Mikel Arregi lakuntzarra Etxarri Aranazko goardia zibilen kasarna eraso zuenean hil zuten bertako goardia zibilek 1979an? Joxe Arregi zizurkildarra Madrilen komisariako eskaileratik bota zelako hil zen 1981ean? Mikel Zabaltza orbaiztarra, Intxaurrondoko goardia zibilen egoitzatik ihes egin eta itota hil zen Bidasoan 1985ean? 1978tik egun arte, ez da inor torturatua izan estatuko segurtasun indarren egoitzetan?

Francoren erregimenean, diktadurarekin amaitzeko soilik burutu zuen ETAk bere jarduera? Ez zuen beste inolako asmok bultzatu Espainiako diktadurari aurre egitera armen bidez? Ez zuen beste aldarrikapenik? Ez zuen erregimen aldaketa baino beste ezer nahi? Ez zuen Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea lortzea helburu? ETAk aldarrikatzen zuen KAS alternatibak ez zuen autodeterminazio eskubidea osagai?

Zer aldatu zen/da gure herriaren eskubideak aldarrikatzeko ikuspegitik 1978ko erregimenarekin? Erregimen honek «demokratiko» kalifikatiboa erantsita edukitzea? Eta erregimen demokratikoa da? Erabat demokratikoa ala zertxobait demokratikoa? Pixka bat ernari dagokeenaren antzerakoa? Berdina izan da kartzelaldia Iruñako Antxo zenarendako edo Galindorendako? Berdina da justizia Altsasuko edo Jaengo gazte batendako?

Euskal herritarrok aldarrika dezakegu erabakitzeko eskubidea? Aldarrikatu bai, baina eskubide hori egikaritu ez? Catalunyan aukera izan dute normaltasunez herri eskubideak aldarrikatzeko? Aldarrikatu bai, aldarrikatutakoa praktikan jarri ez, ordea? Ez al da ankerragoa eta demokraziaren aurkakoagoa «goxokia» erakutsi eta hura «miazkatzen» ez uztea? Hori al da erregimen batetik bestera pasatutakoan aldatu dena? Horren arabera bereiziko da artikuluaren hasieran aipatzen nituen lau egintza horien protagonista nor izanen den eta nor ez?

Herrien eskubideak normaltasunez aldarrikatu ezin izan badira Francoren erregimenean eta ezin badira 1978koan, orduan, zergatik bereizi garai bateko eta besteko biktimen oroitze, plaka jartze, barkamen eskatze eta abarrekoak?

Zein beste bide demokratiko gelditzen zaio herri bati bere eskubideak aldarrikatu eta egikaritzeko? Egia bada 1978ko erregimena indarrean izanik, ezin duela gure herriak erabakitzeko eskubidea burutu, zer aldatu da Francoren erregimeneko egoerarekiko arlo honetan? Egia bada, era berean, ETAk Francoren erregimenari eta 1978koari aurre egin ziela gauza bera aldarrikatuz batean eta bestean, zer dela eta diskriminatu behar dira haren biktimak, adibidez?

Eta, azkenik, egia bada herri eskubideak ezin aldarrikatu izan direla Francoren erregimenean eta ezin direla normaltasunez egikaritu 1978koan, ez al dago gurean beste biktima kolektibo bat, garai horretan guztian behinik behin? Ez ditu merezi biktima kolektibo honek ere, bi erregimenetako biktima bada gainera, oroimena, duintasuna, aitormena eta erreparazioa? Erregimen demokratiko batek, ernari dagoenaren antzerakoa, biktimak, banakako zein kolektiboak, sortu behar lituzke?

Orduan, oroimenaren eta aitormenaren ondorio litzatekeen erreparazioa egin ez bazaio biktima kolektiboari, Euskal Herriari, duintasun demokratikoaren izenean, nork nori eskatu beharko lioke barkamena?

Bilatu