Markel Elortza

Gasteiz, Twilight Struggle-en 2025ko munduko hiriburua

Mahai-jokoek hazkunde-garaia bizi dute. Pantailak nagusi diren garai honetan, itxaropentsua da gero eta pertsona gehiago — gazteak, helduak eta haurrak — mahai baten inguruan esertzen ikustea, pentsatzeko, partekatzeko, lehiatzeko eta gozatzeko. Mahai-jokoek benetako iraultza bizi izan dute azken urte hauetan, eta gorakada horren barruan, Twilight Struggle oso leku berezian dago: BGG rankingeko 1. postuan denbora gehien eman duen jokoetako bat baita.

Ezagutzen ez dutenentzat, Twilight Struggle joko bat baino askoz gehiago da. Gerra Hotzaren birsorkuntza bikain eta zirraragarria da, bi superpotentzien arteko adimen- borroka —AEB eta SESB— erabaki bakoitzak ondorio globalak dituelarik. Joko zorrotza da (hasieran batez ere), bai, baina baita sakonki narratiboa, hezitzailea (oso ondo testuinguratua) eta oso adiktiboa ere (esan diezadatela niri! Kar-kar).

Eta aurten, gainera, ospatzeko bi arrazoi ditugu: alde batetik, Twilight Strugglek 20 urte bete ditu. Bi hamarkada hauetan, estrategiaren munduko erreferente absolutu gisa mantendu da, planeta osoan milaka jokalarirekin. Bestetik, Nazioarteko XI. Konbentzioa Gasteizen egingo da ekainaren 14an eta 15ean, gure hiria Twilight Struggle-en munduko hiriburu bihurtuz.

Zalantzarik gabe, orain arteko ediziorik jendetsuena izango da, munduko txoko ezberdinetako jendea bilduz: Grezia, Estatu Batuak, Polonia, Espainia, Alemania, Portugal, Erresuma Batua, Katalunia eta Euskal Herriko hainbat tokitatik etorritako partaideekin, joko zoragarri honekiko duten grinak elkartuta. Txapelketak suitzar formatuko zortzi partida izango ditu, eta irabazleak txapeldunaren txapela eskuratuko du.

Gainera, Devir argitaletxearen laguntzari esker, mahai-jokoak zozketatuko dira parte- hartzaileen artean.

Euskal Herriko Twilight Struggle Federaziotik ere jokoaren hedapenarekin eta irisgarritasunarekin konprometituta gaude. Horregatik, YouTuben argitaratu berri dugu euskarazko lehen tutoriala, euskaldunok unibertso liluragarri honetan murgiltzeko pentsatua. Hemen ikus dezakezue: https://youtu.be/1Ac8IZf6QVQ

Geopolitika, tentsio narratiboa edo, besterik gabe, asteburu desberdin bat konpainia onean bizi nahi baduzu, parte hartzera animatzen zaitugu. Informazio guztia gure webgunean dago eskuragarri: https://sites.google.com/view/ehtsf/vitoria-gasteiz-2025

Gasteizen ikusiko dugu elkar. Gerra Hotza hastear dago... baina girorik onenean!

Bilatu