Gaur, azaroak 13, argi hitz egingo dugu
Beharrezkoa den erreforma bakarra dagoena hobetzea da. Soldata errentek ezin dute igoera gehiago jasan.
Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduan berrogei hilabete daramatzagu Euskal Herriko herri eta hirietan mobilizazioak egiten, eta hasieratik pentsioen sistema publikoarekin lotutako hainbat kontzeptu bereizi ditugu. Ez da gauza bera adinekoaz mintzatzea edo pentsioaz, pentsiodunaz, erretiratuaz.
Estatu mailan, zaharrenak (65 urtetik gorakoak) 10 milioi gara; pentsiodunak, 9; 65 urtetik gorako pentsiodunak, 7; eta erretiratuak, 6 milioi, nahiz eta azken hauen kotizazioei esker ordaintzen diren kotizaziopeko 10 milioi pentsio eta kotizazio gabeko beste 600.000 pentsio.
Esaten denean kotizazioek ez dutela ematen «baby boom»-erako egungo erretiro-mailari eusteko, faltsua da. Kotizazioek erretiroa soilik estali behar balute, %80ko birjarpen tasarako ez ezik (pentsio publikoak estaltzen dituen azken soldaten ehunekoa), %100erako edo gehiagorako emango luke. Egia esan, langileen kotizazioek erretiroko pentsioa estaltzeaz gain, ezintasun iraunkorrak, alarguntasuna, zurztasun eta bestelako familien aldekoa ere estali behar dituzte; horregatik, batez besteko pentsio bera ere ez da iristen batez besteko soldataren %60ra.
Pentsio sistema publikoak pentsio horiek guztiak bermatzen jarraitu behar du. Baina langile-klaseak jartzen duen diru guztiaz gain, gizarteko beste taldeek ere beren zatia jarri behar dute. Hau da, aurrekontuek tokatzen dena jarri behar dute. Ez gehiago, ez gutxiago, pertsona guztiei bizitza duina bermatzeko falta dena baino ez. Guztiz egokia da esatea «historiako aurrekonturik sozialenak» ez direla Eusko Jaurlaritzarenak, ezta Madrilgo Gobernuarenak ere, langileen kotizazioetatik sortuak baizik. Inoiz ez da izan (eta ez da izango) aurrekontu sozialagorik.
Eta horrek galdera hau dakar: aurrekontu oso sozialez harrotzen direnek nolatan bota nahi dute hankaz gora pentsioen sistema publikoa? Pentsioen sistema publikoa gizarte aurrekontuen ispilu galanta eta sendoa denean? Inoiz izan diren sozialenak direnean? Zergatik ez da hobetzen sistema hori gutxieneko pentsioa 1.080ra eta gutxieneko soldata 1.200 eurora igoz? Zeren beldur dira? Boteretsuek beldurra diote gizarte osoak bizitza duina izateko eskubidea duela onartu beharrari. Hori gertatzen bada, zer gertatuko da boteretsuen posizioarekin? Zer gertatuko da saltzen ari zaizkigun sasi-demokraziarekin? Zer gertatuko da kontsumo-gizartearekin, beren negozio eta amarruekin?
Kotizazioak berek bakarrik bete behar badituzte gizarte osoaren behar sozial guztiak, argi dago ez direla iristen. Eta, era berean, ez da erretiro duin baterako iristen ekarpen handiena egiten dutenentzat, hau da, langile-klasearentzat.
Langile-klaseak eta bere sindikatuek mahai gainean jarri behar dute ahalegin hori, argudio handia eta sendoa delako, eta eskubide sozioekonomikorik ez galtzeko. Beharrezkoa den erreforma bakarra dagoena hobetzea da. Soldata errentek ezin dute igoera gehiago jasan.
Hori esanda, dena esan dugu. Langile-klasearen bizkar jartzen da gizarte honetan dugun gizarte-laguntzako sistema osoa. Kotizaziopeko pentsioen ondoriozkoa ez ezik, baita gutxieneko sarrerarena, pentsio ez-kontributiboak, klase pasiboen pentsioak eta beste laguntza publiko batzuk ere; izan ere, Estatuko Aurrekontu Orokorren %85 soldata-ordainsarietatik (soldatak + pentsioak) ordaintzen ditugun zergetatik sortzen dira.
Finantza-bankaren eta boteretsuen kontakizuna sumingarria da: langile klaseari txanoaren eta arlotearen irudia eman nahi diote. Aurrekontu guztia jartzen duen klasea, hain zuzen ere.
Honegatik guztiagatik denok kalera gaur, larunbata, azaroak 13. Pentsio eta soldata duinak eta zerbitzu publiko unibertsalak defendatuko ditugu.