Gaur bezalako egun batean

Adierazpen askatasunaren defentsa eta gure literaturaren zabalkundea, lan ildo garrantzitsuenetako bi

2019/04/23

Apirilak 23 zituen, gaur bezala liburuaren eguna zen, eta saiatzen ginen hirugarren aldia zen: 1950ean Ibiñagabeitia, Mirande, Zaitegi, Peillen eta beste zenbait lagunek sortu zuten lehen aldiz Euskal PEN Bilkura. Erbesteko baldintzetan, ez zuen askorik iraun. Ia lau hamarkada beranduago, 1987an egindako ahaleginak ere bide laburra izan zuen. 2004ko apirilean hasitako ekimenak, zorionez, ibilbide arrakastatsuagoa dauka. Xume eta talde txikian, baina hamabost urte dira gaur Euskal PEN sortu zela.

Beste hainbatetan legez, katalanen bultzada egon zen atzean. Euskalgintza shock egoeran zegoen artean, “Egunkaria”-ren itxiera eta arduradunen atxiloketa eta torturengatik, baina Kataluniako PEN taldeak gertatukoaren salaketa nazioarteko foroetara eramaten asmatu zuen. Eta munduan egon behar genuela gogora ekarri ziguten. Gure txikitasunetik, baina gure harrotasunetik, euskaratik eta euskaraz munduan; guk egiten ez genuena ezingo zuela beste inork egin.

Hala ekin genion lanari. Beso zabalik hartu gintuzten PENen, Kosovoko taldea ere sartu zen urte berean. «Egunkaria kasua» eraman genuen. Baita “Egin”-en itxiera ere. ETB edo “El Correo”-ren aurkako atentatuak eta bizkartzainak zituzten kazetarien kasua. Kurdistango kazetariak ekarri genituen Durangoko Azokara, Gasteiz eta Iruñeko legebiltzarretara. Nigeriako idazleek bultzatutako ekimenekin bat egin dugu. Kataluniako PEN taldearekin bat egin dugu Jordi Cuixart eta Jordi Sanchez ekintzaile eta idazleak askatzeko egindako eskaeran, aurretik beste askotan egin dugun eta egingo dugun legez. Gernikako bonbardaketaren urteurrenarekin mundu zabaleko poetek bidalitako lanekin egindako liburua argitaratu genuen. “Eguna” egunkariko aitzindari ausart haien memoria Bilbon plaka baten bidez gogorarazteko ekimena bultzatu dugu, Posta kaleko erredakzioa zegoen lekuan.
Hogei zenbaki beteko ditu “Basque Writing” gure aldizkariak, euskaraz etxean eta ingelesez munduan, PEN bilera eta kongresuetan, azkenak, Hegoafrikan, Indian, Suitzan eta Eslovenian.

Adierazpen askatasunaren defentsa eta gure literaturaren zabalkundea, horiek gure lan ildo garrantzitsuenetako bi. Idazle Jazarrien Batzordean dihardugu hasieratik, Bakearen Aldeko Idazleen taldean ere bai. Hizkuntza Eskubideen Batzordean erreferente garrantzitsu bihurtu gara Donostiako Protokoloan egindako lanagatik, eta Garabide elkarteko lagunekin batera egongo gara datorren astean Chiapasen egingo den bileran. Emakume Idazleen Batzordea ere indartuta dabil azken urteotan, eta Jennifer Clement mexikarra emakumezko lehen presidentea dugu.

Bi urte barru beteko du mendea PEN Internationalek. I. Mundu Gerraren osteko giroan sortu zen, halakorik berriro ez gertatzera tematuta, ideiak ideia, hitzaren garrantzia azpimarratzeko. Euskaldun goaz mundura, gure ikuspegiekin bat datozenekin eta urrunago ditugunekin solastatzera eta eztabaidatzera, garenaren berri ematera. Dozenaka lagunen babesa duen talde txikia gara, eta ateak zabalik ditugu aurrera ere gurekin bat egin gura duten kazetari, idazle eta euskararen eta hitzaren garrantzian bat egiten duten guztiekin. Mila esker denei.

Artikuluak
Sabino Cuadra Lasarte
2019/09/19
Jaime Mendia, Izaskun Aranbarri, Amets Martinez de Heredita, Leire Gomez, Bryn Hounsell, Ibai Fresnedo, Rafael Vásquez, Mikel Martin e Ibai García
2019/09/19
Ana Malón, Julen Mendiguren y Juan del Barrio
2019/09/19
Andoni Louzao Bustamante
2019/09/19
Gutunak
Manu Ballesteros
2019/09/19
Ane Mella
2019/09/19
Jokin Galarraga Otamendi | Jangela eta garbiketako langile kaleratuen izenean
2019/09/18
Koldo Amezketa, Mirentxu Oiartzabal, Ana Guelbenzu eta Juan Andrés Ramírez*
2019/09/18
Azken post-ak
Martin Garitano
2019/09/19
Iñaki Lasa
2019/09/19