Ibon Cabo Itoiz

Gazteak Atzerrira: Willy Fog vs Paspartou

Baserrietan esaten duten bezala: «Ametsa, gogoaren igandea». Aukerak eman behar dizkiegu gazteei. Lehenik eta behin Euskal Herrian.

Atzerrira joateak izugarrizko balorea dauka gure izaera alda dezagun. Beste herri eta bizimodu batzuk ezagutzera joaten garenean aldatzen dugu gure pertsonalitatea betirako. Hala eta guztiz ere, ez da berdina atzerrira lan bila joatea edo ikastera edo hobekuntza profesionala lortzeko asmoarekin joatea. Eztabaida sortzeko adibide dibertigarrian, ez da gauza bera Willy Fog izatea edo Rigodon izatea (benetako eleberrian agertzen den moduan Paspartou zen arren); hau da, ez da berdina jauna edo morroia izatea. Horregatik datorkit burura galdera hau: gazteak atzerrira joatearen aldekoa naizen arren… zertarako? Berdina izan al zen Pablo Casadorentzat eta Santutxuko auzokide batentzat?

Ea nork ez duen hurbil atzerrira ikastera edo lan egitera joan den pertsona bat. Batzuk Erasmus egitasmoaren bidez joan ziren ikastera eta aldi berean hizkuntza berri bat ezagutzera edo bigarren hizkuntza hobetzera. Beste batzuk lan bila joan ziren, EAEko langabeziaren bilakaera ikusita. Guztiak beren curriculuma hobetzeko asmoarekin joaten dira, bueltatzeko orduan bizimodu hobeagoa edukitzeko prest. Beste kasu batzuetan, bueltatzerakoan badaukate itxaroten lanpostu bat (masterra aitzakia soil bat delako curriculumari beste orri berri bat gehitzeko). Hala eta guztiz ere, gazteak eskarmentu ezberdinarekin bueltatzen dira Euskal Herrira. Gaur egun krisiak Europako ate guztietan indarrez jotzen duelako. Oraindik ez da hain erraza atzerrira joatea eta ziztu bizian zure lan arloan ospea edo arrakasta lortzea. Argudio honekin bigarren galdera bat datorkit burura: zerekin lotzen dugu arrakasta hitza gure bizimoduan? Master bat edukitzea berez arrakasta da? Non geratzen da hezkuntzaren benetako helburua?

Era teoriko batean, atzerrian lan aukera zabalagoak bila ditzakete gazteek. Gainera, beste hizkuntza batzuk ikas ditzakete. Esan beharrik ez, abentura eta ezagutza aberatsa izan daiteke, beste herri eta bizimodu batzuk ezagut ditzakete eta. Willy Fog izateko aukera buruan dutela hasten dute gazte guztiak bidaia. «No limits! Goazen!», pentsatzen dute abentura hastear daudenean. Atzerrira heldu orduko, ordea, irribarrea pospolo baten argia izango balitz bezala amatatzen zaie. Esate baterako, atzerrian bizimodua garestiagoa izaten denez, irabazten dutena ez dute nahikoa bizimodu erosoarekin jarraitzeko. Beste hizkuntza batzuk ikasi beharra ere madarikazio bihur daiteke. Ez da gauza bera ikastera edo lan egitera Suediara joatea edo Irlandara joatea. Eta nola ez, bakardadearen gaia leku ezezagunetan noizbehinka bihotzetik ateratzen zaigu espero ez dugunean. Guri ez ezik, gazteei ere gustatzen zaie, bereziki etxetik at lehen aldiz joaten direnean. Poltsikoan diru gutxirekin eta tristura handiarekin, Willy Fogen efektua Rigodonen efektu bilakatzen da pixkanaka-pixkanaka, eta gazteak beren desioen morroi bihurtzen dira.

Horregatik, gazteek atzerritik arrakasta ekartzeko helburuen preferentzia aldatu behar dute joan baino lehen. Ametsek ekonomiarekin lotura nabarmena izanez gero, gazteak izugarrizko depresioarekin etorriko dira atzerritik. Askotan, beste herri batera joatea sinpleagoa izan daiteke. Baserrietan esaten duten bezala: «Ametsa, gogoaren igandea». Aukerak eman behar dizkiegu gazteei. Lehenik eta behin Euskal Herrian, eta gero atzerrira joatea erabakiko balute, itxaropena murriztu behar izango lukete. Azkenean Rigodonek ere mundua ikusi zuen bere garaian, masterrik ikasi ez zuen arren.

Bilatu