Patxi Meabe, Pako Etxebeste, Arturo Garcia eta Ramon Balenziaga
Etikarte

Gazteak lanik gabe, egiazko zorigaitza

Hogeita lau urte ditut. Komertzial edo saltzaile gisa lan egin dut. Nagusiak esan dit lana asko jaitsi dela eta amaitu zaidala obra eta zerbitzu kontratua. Proiektu berri bati ekin behar diola eta balitekeela berriro deitzea. Baina baldintza batekin: borondatezko baja bat sinatu behar diot, bi hilabete geroagoko datarekin. «Baja sinatzen ez baduzu, ez dago kontraturik».

Proposamen berbera egin diete beste bi lankideri (batek eskuko telefonoarekin grabatu zuen elkarrizketa). Asmoa, segur aski, gu kaleratzea izango da, proiektu berrian ongi funtzionatzen ez badugu.

Ez dakit, iruditzen zait jolas egin nahi dutela nirekin, bi hilabete horietan… nirekin eta gainerako lankideekin.

Oraintxe bete ditut 25 urte. Lehen eta bigarren mailako ikasketak egin ondoren, duela bi urte amaitu nituen, asteburuetan lan eginez, Administrazio eta Enpresa ikasketak. Lan bila puska batean ibili ostean, berriro ikastera itzuli behar izan dut. Gurasoen etxean bizi naiz. Duela egun batzuk, etxera nentorrela, begiak busti zitzaidan etorkizunik ez daukadala konturatu nintzenean. Hemen, behintzat, ez. Lan egin nahi dut, horixe da guztia. Soldata bat kobratu, familia bat osatzeko. Zentzua eman nahi diot nire bizitzari.

Mila kasu aipa genitzake, antzekoak edo okerragoak. Ez ditugu berriro hona ekarri nahi langabeziari buruzko estatistika-datuak eta portzentajeen zenbatekoak, gazteen langabeziaren gainekoak barne direla. Behin eta berriro aireratu dira azken hilabeteotan. Horietako batzuk azpimarratuko ditugu beren esanahiagatik.

15 urtetik 24ra bitarteko pertsonen % 87 garapen-bidean dauden herrialdeetan bizi dira. Munduak bizi duen krisi ekonomikoak proportziorik gabeko eragina izan du gazteengan.

Lanaren Nazioarteko Erakundearen (OIT) arabera, 2007 eta 2012 artean krisia hasi zenetik, gazteen langabezia 8.500.000 pertsonatan hazi da, mundu mailan.

Gure artean, esperientzia profesionala duten gazteen % 36k, gutxi gorabehera, ez du inoiz urtebetetik gorako lan kontraturik izan.

Gazteen % 45, batez ere, gurasoen diru-sarrerei esker bizi dira; % 21 baizik ez dira beren sarreretatik bizi direla diotenak.

Aurten, lan erreforma jada indarrean dela, ez da eten lanpostuen galera, ez sektore pribatuan, ez publikoan, ez gainerako lan kontratuetan. Drama gero eta larriagoa da, 6.200.000 langabeetatik erdiak baino gehiago 35 urtez azpiko gazteak baitira.

Ikusten den bezala, langabe kopurua tamalgarria bada, bereziki kezkagarria da gazteen kasuan. Lana sortzeko eta gazteen indarra eta prestakuntza produkziora bideratzeko gauza ez den herrialdea bere etorkizuna –hau da, hazkundea eta oparotasuna sortzeko aukera– larriki hondatzen ari da, kapitala galtzen ari baita. Eta, gure kasua den bezala, egitura demografiko zeharo zaharkitua daukagunean, gazteek, prestatuak egon edo ez, lanposturik lortu ezin izatea benetako suizidio ekonomikoa da.

Batzuek atzerrira ihes egin dutelako kontsolatzea (kanpoko mugikortasuna deitzen dion ergelik ere bada), edota erreforma fiskalean edo doiketa-politika zorrotz batean soilik konfiantza izatea ez zaigu nahikoa iruditzen, inola ere.

Dena dela, ikuspegi ekonomiko globala larria bada, askoz okerragoa da langabeziak milaka gazterengan sortzen duen drama pertsonala eta familiarra. Hasieran jarri ditugun adibideak ikusi besterik ez dago. Etorkizunik ez ikustea, lortu duten prestakuntzaren irteera ezak dakarkien gogo-beheraldi existentziala, bizi duten deserrotze familiarra eta kulturala, eta abar, horiek guztiek gizarte ezegonkortasun egoera luze bat elikatzen dute, non frustrazioa eta desilusioa elementu erabakigarriak diren.

Badakigu lan eta enplegu aukerak ez direla sortzen pertsonak haien beharrean daudelako, baizik eta enpresek dituzten produktibitate premien arabera. Hor esku hartu behar du lidergo politikoak, erakunde publikoen ardurak eta abileziak, proiektuak eta laguntza ekonomikoak sustatuz. Sindikatuen jarduerak eta enpresaburuen erantzukizunak eta ekimenak posible egin behar lukete egoera mingarri honetatik ateratzea. Horregatik, kasu bakoitzean egin beharreko zuzenketak aintzat harturik, gure testuinguru politiko-sozialean egiten ari diren aurrerapauso guztiak sostengatzen ditugu –gizarte-eragileen arteko desberdintasun legitimoak ahaztu gabe– inora ez garamatzan etengabeko enfrentamendu paralizagarri hau gainditzeko baldin badira. Aurrera eramaten ari diren neurri guztiak nahikoa izango ez diren arren, guztion ahaleginak elkartu behar ditugu egoera negargarri hau gainditzen ahalegintzeko.

Bilatu