Oihan Beltz Unzueta, Joseba Koldo Etxeberria
Gorputz Heziketako irakasleak

Gazteengan obesitatea gora, eta?

Azken aldian egindako ikerketen arabera, Europako gazteengan (euskaldunak barne) obesitatea igotzen ari da nabarmenki, elikadura ohiturak kaskartu dituztelako eta jarduera fisikoa gutxi egiten dutelako. Eta arazo sozial garrantzitsu honen aurrean instituzio eta gobernuek hitz politak bai, baina neurri zuzentzaile gutxi. Janari ‘desegokiei’, hau da elikatu baino gizendu egiten duten horiei, zergak igotzea proposatzen dute batzuek. Eta zergatik ez publizitatetik, komunikabieetatik kanporatu, tabakoarekin egin zen moduan? Orduz geroztik tabakoaren kontsumoa nabarmenki jaitsi da herritarren artean.

Hezkuntza Sisteman ere curriculum dotoreak, kalitatea, hezkuntza integrala eta antzeko hitz ugari agertzen dira aldarrikapenetan, baina neurri eraginkor eskas. Esate baterako. Zenbait ikastetxetan batere osasungarriak ez diren litxarrekeriak saltzeko makinak daude. Egokia al da hori? Zergatik ez ditu administrazioak kontrolpean jartzen eta bakarrik janari gozo baina elikagarriak saltzen dituzten makinak onartzen?

Euroganbarak, duela urte batzuk, gazteen obesitateari aurre egiteko, astean Gorputz Heziketari hiru ordu eskeintzea aholkatu zien estatuei. Euskal Gobernuko Hezkuntza Sailaren azken urtetako joera, ordea, hezkuntza erreformak aitzaki hartuz, orduak gutxitzea izan da, egun astean, bataz beste, bi baino gutxiago izanik. Eta Batxilergoko bigarren urtean, derrigorrezkorik, bat bera ere ez.

PISA, e-diagnostikoa eta selektibitatea azterketa ospetsuetan Gorputz Heziketa agertu ere ez da egiten. Ez al du administrazioak Gorputz Heziketan konpetentziak eta helburuak betetzen diren aztertu behar?

Gorputz Heziketari merezi duen garrantzia eman nahi bazaio, beste edozein irakasgaiari bezala, maila bakoitzean asteko hiruzpalau ordu eman behar zaizkio eta selektibitatean sartu. Zergatik ez ipini selektibitatean obesitatearen aurka eragiten duen ariketa aerobikoren bat burutu eta gainditu behar izatea? Ez litzateke batere zaila edo garestia izango. Estadio, zirkuitu edo kiroldegiren batean ikasleak bildu, bakoitzari norberaren denbora neurtuko duen txip bat eman eta hainbesteko tartea korrika, esate baterako, denbora jakin batean egin beharra eskatu. Denboraren arabera, nota eta pisu osasuntsuarekin lotuta legokeen denbora minimo bat egitera behartu, aprobatzeko. Probak gazteak prestatzera, ariketa fisiko gehiago egitera bultzatuko lituzke, obesitatearen aurka eraginez. Behobia-Donostia lasterketa herrikoia dugu adibide. Milaka korrikalari hauen artean zenbat obeso ikusten da?

Osakidetzak ere bultzatu beharko luke honelako zerbait, herritarren osasunaren arduradun izanik. Ongi dago gripearen aurkako txertoaren alde kanpaina egitea eta txertoak hornitzea. Ongi dago obesitatearen aurkako aldarrikapenak egitea, baina gazteen obesitatearen aurkako zein ‘txerto’ ‘hornitzen’ du? Selektibitatean obeso ez izatera bultzatuko duen proba fisikoren bat ipintzea herritarren osasunean inbertsioa da, gerora obesitateak sortzen dituen gaixotasunak sendatzen osasun administrazioaren gastua murriztuko duena. Eta zergatik ez egin gauza bera derrigorrezko hezkuntza etaparen bukaeran, hau da, DBH bukaeran?

Bitartean, gazteen obesitatearen inguruan... demagogia, aingeruen sexua eta ahuntzaren gauerdiko eztula.

 

Bilatu