David Lopategi Escudero eta Gaizka Larrinaga Martin
Bilboko EH Bilduren izenean

Gaztelaniaren Bilbo

Azken hamarkadetan Euskararen Bilbo sortu dugula zioen iragan larunbatean Sabin Anuzita Euskara zinegotziak, kazeta honetan bertan argitaratutako artikulu batean. Aho zabalik utzi gintuen.

Hizkuntza eskubideak urratzen dituzten udalerriez Elebidek zein Behatokiak egiten dituzten zerrenden aurreneko postuetan ageri baita Bilbo, urtea joan urtea etorri. Eta bertan euskaraz bizitzeko ahalegina egitea besterik ez dago horretaz jabetzeko. 90.000 euskal hiztunen hizkuntza eskubideak bermatuko dituen Euskararen Ordenantzarik ez duen hiria da gurea, Udalak antolaturiko ekimen gehienetan euskarak batere tokirik ez duena; haurrei zuzenduriko askotan ere ez: Txotxongiloen Jaialdiko 18 obretatik bakar bat euskaraz, galizieraz eta ingelesez beste. 2009az geroztik, euskararako aurrekontua %28,17 murriztu duen hiria da Bilbo, hizkuntza eskakizuna herritarrekin tratu zuzena duten udal langileen kontratazio berrien %36an soilik ezartzen duena. Otxarkoagan euskaraz ikasteko hezkuntza zentro publiko bakar bat ere ez duena. Besteak beste.

Alabaina, euskararen normalizazioan urratsak egin, eta Bilbo euskaldun eleanitza helburu, lan eskerga egiten duen jende eta talde apartak dituen hiria ere bada gurea. Euskararen Bilbo gero eta helburu hurbilagoa izan dadin buru eta bihotz emanak lanean ari dira bilbotar ugari. Nahiz eta askotan, euskararekiko konpromisorik eza zuritzea beste helbururik ez duen diskurtsoarekin topo egiten duten: «errespetuz eta sektarismorik gabe jokatu behar duzue», «ezin dira hizkuntzak inposatu» edota «ezin duzue euskara arma gisa erabili».

Maiz entzun ditugu halakoak guk geuk ere Euskararen Ordenantzaren beharrezkotasunaz jardutean, esparruko eragileak eta udaleko ordezkariak bilduko dituen Euskararen Batzordearen sorrera planteatu dugunean, Euskara Sailera Bilboko aurrekontuaren zati handiagoa bideratzeko eskatu dugunean. Eta hain justu, tankerakoak egotzi dizkigute asteon Euskararen Bilbo akordioa apurtzat ematen dugula adieraztean. Tankerakoak, baina gaztelania hutsean, hori bai. Zertarako disimulatu, Euskararen Eguna pasatu bada!

Udalak argitara ematen duen «Bilbao» hilabetekariaren edukiaren %50 euskaraz izateko proposamena eraman genuen asteazkeneko udalbatzara. Eta EAJ-PP-PSEk kontra bozkatu zuten. Honek ez gintuzke gehiegi harrituko, aurreko astean, Euskararen Egunaren karietara, izenpetu genuen akordioan euskara sustatzeko neurriak hartuko genituela jaso izan ez bagenu. Eta zer da ba Bilbon euskara sustatzea, udalak berak plazaratzen duen berripaperean euskarari tokia egitea ez bada?

«Gure hiria euskararen mundura sartzeko atea izan daiteke milaka herritarrentzat», zioen Anuzitak iritzi artikuluan. Bai, noski! Baina horretarako, neurriak hartu behar dira, eta etxetik bertatik hasi, eredua eman. Akordio bat ez da ezer bertan jasotako helburuak betetzeko ekinbideak abiatzen ez badira, baliabideak ematen ez badira, dirua inbertitzen ez bada.

Hiztunen arteko bizikidetza lortzeko, «gakoa berezko gure hizkuntzaren eta hizkuntza partekatuen arteko harreman orekatuan datza. Elkarrenganako errespetuan», zioen, halaber, Anuzitak. Euskara eta gaztelaniaren egoera Bilbon zein den kontuan hartuz abiapuntu hori zuzena den eztabaidan sartu gabe, zein orekari buruz ari da Anuzita? «Bilbao»-ren orekaz? 44 orritatik 35 gaztelania hutsean dira, eta hala izango da aurrerantzean ere EAJ-PP-PSEk erabaki dutenez. «No queremos un periódico con el 50% de su contenido reducido y traducido» (Ez dugu nahi edukiaren %50 murriztua eta itzulia izango duen egunkari bat). Beren erabakiarekin eta berau adierazteko erabilitako argudioarekin -ezinezkoa da zuzenean ezer ekoiztea, antza denez- bertan behera utzi dute Euskararen Egunaren bezperan zabaldutako Euskararen Bilbo akordioa. Ibon Areso alkateak gaztelania batuan irakurri zuen hori bera.

Hasieratik izan du bide zaila akordio honek. Apirilean aurkeztu zigun EAJk «Euskararen Bilbo. Itun berri baterako proposamena» dokumentua. Legebiltzarrean 2009an alderdi guztiek adosturiko Euskara 21 agendako 14 puntuak jasotzen zituen. Itxaropentsu, aurrera egiteko prestasun osoa azaldu genuen. Nahiz orain argi geratu den dokumentu horren ezkutuko helburua abenduaren 2an udaleko lau indar politikoek osaturiko argazkia zela, argazki zurigarria. Eta ez egiaz euskara sustatzeko konpromiso eta neurri zehatzak hartzea.

PP, ordea, lehen unetik bertatik azaldu zen dokumentuan jasotako edukiaren aurka, bost urte lehenago hori bera sinatu zuen arren Legebiltzarrean. Eta EAJk eginahalak eta bi egin ditu eskuineko alderdi espainolista bertan egon zedin. Kontsentsuaren mesedetan, besteok zuzenketak erretiratu eta uneoro malgutasunez jokatu dugun bitartean, EAJk denetarik egin du PP erakartzeko, beto eskubidea onartu ere bai. Hala, azken egunera arte akordioaren testua zehazki zein izango zen ez genuen jakin, EAJk hainbatetan pasa baitzizkigun dokumentu desberdinak, aurrez PPrekin negoziatzen zituenak itxura denez.

Bistan da akordioa ez zela euskararekiko konpromiso bat. Ikasturte elektoraleko pose bat baizik. Astebete besterik ez da pasa, eta agerian geratu da iruzurra.

Gure aldetik, euskararen alde lanean segituko dugu, orain artean bezala sektoreko eragileekin elkarlanean, hanka bat instituzioan, bestea kalean. Inoiz bide horretan EAJrekin topo egingo dugulakoan. Benetan prest zaudetenean euskararen alde pausoak emateko, EH Bilduren ateak erabat zabalik izango dituzue. Eta jakin badakizue hori, malgutasun eta borondate hori erakutsi baititugu denbora honetan guztian. Euskararen Bilboren alde

Bilatu