Izar Hernando Ibero
Ernai Gazte Antolakundeko bozeramailea

Gazteok, irautea baino, bizitzak!

Gazteok norabidez aldatu nahi dugu, erabaki nahi dugu, bizi nahi dugu. Gazteon artean bada bizitzaren aldeko gehiengo bat; eta bizitzaz ari garenean, ari gara zaintza erdigunean jarriko duen sistema bat eraikitzeaz, egitura publiko indartsuak sustatuko dituen eredu bat martxan jartzeaz, denon hitza eta bizitzak errespetatuko dituen gobernantza berri bat abiatzeaz.

Heldu dira Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeak, hainbeste bueltaren ondoren! Zalantzarik gabe, ahaztuko ez dugun hauteskunde deialdia izango da honakoa. Izan ere, edonork erokeriatzat joko luke konfinatuta pasa ditugun hilabeteen ostean, eta pandemia oraindik gurean daukagula jakinik, hauteskundeak ospatzea, normaltasun kutsuz mozorratzen saiatu diren hauteskunde hauek ospatzea. Ez dugu hauteskunde deialdi hau ahaztuko, eta gogoratzekotan, ezegonkortasun eta ziurgabetasunaren hauteskunde gisa oroituko ditugu; are gehiago, gestio txarraren eta oportunismoaren hauteskunde gisa. Izan ere, gizarteak pandemiaren gestioan arreta osoa jarri nahi zuen momentuan, agintean daukagun alderdiak hauteskundeak deitzea lehentasunezkotzat jo zuen, badaezpada ere, edo. Eta zergatik ez, aldaketaren hauteskunde gisa ere oroitu ahalko dugu deialdi hau?

Izan ere, azken hilabeteen ondoren inoizko kutsu bereziena hartzen dute hauteskunde hauek, inoiz ez baita hain argi egon ereduen arteko talka, eta horixe da igandeko bozketan irudikatu beharrekoa. Bizi ala iraun, hortxe dago gakoa. Izan ere, irautea litzateke orain artekoarekin tiraka jarraitzea, azken urte luzeegietan (eta intentsitate bereziz azken hilabeteetan) izandako eredu partidista, elitista eta klientelarra mantentzea. Egiteko era hori, gestio hori, ezin da hobetu, ezin dugu moldatu. Eredu berria mahaigaineratu behar dugu, orain da momentua, inoiz baino gehiago.

Eta esaten dugunean momentua hau dela, ez gara lelo hutsal bat erabiltzen ari, bene-benetan sinesten dugulako diogu. Izan ere, covid-19-ak ekarri digun agertokiaren aurrean, bi ereduren arteko talka argi gelditu da, ereduz aldatzeko urgentzia ebidentea da. Izan ere, sistema honek goia jo du, gainezka egin duela dirudi; eta aipatzen dugun hori joera berria ez den arren –sistema honen dekadentzia aurrez ere salatu izan dugu–, azkenengo hilabeteetan gurean izandako hainbat gertakarik prozesua azeleratu egin dela ikustarazten digute.

Krisi anizkoitz eta sistemikoak, lehenagotik ere bertan genituenak, baina akaso hain argiki bistaratzen ez genituenak; koiunturalak izatetik urrun, sistematikoak diren krisiak, eta norabidez aldatu ezean areagotzen joango direnak: lurralde krisia, krisi ekonomiko eta soziala, zaintza krisia... biderkatu eta azkartu egin dira, eta horrela iritsi gara sostengaezina den une honetara. Eta zerrendatutako krisi horiei guztiei jarritako abizen potoloen atzean, badira denok bizi izan ditugun gertakari konkretuak, krisi horiei aurpegia jartzen dietenak. Batetik, alarma egoerak eta aplikatutako 155 estaliak eredu autonomikoa leherrarazi dute, eskumen guztiak Madrilen esku utziz; eta modu horretan orain arteko autonomiak ezerezean utziz. Bestetik, Zaldibarreko zabortegian gertatuak eredu oso baten ustelkeria eta eredu klientelarra agerian utzi zituen, bi langile lurperatzearen gainetik; eta norabidez aldatzetik urrun, AHT edo erraustegiaren gisako makroproiektu zentzugabeetan inbertitzen jarraitzen dugu, betikoen poltsikoak diruz betez eta gure herria suntsituz, noiz eta pandemia honen ondorioei aurre egiteko sistema publikoak inbertsioak behar dituen unean (urtez urte murrizketak jasan dituen sistema publikoa, bide batez).

Pandemiaren gestioarekin jarraituz, interes ekonomiko eta partidistak, produkzioa eta kontsumoa etengabe lehenetsi zaizkio osasunaren eta bizitzen aldeko neurriak aplikatzeari: zerbitzu minimoetan kokatzeko oztopoak behin eta berriz jarriz, ekonomia txikiari entzungor eginez eta enpresari handienen presioei men eginez, eta nola ez, baita pandemia baten erdian hauteskundeak deituz ere. Eta beste behin ere, gestio onaren maskararekin egin dira aipatutako horiek guztiak; noiz eta De Miguelena edota Montairena bezalako eskandaluek argia ikusi duten momentuan... Hau zerrenda amaigabea! Hori guztia PNVren eta eskutik dakarren Confebasken eredua da. Eta PNVren eredua da hain zuzen, goia jo duen sistemarena.

Eta parean, aldaketa, eraldaketa. Orain arteko eredu ustelaren aurrean bada aukerarik, bada alternatibarik, kontrakoa erakutsi nahi badigute ere. Pandemia orain arteko sistema bera da, eta guk sistema aldatu nahi dugu, irauli. Herri gisa bizi dugun krisiaren aurrean zentzu ona aldarrikatzen dugu, eta herri honek badu zentzu onik: feminismoa, ekologismoa, burujabetza eta bizitzak erdigunean jartzea. Horiexek dira belaunaldi berrion aldarrikapen eta zentzu onak, eta hortik egin nahi dugu eredu aldaketa.

Guk badakigu normaltasun berriaren atzean norma, krisia eta prekaritatea besterik ez direla ezkutatzen, eta guk ez dugu horretara itzuli nahi. Salto egin nahi dugu, herri honek aurrera salto egin behar du. Bizitzeko, salto. Eta gazteok badakigu salto hori eraldatzailea izango bada, bizitzak erdigunean jarriko baditu, eta denon ahotsak entzungo baditu, EH Bilduk ordezkatuko duela. PNVren euskal oasia ala EH Bilduren alternatiba.

Eta ez dugu zalantzarik egiten, gazte boza EH Bilduren aldeko boza dela. Gazteok norabidez aldatu nahi dugu, erabaki nahi dugu, bizi nahi dugu. Gazteon artean bada bizitzaren aldeko gehiengo bat; eta bizitzaz ari garenean, ari gara zaintza erdigunean jarriko duen sistema bat eraikitzeaz, egitura publiko indartsuak sustatuko dituen eredu bat martxan jartzeaz, denon hitza eta bizitzak errespetatuko dituen gobernantza berri bat abiatzeaz. Eta horretarako, herri honek badu gaitasun eta gogo nahikoa, eraldaketa gogoa.

Igandean, gazteok bizitzearen ala irautearen artean erabakiko dugu! Igandean hautetsontziak gazte bozaz beteko ditugu. Eta gazte boza feminista da, gazte boza ekologista da, ezkertiarra, euskaltzalea, independentista. Gazte boza eraldaketarako boza da, EH Bilduren boza. Gazteok bizitzaren aldeko hautua egina dugulako, igandean bide horretan urrats bat gehiago emango dugu.

Bilatu