Iratxe Esnaola Arribillaga
Informatika ingeniaria

Gaztetxoak, teknologiak eta hezkuntza (I)

«Guraso eta seme-alaben arteko jauzi digitala neurgaitza» den honetan, gaztetxoen zaintza ezin dela Tuenti ala Facebook-en eskuetan utzi dio Esnaolak, eta idealena, sare sozial eta «smartphone»-kin gaztetxoek ematen dituzten lehen pausoak gurasoen eskutik helduta ematea dela. Gurasoek erreferentzia bilakatu behar dute, ezjakintasunak ez baitu erreferentzia izaten, ez saiatzeko aukera irekitzen.

Ez hitz egin ezezagunekin», «ez sartu ezezagunen autoan», «eraman diru apur bat beti, deitu behar badiguzu ere», «telebista x denboraz ikusiko duzu», «bazkaltzen eta afaltzen ari garenean, telebistarik ez», «13-14 urtera arte ez zara gauez aterako», «goizeko ordu bietan ohean ikusi nahi zaitut» eta gisakoak entzun nituen nik. Nire gurasoek telebistarena beharbada ez, edo ez horrela behintzat. Eta nire aiton-amonek, ziur aski, ez zuten ezezagunen autoen gaineko kezkarik entzun (autoek beste presentzia bat izango zuten orduan). Egun, ordea, «ez txateatu ezezagunekin», «ez onartu ezezagunak sare sozialeko zure lagun gisa», «ez eman zure sakelako telefono zenbakia edonori», «sare sozialetan x denbora emango duzu» eta gisakoak ere gehitu beharko lirateke. «Segurtasunaren kultura» deitu daitekeena hedatu eta handitu egiten da denborarekin. Gero eta eremu gehiago biltzen ditu bere baitan. Eta hain azkar aldatzen da dena, non gero eta zailagoa den aurre hartzea; gero eta zailagoa delako, teknologietan behintzat, eman behar den gomendioa zein den asmatzea, gomendioa formulatzen hasterako teknologia erabat zabaldua dagoelako.


Horixe gertatzen zaie teknologiarik gabe jaiotako baina seme-alabak teknologiekin hezten ari diren gurasoei. Garairik zailena bizitzen ari dira, trantsizio-fase hori, non guraso eta seme-alaben arteko jauzi digitala neurgaitza den. Eta non, ziur aski, instituzioen eta telekomunikazio operadoreen aldetik jaso beharko luketen laguntza jasotzen ez duten. Bakarrik utzi dituzte.
Urtetik urtera jaisten doa smartphone bat gaztetxo baten eskuetara iristen den adina. Gaur egun 12 urterekin smartphone bat izatea arrunta bilakatu da. Eta adin bertsuan irekitzen dute kontu bat sare sozialetan. Hego Euskal Herrian Tuenti-n; Ipar Euskal Herrian, Facebook-en, ziur aski. Bi kasuetan, adin tarte minimo bat dago (14 Tuentiren kasuan, 13 Facebooken) kontu bat irekitzeko eta gaztetxoak gutxieneko adina ez duen kasuetan, berez, gurasoen baimena biltzen duen dokumentu bat bidali behar izaten da. Aldiz, inork gutxik egiten du hori. Ziur aski, gurasoek ez dakitelako horrela egin behar denik. Soluzioa? Gaztetxoak 18, 25 edo 43 urte dituela adieraziko du kontua irekitzerakoan. Eta, horrekin, Tuenti edo Facebook bezalako enpresek adin minimoa betetzen ez duten gaztetxoen gainean egin dezaketen zainketa berezia egiteko aukera guztiak desagertzen dira.


Baina zaintza hori ezin da Tuenti eta Facebooken eskuetan utzi, noski. Gurasoak dira, edozein kasutan, kontu bat irekitzeko baimena emateaz harago, kontu hori noiz, non, nondik eta zertarako erabili beharko luketen adierazi beharko lieketenak. Are, arau horiek guztiak gaztetxoekin adostea da, berez, konfiantzazko klima bat sortu eta erabiltzaile arduratsu bat bilakatzeko formularik eraginkorrena. Adostu beharko da, besteak beste: ordenagailutik sartu ahal izango den soilik (ahal dela etxeko egongelan jarrita, ez logelan) edo smartphone-tik ere erabili ahal izango duen; eta asteko zein egunetan erabili ahal izango duen, zenbat denboraz eta zehazki noiz (baita zehazki noiz ez ere). Ausartzen naiz esatera, nondik eta noiz galderei erantzuna ematen dietela gurasoek. Baina zertarako erabili sare sozialak? Eta smartphonea? Eta Whatsapp-a? Eta zertarako ez? Horretaz hitz egiten al zaie gaztetxoei? 4-5 urtetan gaztetxoekin lanketatan ibiltzeak, nagusiki horretaz ez zaiela hitz egiten erakutsi dit. Eta hori da, berez, gurasoa teknologien gaietan ere seme-alaben erreferentzia bilakatzeko modu bakarra.


Nire ustez, idealena, sare sozial eta smartphonearekin gaztetxoak ematen dituen lehen urratsak gurasoen eskutik helduta ematea da. Hau da, Tuentiko kontu bat irekitzeko unean gurasoak aurrean egotea da desiragarriena. Horrela, inork gutxik irakurtzen dituen «pribatutasun politikek» eta «erabilpen baldintzek», gainetik bada ere, zer esan nahi duten transmititu behar lukete. Zer gertatzen den norberaren argazki bat igotzean, nola kopia bat egiten den Tuenti edo Facebook bezalako enpresetako zerbitzarietan, eta nola nekez kontrola dezakegun argazki hori noiz arte egongo den han. Eta, hortaz, zer gertatzen den besteen argazkiak igotzean, batez ere besteen baimenik ez dugunean, kopiatu baitugu jada argazki hori han, gurea ez denean.


Irakatsi behar zaie Tuenti eta Facebook bezalako sare sozialetan «lagun» deitzen diren horiek guztiak, berez ez direla «lagunak», kontaktuak baizik, (e-mailean bezala). Eta ulertzekoa dela «lagun» kantitatea zenbaki garrantzitsu bat izatea (euren artean konparatzeko erabiltzen dute), baina zenbaki hori handitzeko nahi hutsak ezin dituela ezezagunak «laguntzat» onartzera eraman. Eta igotzen duten guztia lagun diren eta ez diren «lagun» horiek guztiek ikusi ahal izango dutela. Beti ere pribatutasuna ondo konfiguratua badago (zorionez, Tuentik lan hori aurrez egiten du, irekitzen den kontu berri baten pribatutasuna ahalik eta zorrotzena baita. Facebooken, alderantziz: irekitzen den unean, kontu hori ahalik eta publikoena da eta erabiltzailearen esku dago hori aldatzea). Eta argazkiak etiketatzearekin argazki hori are gehiago zabaltzea lortzen dela soilik, pribatutasunaren muga gainditzeko balio baitute funtsean, eta horregatik argazkiak ez direla etiketatzeagatik etiketatu behar.


Ulertarazi behar zaie ere, inork ez duela bere burua gaizki ikusten duen argazkirik igotzen. Eta sare sozialetan denek kudeatzen dutela 'ni' digital bat. Denek kontatzen dutela euren alderik kontagarriena, eta, hortaz, ezin direla sare sozialen baitan besteekin konparatu, besteek ere euren alderik onena erakusten dutelako. Eta sare sozialetan aktiboena den hori eta gehien kontatzen duen hori ez dela jatorrena edo sozialena, bere bizitza ikusgarriena egiten duena baizik. Hau da, jatortasuna ez dela sare sozialetan neurtzen, kalean eta lagun artean baizik. Eta berdin Whatsappeko taldeekin, talde askotan sartuta dagoenak ez baititu beste edonork baino lagun gehiago (baina smartphoneak zarata gehiago aterako dio, hori ziur).


Eta ulertarazi behar zaie ere smartphonerik onena izateak ez dituela pertsona hobeak bilakatzen eta besteek ez diotela smartphonearen kalitatearen araberako laguntasunik eskaini behar, ulergarria den arren egun aitortza-soziala neurtzeko elementu bat gehiago izan daitekeela smartphonea bera ere. Baina smartphonerik onena izatea baino gehiago balio duela smartphonea ondo erabiltzeak. Eta ez duela sare sozialen edo Whatsapparen menpeko sentitu behar eta unean-unean egiten ari denari eman behar diola balioa. Lagunekin dagoenean lagunekin egotea dela baloratu behar duena, eta mezuek itxaron dezaketela. Eta etxean afaltzen ari denean ere, une horretan bere ondoan daudenekin eman dezakeen unea dela baloratu behar duena, gero mezuak irakurtzeko aukera izango duelako. «Bizitza errealaren gaineko interesa ezin duela galdu», EHUko katedradun batek zioen bezala.


Hori eta gehiago esan daiteke. Eta kontziente naiz, arestian esan bezala, egun trantsizio-fase hori bizitzen ari diren gurasoentzat oso zaila dela horretara iristea. Baina ez dago beste aukerarik. Gurasoak erreferentzia bilakatu behar du gai honetan ere, ezjakintasunak ez baitu erreferentzia izaten, ez saiatzeko aukera irekitzen. Alderantziz. Seme-alaben janari-intolerantzia berri baten aurrean adituak bilakatzeko sekulako ahalegina egingo genuke, guk ikasitako hori seme-alabari pixkanaka transmititzeko. Teknologiekin, berdin.

Bilatu