Asier Fernández de Truchuelo Ortiz de Larrea

Gernika geure baitan!

"El bombardeo de Guernica" bataiatu bazuten ere, "La batalla del Ebro", "Brunete"… "La masacre de Badajoz" izendatu zezaketen; zenbatu ezinak baitira 1936-39.eko gudan gertatutako izugarrikeriak.Gaur egungo Euskal Herriko gizartearen egoera erabat aldatu den arren, zenbaitek herri zenari eusteko prest gaude eta herri bezala bizirik jarraitzeko grina ez dugu galdu. Aurrenekoa esanda "Guernica" Madrilen geratu dadila, geuk berriz berezko ditugun ikurrei, nortasunari, hizkuntzari, ohiturei, historiari atxikirik jarraituko diegu.

Picassoren "El bombardeo de Guernica", 2017ko azaroaren 29an, Gernikara ekar zezaten Espainiako Parlamentuan EH Bilduk aurkeztutako legez kanpoko eskakizuna bozkatu zen, era bereko lehenengo eskakizuna ez da izan eta ziurrenik azkena ez da izango.

Ezustekorik ez zen egon, beste aldietan bezala bozketaren emaitza ezetz biribil baten bukatu zen. Espainiako nazionalista alderdiek (PP, C's, PSOE, PODEMOS) bat eginik eta inongo arazorik gabe erabaki bera hartu zuten. Catalunyako aferan bezala honetan ere argi eta garbi geratu zen espainiar ezker eta eskuin indarrek «behar denean» bide bera hartzeko prest daudela. Era berean noizko euskaldunon batasuna?

Margolana dagoen lekuan dagoelarik, Gernikan, Madrilen (Museo Reina Sofía), New Yorken (MoMA) edota Parisen, diru iturri garrantzitsua dela ezin ukatu. Etekin ekonomikoei begiratuta, zeinek bere etxeko atondoan ez luke zintzilikatuko?

Sentimenduak ere aipatu ziren: Gernikako herriak pairatutako bonbardaketa euskaldun guztion baitan dago, geure DNAn. Askotan ematen du Gernikan hasi eta "Guernican" bukatu zirela gure gaitza guztiak, hala ere gaurdaino dirauen mila urteko etnozidioaren istorioan beste zorigaiztoko gertaera bat besterik ez zen izan.

"El Guernica de Picasso" orain dela laurogei urte Prantziako iriburuan, Espainia gerra zibil garratz batean murgilduta zegoelarik, artista espainol baten eskutik eta Espainiako errepublikar Gobernuak aginduta eta ordainduta, margotua izan zen. Errepublikaren auzia gainbehera zetorren, bai guda zelaian baita Nazioen arteko babesaren aldetik, jasan ezinezko egoera horretan eta bere aldeko nolabaiteko laguntza lortzeko nahiean propaganda egiteko erabili zuten.

"El bombardeo de Guernica" bataiatu bazuten ere, "La batalla del Ebro", "Brunete"… "La masacre de Badajoz" izendatu zezaketen; zenbatu ezinak baitira 1936-39.eko gudan gertatutako izugarrikeriak.

Gerraostean, berrogei urteko diktadura larria, Bigarren Errepublika mitifikatzera eraman zuen. Western filma baten antzera, onen eta txarren arteko bereizketa inozo bat eginez; zuriz edo beltzez margotutako kontakizuna, bitarteko grisen eskalarik gabeko istorioa.

Zenbaitek gudan hasitako natura kontrako harremanak erbesteraldian indartu zituzten, ustekabeko bidelagunak eginez (Erbesteko Espainiar Errepublikako Gobernuetan aritutako alderdi ezberdinak, 1939-77: PSOE, IR, CNT, UR, PCE, PSUC, ANV, ERC, PNV, UGT, ACR). Gaurdaino dirauen anaitasuna edota laguntasuna.

Askotan entzun dugu Espainia bitan banandu zela, anaiek anaien kontra borrokatu zutela. Gatazka honen benetako galtzaileak euskaldunok izan ginen. Alde baten nahiz bestean borrokatu arren, altxatuekin nahiz legezko Gobernuaren alde, denak galtzaile irten ziren. Alde baten edo bestera irten arren, Gora Euskadi edota Gora Euskal Herria oihukatu arren, denek Espainiaren alde borroka egin zuten.

Garai hartako euskaldunen gogoetak eta egoera soziopolitikoa gaurko euskal gizartearekin antza gutxi dauka. Esatera ausartuko naiz, alde baten edo bestean borrokatu zuten euskaldun xumeek eredu politiko baten alde baino gehiago bizi bide baten alde borrokatu egin zutela, nortasun baten alde, askotan beharturik, beraiena ez zen gerra batera bultzaturik.

Gaur egungo Euskal Herriko gizartearen egoera erabat aldatu den arren, zenbaitek herri zenari eusteko prest gaude eta herri bezala bizirik jarraitzeko grina ez dugu galdu. Aurrenekoa esanda "Guernica" Madrilen geratu dadila, geuk berriz berezko ditugun ikurrei, nortasunari, hizkuntzari, ohiturei, historiari atxikirik jarraituko diegu.

Bide batez Gernikan eta Euskal herria osoan mila urtez atzerritar inperialismoa eraildako guztien oroimenean trikuharri bat, iruinarri bat, harrespil bat edota hilarri bat eraikitzea proposatuko nuke. Gernika gerraren basakeria edota koadro bat baino gehiago da, arbola santuaren herria, batzar nagusien herria, foruen (lege zaharren) gordelekua da. "Guernica"-k ez gaitu ordezkatzen, akaso gerra guztien basakeria salatzen du, baina ez ahaztu zeintzuk eraman gintuzten suntsituko gintuen gerratera, zeinen gerra zen... euskaldunena ez behintzat!

Bilatu